Frantziako Tourra

Meeusek ezustekoa eman du Eliseo Zelaietan, Vingegaarden festan

Borako txirrindulariak World Tourrean lortu duen lehen garaipena da. Ikusgarria izan da gaur amaitu den Frantziako Tourra.

Jonas Vingegaard Parisen, gaur, bere bigarren Frantziako Tourra ospatzen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko uztailaren 23a
19:26
Entzun

Amaitu da askoren ustez aspaldiko Frantziako Tourrik ikusgarriena izan dena. Behar bezala amaitu ere: ezusteko batekin. Aurten lau etapa irabazi dituen Jasper Philipsen (Alpecin) zen gaur nagusitzeko faboritoa, baina ezustekoa eman du Jordi Meeusek (Bora). Txirrindulari flandriarrak World Tourrean lortu duen lehen garaipena da, non eta Eliseo Zelaietan, esprinterren tenpluan.

Philipsen bigarren izan da, Groenewegen (Jayco) hirugarren, eta Pedersen (Trek) laugarren. Laurak ia batera helmugaratu ditu, etahelmugako argazkiaerabili behar izan dute irabazlea argitzeko.

Gaurko etapak, ordea, Jonas Vingegaarden (Jumbo) garaipena ospatzeko balio izan du, nagusiki. Denetik izan du aurtengo edizioak: maila ikusgarriko bi oilarren arteko lehia, ihesaldi bidez lortutako garaipen ugari, ezustekoak, milaka zale... Berezia izan da Euskal Herritik abiatu zen Tourra.

Vingegaard ala Pogacar (UAE). Pogacar ala Vingegaard. Hori zen zalantza lasterketari ekin aurretik, eta ez zen argitu hirugarren astera arte. Pogacar indartsuago zegoela zirudienean, Vingegaardek erlojupekoa baliatu zuen aldea kentzeko, eta Col de la Lozen gora errematatu zuen esloveniarrak. Azkenean, zazpi minutu eta erdiko tartea atera dio, baina azken etapara arte borrokan jarraitu dute biek. Pogacar gaur ere ibili da ihes eginda. Adam Yatesek (UAE) osatu du podiuma.

Palmaresean, beraz, Pogacar berdindu du danimarkarrak. Bina dituzte: 2020ekoa eta 2021ekoa Pogacarrek, eta 2022koa eta 2023koa Vingegaardek. Azken bietan, esloveniarra bigarren izan da, eta jada hitzeman du datorren urtean indartsuago itzuliko dela. Karisma handiko txirrindularia da, eta galtzen badakiela erakutsi du. Vingegaardek, berriz, iragarri du Espainiako Vueltan izango dela aurten. Han ere nagusitzeko gai izango al da?

Gainontzeko sailkapenen garaileak ere igo dira gaur podiumera. Erregulartasunaren elastiko berdea Philipsenek irabazi du, aise; mendikoa Giulio Cicconerentzat (Trek) izan da; gazte onenarena, Pogacarrentzat; taldekakoa, Jumbo-Vismarentzat; eta txirrindulari saiatuenarena, Victor Campenaertsentzat (Lotto).

Euskal tourra

Euskal txirrindularientzat ere gogoangarria izan da aurtengoa. Bi etapa irabazi dituzte: Pello Bilbaok (Bahrain) hamargarren etapan, eta Ion Izagirrek (Cofidis) hamabigarrenean. Sailkapen nagusian ere hiru ziklista sartu dira lehen hogeien artean: Bilbaok seigarren amaitu du, Jonathan Castroviejok (Ineos) hamabosgarren, eta Mikel Landak (Bahrain) hemeretzigarren. Jarraitzaleen oroimenean geratuko da Bilbaok zale bati emandako kaskarrekoa ere.

Zazpi euskaldun abiatu ziren Bilbotik —aipatutakoez gain, Alex Aranburu (Movistar), Gorka Izagirre (Movistar) eta Omar Fraile (Ineos)—, eta guztiak heldu dira Parisera. Lehen hiru etapek erakutsi zuten euskal zaleak maila gorenekoak direla, eta hurrengo hiru asteek berretsi dute txirrindulariak ere hala direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.