EAJ

Ortuzarrek «autokritika» agindu du hauteskundeetako emaitzen ondoren

EAJko presidenteak «aldaketak» iragarri ditu «diskurtsoetan eta politika publikoen kudeaketan». Alderdiak datorren urtean egingo du Batzar Nagusia.

Ortuzar hizketan, Sabino Aranaren estatua atzean duela, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon olano
2023ko uztailaren 29a
16:08
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan 2019an baino 103.000 boto gutxiago lortu ondoren, Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariak agindu du «apaltasun osoz, egin behar den autokritika guztia» egingo dutela «akatsak zuzentzeko eta kudeatzeko eta gizartearekin erlazionatzeko moduetan berritzeko». Horrek beharrezko egingo du «diskurtsoetan eta politika publikoen kudeaketan» aldaketak egitea, Ortuzarren hitzetan.

EAJk alderdiaren 128. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin du Bilboko Albia lorategietan, eta lore eskaintza egin du Sabino Arana alderdiaren sortzailearen estatuaren aurrean. Ortuzarrek gogorarazi du alderdiak garai «konplexuak» bizi izan dituela aurretik ere: «Guztietatik onik eta indartuta atera gara. Eta oraingoan ere hala gertatuko da. Inork ez dezala zalantzan jarri EAJk hemen jarraitzen duela, zutik eta indartsu, herri hau bere askatasunera eramango duen liderra izaten jarraitzeko».

Bestalde, Ortuzarrek egutegiari erreparatu dio: esan du «urtebete baino lehen» izango direla Eusko Legebiltzarrerako eta Europako Parlamenturako hauteskundeak, eta ondoren egingo dutela alderdiaren bederatzigarren Batzar Nagusia. Eta Ortuzarren hitzetatik ondorioztatu liteke aldaketak egon litezkeela batzar horretan: «Alderdiak lau urterik behin egin ohi duen prozesu berritzailea egin dezagun eta alderdiaren organo nagusiak lideratuko dituztenak aukeratzeko». Azaldu du batzar horretan «momentu garrantzitsuak» biziko direla: «Biziko ditu gure Herriak eta biziko ditu gure Alderdiak».

EAJk 2016an egin zuen zazpigarren Batzar Nagusia, eta, beraz, 2020an zegokion zortzigarrena egitea. Pandemia tarteko, ordea, batzar hura 2021eko azaroan egin zuen. Ortuzar bera, ordea, 2020ko abenduan berretsi zuten EBBko lehendakari karguan, eta lau urteko agintaldia beteta iritsiko da Batzar Nagusira. Guztira, hamar urte daramatza karguan, 2013ko urtarriletik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.