GUATEMALA

Bernardo Arevalo aurrerakoiak irabazi ditu Guatemalako bozak

Semilla Mugimendua alderdiko hautagaiak botoen %58 lortu ditu hauteskundeen bigarren itzulian; Torresek, bozen %37,2. Arevalok ozen helarazi die herritarrei ustelkeriaren aurkako mezua.

Guatemalako presidentegai Bernardo Arevalo eta presidenteordegai Karin Herrera, hauteskundeetan lortutako garaipena ospatzen, atzo, Guatemalako Hirian. ESTEBAN BIBA / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko abuztuaren 21a
12:34
Entzun

Presidente kontserbadoreak eta eskuindarrak izan ditu Guatemalak 1986an demokrazia ezarri zenetik. Bada, Latinoamerikako herrialde horrek eskuinetik ezkerrerantz biratuko du, Semilla Mugimenduaren alderdiko hautagai Bernardo Arevalo nagusitu baitzitzaion atzo UNE Itxaropenaren Nazio Batasuna alderdiko buru Sandra Torres kontserbadoreari, presidentetzarako bozen bigarren itzulian. Arevalok botoen %58 lortu zituen; Torresek, bozen %37,2 —botoen %95 izan ziren baliodunak—. Horrenbestez, UNEko hautagaiak ez du lortu hirugarren saiakeran ere presidente izatea.

Ikusi gehiago: Guatemalan aldaketarako aukera dute

«Apaltasun handiz onartzen dugu Guatemalako herriak eman digun garaipena. Hautetsontziek argi hitz egin dute [...] eta herriak argi esan du: ‘Nahikoa da ustelkeriaz’, esan zuen Arevalok, presidente hautetsi gisa egin zituen lehen adierazpenetan, hiriburuan, hauteskunde promesa nagusia gogoratuta: «Guatemalan dagoen ustelkeriaren aurka borrokatzea». Soziologo aurrerakoiak eskerrak eman zizkien bere aldeko botoa eman zuten guatemalarrei: «Hautatu duten aukera edozein dela ere, parte hartzea demokrazia babesteko ekintza bat da, eta une historiko honetan ausardiazko jarduera bat izan da hori», erantsi zuen.

Bestalde, presidenteorde izateko hautagaiak, Karin Herrera irakasle eta zientzialariak, esan zuen lana «gogor» egingo dutela guatemalar guztientzako gobernu bat izan dadin, «Guatemalako familia guztiak zaintzeko». Arevalok ere hitzeman zuen hori, Torres lehiakideari aipamena eginez: «Hark eginiko lana aitortzen dut. Politikan ikuspegi desberdinak ditugu, baina berari eta bere hautesleei bermatzen diegu herritar gisa dituzten eskubideak sustatu eta babestuko ditugula».

Arevalok erdietsitako garaipenak, hain zuzen, ekainaren 25eko lehen itzulian emandako ezustekoa sendotu egin du. Semilla Mugimenduko hautagaia bigarren postuan —Torresen atzetik— geratu zen ustekabean, hauteskundeetako inkesta bakar batean ere agertzen ez bazen ere. 2015ean ustelkeriaren aurkako protesten harira eratu zen mugimendua, eta sistemaren aurkako alderdi horren sorrerak ilusioa piztu zien Guatemalako boto emaile gehienei, herrialdeak azken urteetan izan duen autoritarismoaren gorakada geldiarazteko itxaropenez.

UNEren egoitza, mutu

Txanponaren beste aldean, UNEko hautagaiak egoitza nagusian hitzaldi bat emateko asmoa zuen, baina emaitzak jakin berritan bertan behera utzi zuen. Mutu zegoen UNEren egoitza nagusia. Hautetsontziak itxi aurretik egin zuen Torresek azken agerraldia, jendaurrean. «Botoa defendatuko dugu; lehen itzulitik gertatu den guztiak kezkatzen gaitu eta», esan zuen prentsaurrekoan, eta prozesu judizialarekiko dituen zalantzak azpimarratu zituen, bai eta Guatemalako fiskaltzak Semilla mugimenduarekin lotutako ustezko irregulartasunak ikertu behar dituela ere; Torresek, ordea, ez du afera horren inguruko froga bakar bat ere plazaratu.

Lehen itzuliko bozak egin ostean, eskuineko alderdiek Semilla Mugimenduaren aurkako kanpaina egin zuten, hauteskundeetan iruzurra egitea egotzita, eta fiskaltzak eskatu zuen Semilla Mugimendua legez kanpo uzteko, epaile baten eskariari erantzunez. Hauteskunde batzordeari 24 ordu eman zizkion ebazpena betetzeko, eta batzordeak berak baieztatu zuen Arevalo eta Torres bozen bigarren itzulian lehiatuko zirela. Hautagai aurrerakoiak atzoko bozak irabazi dituen arren, alderdia legez kanpo uzteko saiakerek jarraipena izan lezakete.

Ikusi gehiago: Guatemalako bozen bigarren itzulian lehiatu ahal izango da Arevalo

9,3 milioi guatemalar zeuden bozkatzera deituta, eta horietatik lau milioi herritar inguruk eman zuten botoa (%45ek). Arevalok 2,4 milioi boz lortu zituen; Torresek, 1,5 milioi. Atzo, 20:00etan —Euskal Herrian 04:00ak zirela—, Hauteskunde Auzitegi Goreneko magistratu Gabriel Aguilerak dei egin zien alderdiei «heldutasun politikoz» onar zitzaten hauteskundeen emaitzak. «Merezi du demokraziaren alde borrokatzea eta etorkizuneko prozesu demokratikoei begira babestea», erantsi zuen Aguilerak, eta, gainera, nabarmendu zuen Guatemalak atzo erakutsi zuela «sendotzen ari den herrialde demokratiko bat» dela.

Trantsizio «ordenatua»

Guatemalako jarduneko presidente Alejando Giammatteik zoriondu egin zuen Arevalo bozetan nagusitzeagatik, baita herritarrak ere, X sare sozialean, eta agindutako gobernu trantsizio «ordenatua» abiatzeko gonbita egin zion irabazleari, hauteskundeetako emaitzak ofizial egin bezain pronto. Guatemalatik kanpo ere erreakzio soka eragin zuen hautagai ezkertiarraren garaipenak; besteak beste, Mexikoko presidente Manuel Lopez Obradorrek, El Salvadorko estatuburu Nayib Bukelek, Brasilgo Luiz Inacio da Silva Lula-k eta Venezuelako Gobernuak zoriondu zuten Arevalo.

Montevideon jaiotako soziologoak agenda politiko aurrerakoia du, sozialdemokrata, eta LGTB kolektiboaren aldeko eta ustelkeriaren aurkako borroka bultzatzen saiatuko da. Zehazki, hautagai ezkertiarrak sexu askatasuna eta naturaren defentsa landu ditu hauteskunde kanpainan, baita desnutrizioaren aurkako neurriak eta osasun sistemaren hobekuntza ere. «Narkotrafikoaren kontrako borroka» ere hizpide izan du, herrialdeko alkate eta politikari asko «kartelen menpe» daudela salatuz.

Guztiek, ordea, ez dituzte begi onez ikusi Semillak eginiko proposamenak; hain zuzen, estatuko indar armatuko sektore garrantzitsu batek, ebanjelistek, burgesia nazionalaren zati handi batek eta lur jabeek asmo horiei uko egin nahi diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.