Albistea entzun

Europako Batasuna

Energia merkatzeko laguntzak kentzeko eskatu du Bruselak

Europako Batzordeak nahi du estatu kideek aldi berean zorra murrizteari ekitea eta inbertsioei eustea.

Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko lehendakariordea eta Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioa, gaur, Bruselan.
Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko lehendakariordea eta Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioa, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSLET / efe Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko maiatzak 24 15:47

Pandemia amaituta, hari aurre egiteko egindako ezohiko gastuak eta ahaleginak alde batera uzteko garaia dela uste du Europako Batzordeak. Datorren urtera arte ez da indarrean jarriko Europako Batasuneko Egonkortasun Itun berritua, baina gerrikoa estutzen hasteko garaia iritsi dela ziurtatu du Bruselak. «Ezkontza zaila» dela onartu du Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioak: «baina horixe behar dugu», erantsi du.

Argi du gerrikoa non estutu behar den: energia garestiari aurre egiteko herritarrei eta enpresei laguntzeko neurriak bertan behera geratzen hasteko eskatu die EBko gobernuei, argudiatuta Ukrainaren inbasioaren aurreko mailara itzuli dela energia. Hori bai, ontzat jo du behar handiak dituzten sektore jakin batzuk laguntzea.

Euskal Herriari dagokionez, desagertu ziren erregaia erosteko Espainiako eta Frantziako gobernuek emandako laguntzak. Hego Euskal Herrian, garraiolariek, nekazariek eta arrantzaleek eusten diote deskontu publikoari: 20 zentimokoa izan zen urtarriletik martxora, eta hamar zentimokoa orduz gero. Ipar Euskal Herrian ere urtearekin batera amaitu zen laguntza, baina lanera joateko ibilgailu partikularra erabiltzen dutenek ehun euroko laguntza eskatu ahal izan dute.

Argindarra merkatzeko neurriak

Indarrean jarraitzen dute, berriz, argindarraren faktura arindu duten neurriek. Espainiako Gobernuak 2021eko udan jaitsi zuen argindarraren BEZa, %21etik %10era, gasa garestitzearen ondorioz asko garestitu zenean. Iazko ekainean, berriz, %5era apaldu zuen. Horrekin batera, etenda dago konpainia elektrikoek ordaintzen duten argindar sorkuntzaren %7ko zerga, eta %5,11tik %0,5era igaro da kontsumitzaileek pagatu behar duten zerga berezia. Azken neurri hori gutxienez abenduaren 31 arte luzatu du Madrilek. Bonu sozialaren deskontua %25etik %65era igaro da.

Ipar Euskal Herrian, berriz, argindarraren kostua gehienez %4 emendatzea baimendu zuen iaz Frantziako Gobernuak, eta gehienez %15 aurten.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Amazonek azpikontratatutako langileak protestan. ©ELA

Amazonen azpikontrata batek 61 langile kaleratu ditu Gipuzkoan

Iñaut Matauko Rada

Akordiorik gabe amaitu da enplegu erregulazio espedientea. ELAk erakunde publikoen permisibitatea salatu du.

Eguzki plakak Zumarragako etxe baten teilatuan ©Andoni Canellada (Foku)

Autokontsumo energetikoa sustatzeko legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

Jokin Sagarzazu

Eraikinetan eguzki plakak jartzeko eta auto elektrikoak kargatzeko instalazioetarako ez da obra lizentziarik beharko.

Michelinek Lasarte-Orian duen lantegiko sarrera ©Jon Urbe (Foku)

Lasarte-Oriako Michelinen lau greba egun egingo dituzte

Jokin Sagarzazu

Soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzeko eskatu dute sindikatuek. Astelehenean manifestazioa egingo dute hiriko kaleetan. Gasteizko plantan ere deitu dute grebara, hurrengo astean.

 

Soldatzaile bat lanean, Murueta ontziolan, Erandion. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Ontziolek eskaera zorroa betea dute: hamalau itsasontzi dituzte egiteko

Aitor Biain

Nazioartean urte kaskarra izan arren, Euskal Herriko ontzigintza salmentak handitu zituen iaz. Langile eskasia da sektorearen arazoa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...