Inflazioa

Espainiako Gobernuak ez du igoko elikagai batzuen BEZa

Nadia Calviñok ez du argitu zer gertatuko den garraiolarien gasolio deskontuarekin.

Frutak eta barazkiek ez dute BEZik ordaintzen urte hasieraz geroztik. JAVIER LIZON / EFE
Iker Aranburu.
2023ko ekainaren 26a
11:26
Entzun

Ekainaren 30ean iraungiko da inflazioari aurre egiteko Espainiako Gobernuak urte hasieran indarrean jarritako neurri sorta bat, eta gobernuak zer egingo duen erabaki behar du.

Neurri horietako baten inguruan zer erabaki duten iragarri du gaur goizean Nadia Calviño Ekonomia ministroak: aurrerantzean ere ez dute BEZik izango ohikoan %4ko zerga duten oinarri-oinarrizko produktu batzuek: ogia, irina, esnea, arrautzak, barazkiak, fruta, patatak, lekaleak, zerealak... %10eko BEZa izan beharrean, %5ekoa izango dute olioak eta pastak.

Hego Euskal Herrian, elikagaien prezioen igoerak goia jo zuten otsailean eta martxoan, %15,8 garestitu baitzen aurreko urtearekin alderatuta. Baina beheranzko joera hasi zen apirilean (%12,8), eta sendotu egin da maiatzean (%11,9). Ostegunean jakinaraziko du INEk Espainiari dagokion datu aurreratua, eta horren arabera jokatuko dutela esan du Calviñok, baina elikagaien BEZarekin zalantza handirik ez du utzi: «Ikusten ari garenez, indarrean ditugunak [neurriak] luzatzea komeni dela esaten digu prezioen bilakaerak—.

BEZaren murrizketa arrainei eta haragiari zabaltzeko eskera asko jaso ditu Espainiako Gobernuak, baina hori egiteko asmo gutxi duela erakutsi du Calviñok, arraina merkatzen ari dela nabarmendu baitu.

Erregaien deskontua

Ministroak, ordea, ez du argitu zer gertatuko den profesionalen gasolioarekin. Urtea hasi denetik, garraiolariek, arrantzaleek eta nekazariek baizik ez dute deskontua erregaietan: hogei zentimokoa izan zen urtarrilaren 1etik martxoaren 31 arte, eta hamarrekoa orduz geroztik. 2022ko apiriletik abenduaren 31 arte, herritar guztiek izan zuten, baina, gasolina eta gasolioa asko merkatu zirela argudiatuta, haiena kendu egin zuen Madrilek.

CETM Espainiako garraiolarien patronalak eskatu du deskontua luzatzeko eta, are gehiago, hogei zentimora igotzeko. Justifikatu duenez, gasolioa 2022 hasieran baino garestiago dago oraindik, azken asteetan gora egin du berriro, eta haien aurreikuspenek diote goranzko joerari eutsiko diola. Hego Euskal Herrian, 1,432 euroan jo zuen behea gasolioak maiatzaren erdialdean, baina pixka bat garestitu da orduz gero, eta batez beste 1,464 euroan salerosi zen aurreko astean.

Inflazioa oro har apaldu egin denez, haren eragina gutxitzeko neurriak bertan behera uzteko eskatu die Europako Batzordeak EBko estatu kideei, eta soilik behar handia dutenei laguntzeko. Ildo horretan mintzatu da Calviño, esan baitu neurriek «gero eta kirurgikoagoak» izan beharko dutela.

Ez direnak aldatuko

2022ko abenduko dekretuak sei hilabeteko iraupena eman zien neurri batzuei, baina urtebetekoa beste batzuei. Horrela, abenduaren 31 arte merkeagoa da garraio publikoan ibiltzea. Doan da Renfeko aldirikoetan eta distantzia ertainekoan —hilabeteko bonuak izanez gero—, eta %30 eta %50 arteko deskontuak daude autobusetan.

Alokairuen prezioa gehienez %2 igotzeko agindua ere indarrean dago 2023 osoan, baina ez, ordea, etxegabetzeko debekua.

Energiari dagokionez, bonu soziala duten herritarrek deskontu handiagoak izango dituzte urtea amaitu arte —%25etik %65era handitu du Madrilek—, eta argindarraren eta gasaren gaineko zergek ere apalduta segituko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.