Finantzak

EBZk %4,25eraino igo ditu tasak, eta ez du argitu irailean zer egingo duen

Inflazioa jaisten ari denez, aurrerantzean «datuen araberako erabakiak» hartuko ditu banku zentralak. Inoizko maila gorenean daude interes tasak, eta hala jarraituko dute inflazioa «hautsi arte»

EBZren egoitza nagusia, Frankfurten, gaur. ROLAND WITTEK / EFE
Iker Aranburu.
2023ko uztailaren 27a
14:32
Entzun

Jokoa aldatu du Europako Banku Zentralak. Azken bileretan, hurrengoetan zer egingo zuen nahiko garbi utzi ohi zuen banku zentralak, inflazioaren aurkako borrokan diruaren prezioa gehiago garestitzeko beste biderik ez zuela nabarmenduta. Baina apaltzen ari da inflazioa, eta interes tasak goia joko duten eguna gerturatu ahala, EBZk eskuak libre utzi nahi izan ditu.

Aurrerantzean, «datuen araberako erabakiak» hartuko ditu, baina bi aukera baizik ez daude: beste puntu laurden bat igotzea edo igoeretan eten bat egitea. Interesak jaisteko aukera «ezezko borobil batekin» baztertu du Christine Lagarde EBZko presidenteak, eta gaineratu du irailaren 14an aldaketarik ez egiteak ez duela esan nahi urriaren 26ko bileran egingo ez duela.

Gaurkoan, berriz, ekainean aurreratutakoa berretsi du EBZk: puntu laurden igo ditu bere interes tasa guztiak. Horrenbestez, bankuek EBZri maileguak eskatzearen truke %4,25eko interesa ordaindu beharko dute. Banku zentralak, berriz, %3,75eko interesa ordainduko die sobran duten likidezia bere kutxetan gordetzen duten bankuei. Tasa berri horiek inoizko handienak dira, eta abuztuaren 2an jarriko dira indarrean.

Duela urtebete hasi zen EBZ interes tasak jasotzen, eta horrela eten zuen sei urte iraun zuen zero tasako ezohiko garaia. Orduz gero, beste zortzi aldiz bildu da EBZko kontseilua, eta guztietatik atera da diruaren prezioaren emendatze batekin, bortitzagoa hasieran, eta motelagoa azkenekoetan.
Euriborra, %4,2rako bidean

Interes tasa ofizialen igoerak isla zuzena izan du herritarrek eta enpresek bankuei ordaintzen dizkieten maileguetan. Indize ezaguna, hamabi hilabeterako Euriborra, %0,992ra iritsi zen iazko uztailean, eta %4,2 inguruan bukatuko du aurtengo uztaila. Atzo %4,14 markatu zuen, baina banku zentralaren erabakiaren ondoren, baliteke gaur koska bat gorago ixtea.

Igoera bortitz horrek sekulako igoerak eragin ditu herritarrek eta enpresek beren maileguen truke ordaintzen dituzten maileguetan. 150.000 euroko hipoteka bat itzultzeko daukatenek, esaterako, hilean 250 euro gehiago ordaindu behar dituzte orain.

Funtzionatzen ari da

Maileguak garestituta, EBZren asmoa da jarduera ekonomikoa moteltzea eta horrek inflazioa jaistea. Pilula garratz hori funtzionatzen ari da, eurogunea atzeraldi tekniko apal batean sartu baitzen 2022ko azken hiruhilekoan. Hori bai, herrialde batetik bestera alde handiak daude, eta badira hazkunde tasa nahiko txukun bati eusten dioten eremuak; horien artean dago Euskal Herria.

Gaurko bileraren osteko agerraldian, Lagardek onartu du diruaren prezioaren garestitzea eragin handia izaten ari dela finantzetan, baina txikiagoa herritarren maileguetan. Neurri batean hori da enplegua handitzen ari delako.

Edonola ere, torlojua gehiago estutzeko erabakia «aho batez» hartu dute EBZko kontseiluko kideek, bai belatzek baita usoek ere, batzuek zein besteek uste baitute gehiago egin behar dela inflazioa EBZk egokitzat jotzen duen mailara jaisteko, hau da, %2ra. «Inflazioaren bizkarra hausteko asmoz gabiltza», nabarmendu du Lagardek.

Inflazioak urrian jo zuen goia, %10,6an, baina orduz geroztik jaitsi egin da, batez ere energiak iaz izan zuen gorakada izugarriaren eragina amaitu delako eta gas hornidura bermatzeak haren eta argindarraren prezioa apaldu duelako. Ekainean %5,5era jaitsi zen inflazioa, eta astelehenean jakinaraziko du Eurostatek uztaileko datu aurreratua. Datu garrantzitsua izango da hori, Lagardek argi utzi duelako uztaileko eta abuztuko inflazioaren bilakaerari erreparatuko diola gehien hurrengo mugimenduak erabakitzeko.

Datu orokorra ez ezik, azpiko inflazioa ere kontuan hartuko du banku zentralak, hau da, energiaren eta elikagai freskoen eragina kontuan hartzen ez duenari. Horrekin kezkatuagoa dago EBZ, prezioen igoera jarduera ekonomikoaren atal guztietan sustraitu dela erakusten duelako.
Lagardek oroitarazi duenez, energiaren atalean negatiboa da inflazioa, produkzioan ere asko apaldu da, baina zerbitzuetan prezioak oraindik indarrez hazten ari dira.

AEBetan ere, bileraz bilera

EBZk ez ezik, AEBetako Erreserba Federalak ere jaso ditu interes tasak. Asteazkenean egin zuen, eta %5,25 eta %5,5 arteko maila batean utzi zituen, azken 22 urteotako handienean. Lagarderen moduan, Jay Powell Fedeko buruak ez zuen aurreratu nahi izan iraileko bileran zer egingo duten. «Datuek justifikatzen badute, posible da interes tasak igotzea. Baina esango dut posible dela bere hartan uztea ere. Tentuz aztertuko dugu egoera, bileraz bilera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.