Albistea entzun

Enpresak

CAFek %60 handitu nahi ditu salmentak hiru urtean

Akziodunen batzarrean, taldeko buruek adierazi dute espero dutela trenen negozioan «merkatu aurreikuspenen gainetik» aritzea. Amnesty Internationalek eta beste eragile batzuek protesta egin dute taldeak Israelen dituen egitasmoen aurka.

Akziodunen batzarrera joandako pertsona bat, ezkerrean, kanpoan protestan zuedenekin hizketan
Akziodunen batzarrera joandako pertsona bat, ezkerrean, kanpoan protestan zuedenekin hizketan Maialen Andres (Foku) Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2023ko ekainak 10 15:14

Iazkoa «urte historikoa» izan zen CAFentzat, salmentek 3.000 milioi euroen langa igaro baitzuten lehen aldiz. 2026. urtera begira, erronka handi bat jarri dio bere buruari: «4.800 milioi euroren bueltako salmentak lortzea»; hau da, salmentak %60 igotzea, eta errentagarritasuna edo irabaziak ere handitzea, iazko jaitsieraren ondoren. Helburu horretara iristeko giharra duela uste du, inoizko eskaera zorrorik handiena baitu gaur egun, eta hori handitzeko hainbat proiektu ere baditu esku artean.

Euskal multinazionalaren negozio alorrik handiena trenena da, eta aurrerantzean ere hala izango dela azpimarratu du Javier Martinez Ojinaga kontseilari ordezkariak, larunbat honetan Beasaingo (Gipuzkoa) egoitzan eginiko akziodunen batzar nagusian. «Taldeak merkatuaren bilakaera aurreikuspenaren gainetik hazteko helburua du, trenen segmentuan batik bat». CAFen negozio bolumenaren %58 trenak dira, %14 autobusak, eta gainerakoa zerbitzuak, osagaiak eta seinaleztapenak.

Trenei dagokienez, Europa da haren merkatu nagusia —salmenten %50—, eta iaz 5.000 milioi baino gehiagoren lan kontratuak lortu zituen, «maximo historikoa». Kontratu handiak egin zituen Herbehereetan, Frantzian, Alemanian eta Espainian. Baina hortik kanpora ere handitu nahi du euskal multinazionalak. Hitzaldian, Martinez Ojinagak ez du hazkunde planaren eta esku artean dituen egitasmoen xehetasunen berri eman, baina azken egunotako albisteek erakusten dute luze gabe Israel izan daitekeela CAFen negozio guneetako bat.

Hango gobernuak aste honetan itxi du Haifa eta Nazaret hiriak lotuko dituen tranbia eraikitzeko eskaintzak aurkezteko epea, eta hori egin duten lau enpresa taldeen artean dago CAF —Saphir ingeniaritzarekin, hau da, Israelen duen ohiko bazkidearekin batera—. Lanak 1.200 milioi euroko balioa du. 41 kilometroko tren sare bat da, 20 geltoki izango ditu, eta 30 tren ibiliko dira hartan. Obrarekin eta trenekin batera, linearen operatibotasuna eta mantentze lanak ere irabazlearen esku geratuko dira 25 urtez. Beste lehiakideak Kataluniako Compsa, Frantziako Alstom eta Suitzako Stadler dira.

Herrialde horretan beste lehiaketa bat ebazteko zain dago CAF. Iaz, Jerusalemgo tranbiaren linea urdina eraikitzeko eskaintza egin zuen. Garraio Ministerioak oraindik ez du hautaketarik egin aurkeztu diren lau hautagaien artean, baina espero da aurki jakinaraziko duela erabakia. Gaur egun lurralde horretan dauden azpiegitura proiektuetan handienetako bat da obra hori. 4.200 milioi euroko balioa du, eta Jerusalem hegoaldeko Gila auzotik hiriaren iparraldeko Ramot kokalekuraino doa.

CAFek beste proiektu batzuk ditu martxan Israelen. 2019an, Jerusalemgo tranbiaren linea berdea eraikitzeko eta hornitzeko lehiaketa irabazi zuen –hasiak dira lanekin–, eta Tel Aviveko tren arinaren proiektuan ere parte hartu du: guztira 1.000 milioi euroko balioa dute lanek, eta horien erdiak euskal taldearentzat dira, eta beste erdiak, berriz, Saphirrentzat.

Jerusalem eta protestak

CAFek Israelen eta zehazki lurralde okupatuetan duen presentziak kritika ugari piztu ditu zenbait erakunderen artean. Adibidez, aste honetan Amnesty Internationalek beste behin eskatu dio Jerusalemgo linea berdearen proiektua bertan behera uzteko, trenaren ibilbidearen zati batek Israelek 1980an palestinarrei okupatutako eremuak hartzen dituelako. AIren arabera, NBEk «legez kanpokotzat» jo du obra hori, eta azpimarratu du «ondorio penalak» izan ditzakeela CAFentzat.

Larunbat honetako batzarrean, Andres Arizkorreta konpainiako presidenteak polemikari heldu dio. Esan du talde independente batek Jerusalemgo linea berdeari buruzko txosten bat egin duela enpresarentzat, eta ondorioztatu duela kontratuak «nazioarteko estandarrak» betetzen dituela eta azpiegiturak herrialdean «inpaktu sozial positiboa» izango duela. Gaineratu du «dagokien agintariei» helaraziko diela laster txostena.

Batzarrean AIko kide batek ere hartu du hitza, Gerardo Riosek, eta Arizkorretari leporatu dio txostenaren xehetasunen berri ez ematea. Gogoratu du CAFek giza eskubideak errespetatzeko konpromisoa azaltzen duela beti bere txosten eta politiketan, baina adierazpen horiek «paper errea» direla.

Bestalde, Jerusalemgo egitasmoaren aurkako euskal plataformako kideek manifestazioa egin dute Beasainen —ostiralean, mahai inguru bat egin zuten gai horri buruz—, eta CAFeko langile batzordea ere oso kritiko agertu da egitasmoa dela eta.

Proiektuaren kontrako eragileek ez ezik, Geroako Kaltetuak plataformako kideek ere egin dute elkarretaratzea CAFen egoitzaren aurrean. Gogoratu dute enpresa hori Geroa BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundearen bultzatzaile nagusietako bat izan zela, eta oraindik ere badela.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia. ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

Langileek greba egiteko arrazoi asko dituztela salatu dute ELAk eta LABek

Iraia Vieira / Imanol Magro Eizmendi

EAJko agintariek Alderdi Egunean esanikoei erantzun diete sindikatu subiranistek, eta gizarteari bizkarra ematea leporatu.

Trafikoa Donostiako erdigunean. ©Jon Urbe / Foku

Euro 7 urardotu bat onartu dute EBko gobernuek

Iker Aranburu

Proposamenak ez ditu behartuko autogileak beren ibilgailuen motorren CO2 eta NOx isuriak gutxitzera, baina pneumatikoek eta galgek isuritako partikulak gutxitu beharko dituzte. Europako Parlamentuarekin negoziatu beharko dute orain.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburua, artxiboko irudi batean. ©David Aguilar / Efe

Jaurlaritzak hamarren bat igo du hazkunde iragarpena, %1,7raino

Iker Aranburu

Aurten 13.000 lanpostu sortzea espero du, eta beste 16.000 datorren urtean.

Whatsapp mezuak, lan harremanen erdigunean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.