Isilik daude azken asteetan Errusiaren aurkako zigorrek hango ekonomiari kalte egiten ez ziotela zioten ahotsak, zeinak ozenak baitziren duela hilabete gutxi batzuk arte. Haien argudio nagusietako bat zen errubloa ez zela iragarri bezala amildu, baizik eta indartu egin zela. Hala gertatu zen iaz, baina, 2023an, Errusiako diruaren joera beheranzkoa da, eta amiltze horren atzetik Mendebaldearen zigorrek Errusiako ekonomian eragindako aldaketak daude.
Urtea hasi zenetik, bere balioaren %25 galdu du Errusiako diruak, eta aste honetan dolar batek ehun errubloren muga gainditu du. Edo, bestela esanda, errublo batek dolarren zentimo bakar bat balio zuen; eurotan, ezta hori ere. Diruaren ahultzea gerarazi nahian, premiazko bilera batean, Errusiako Bankuak 3,5 puntu igo ditu gaur interes tasak, %12raino, eta iragarri zuen beharrezkoa bada hurrengo bileran gehiago emendatuko dituela.
Hasieran, funtzionatu egin zuen neurriak, atzo aurreko egunotan galdutakoaren zati bat berreskuratu baitzuen errubloak: dolar bat 97 errubloan salerosi da arratsaldean.
Zertarako igo dituzte interes tasak?
Inflazioa apaltzeko tresna bat da, prezioen igoera hori baita errubloaren ahultzearen arrazoietako bat. %4ko helburua du Errusiako Bankuak, baina datu hori gainditu zuen uztailean —%3,25etik %4,3ra igaro zen—, eta askoz handiagoa da oinarrizko produktu batzuetan. Horrela, azken asteetan haragia %30 garestitu da, eta antzeko igoerak daude inportatutako produktu batzuetan.
Beste leku batzuetan ez bezala, inflazioa barruko faktoreengatik handitu da Errusian. Faktore nagusia Ukrainako gerra da, eta hari erantzuteko Mendebaldeak Errusiari jarritako zigorrak.
Baina Errusiak ez zien ongi erantzun zigorrei?
Neurri batean, bai. Saihestu egin du aditu askok Mendebaldearen zigorren ondoren iragarri zioten hondoratzea, baina gutxika antzematen ari da neurri horiek eragiten dioten kaltea. Hau da, ekonomiaren pneumatikoa ez da lehertu, baina zulo bat dauka. Iaz, %2,1 txikitu zen haren barne produktu gordina, eta negatiboan izan da oraintsu arte.
Mendebaldeak debekatu egin zuen bere produktu gehienak Errusiara esportatzea, inportazioak mugatu zituen, eta bertako enpresa gehienek Errusia utzi zuten. Energiarekin lotutako produktuak zigorretatik kanpo utzi zituen, baina urratsez urrats gutxitu ditu petrolio eta gas inportazioak.
Erregai fosilentzat beste bezero batzuk aurkitu ditu Moskuk, Indian eta Txinan batik bat, baina haiei merkeago saldu behar dizkie: iaz baino %50 gutxiago jasotzen ari da petrolioa salduta, azken asteetan suspertze bat dagoen arren.
Horrek txikitu egin ditu Errusiako estatuaren diru sarrerak, noiz eta Vladimir Putinen gobernuak gastu publikoa asko handitu duen honetan, gerra ahalegina finantzatzeko eta herritarren aldeko neurri sozialak ordaintzeko —gerran hildakoen senideei emandako laguntzak, besteak beste—. Defizitaren bidez finantzatutako neurri horiekin, jarduera ekonomikoa sustatu du gobernuak, baina ondorio txar batzuk ere izan ditu: inportazioak %20 handitu dira aurten —Txinatik, Turkiatik eta Asia Erditik doaz orain— eta gerra aurreko mailara itzuli dira; inflazioak gora egin du, eta haren ondotik ahuldu da errubloa.
Zer bilakaera izan du errubloak?
Zigorrak iragarri ondoren bai egin zuen behera, eta bizkor, gainera. Egun gutxiren buruan, dolar batek 80 errublo balio izateari utzi, eta 130 balio zuen. Baina Errusiako Bankuak irmo erantzun zuen; besteak beste, dibisetan zeuden banku transferentziak mugatuz. Gainera, ekonomia sustatzeko, interes tasak %20tik %7,5era apaldu zituen. Horrekin, lortu zuen hasierako izua lasaitzea, eta ekainerako dolar batek soilik 55 errublo balio zituen. Garai horretan, goia jo zuten petrolioaren eta gasaren prezioek, eta Europa hornidurarik gabe geratzeko arriskua bili-bolo zebilen.
Baina negua iritsi zen, Europa hotzez hilko zen iragarpena ez zen bete, eta indarrean jarri zen Mendebaldeak Errusiako petrolioari jarritako gehienezko prezioa. Ondorioz, gehiago merkatu ziren gasa eta petrolioa, Errusiaren diru sarrerak apaldu ziren, defizit publikoa handitu zen, eta horrekin batera ahultzen ari zen errubloa. Uztaileko bileran, jada puntu bat igo zituen interes tasak —%7,5etik %8,5era—, baina ez da nahikoa izan, errubloaren ahultzea ez baita geratu.
Funtzionatuko al du?
Hala espero du Elvira Nabiullina Errusiako Bankuko presidenteak, eta azaldu du errublo ahulak ez duela finantza krisi bat sortuko, 1990eko hamarkadaren hasieran Errusia astindu zuenaren antzekoa. Gobernua ere ez da kexu. Astelehenean, Putinen aholkulari ekonomiko batek, Maksim Orexkinek, oso bigun jokatzea egotzi zion Nabiullinari,eta errublo indartsu bat eskatu zuen.
Baina badira banku zentralak urrunago jo beharko duela uste dutenak ere; berriro kapitalaren gaineko kontrolak indarrean jarri beharko direla aipatu dute. Izan ere, errubloaren ahultzea ekartzen ari da dirua duenak kapital hori atzerrira eramatea eta balio galtzearen sorgin gurpila elikatzea.
Baztertuta dago banku zentralak bere dibisa erreserbak saltzea errubloa bultzatzeko, Mendebaldeak bahituta baitauzka erreserba horien erdiak —300.000 milioi dolar—.