Italiako hiru hiritan ibiliko dira CAFen autobus elektrikoak eta trenak: Cagliarin, Napolin eta Palermon. Guztira 150 milioi baino gehiagoko kostua duten hiru kontratu sinatu ditu. Sardiniako hiriburu Cagliarirako 98 autobus elektriko egingo ditu, Napolirako sei metro unitate, eta Palermorako bederatzi tranbia.
CAFen filial batek egingo ditu Cagliagirako autobus elektrikoak, Solarisek. Aurretik ere egin ditu kontratuak hango operadorearekin. Aurki, hemezortzi autobus elektriko entregatuko ditu euskal multinazionalak. Italia da, hain justu, Solarisen merkatu nagusietako bat. Gaur egun, marka horretako 1.600 ibilgailu baino gehiago dabiltza hango errepideetan, eta haietako ia heren bat zero isurpeneko autobusak dira.
Horrez gain, CAFek akordioa sinatu du Napoli eskualdeko eta metropoli eremuko garraio publikoaren zerbitzuaz arduratzen den sozietatearekin. Sei metro unitate egingo ditu, parkeko piezen hornikuntzaz arduratuko da, eta ibilgailuen mantentze lanak egingo ditu hiru urtez. Aurretik beste lau unitate egin ditu operadore berarentzat.
Palermon, berriz, tranbiako hiru linea eraikiko du CAFek, Italiako Sis Scpa ingeniaritza enpresarekin batera, eta bederatzi unitate fabrikatuko ditu. Aurrera begira, beste 35 egiteko aukera jasotzen du kontratuak. Proiektuaren guztizko bolumena 400 milioi eurokoa da.
Azken asteetan beste bi kontraturen berri eman du CAFek. 190 milioi euroko bat Espainiako Renferekin eta 90 milioiko beste bat Londresko Metroarekin. Beasainen (Gipuzkoa) egoitza duen konpainiaren helburua da salmentak %60 handitzea datozen hiru urtean.