Osakidetzako garbitzaileei greba eskubidea ukatu zietela ebatzi du Donostiako lan arloko epaitegiak

Epaileak ebatzi du Osakidetzak azpikontratatutako enpresak oporrak hartzera eta greba deialdia uztera behartu zituela garbitzaileak.

Joan de ekainean Osakidetzako garbitzaileek ELAk deituta egindako manifestazioa. GORKA RUBIO / FOKU
Aitor Garmendia Etxeberria.
2023ko abuztuaren 24a
14:38
Entzun 00:00:0000:00:00

Donostiako lan arloko laugarren epaitegiak ebatzi du Optima enpresak greba eskubidea ukatu ziela Osakidetzako garbitzaileei. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, garbitzaileak oporrak hartzera behartu zituzten grebak indarrean zirauen bitartean. Sindikatuak esan du langileek urteko egutegia zutela, oporraldiak uztailean eta abuztuan ezarriak zituztela, eta garbitzaileek enpresari adierazi ziotela ez zutela oporrik egiteko asmorik. Izan ere, uztailaren hasieran greban zeuden oraindik. Osakidetzak azpikontratatutako enpresak, ostera, oporrak hartzera behartu zituela esan du ELAk.

Sindikatuak adierazi duenez, erresistentzia kutxaren «beharrezkotasunaren beste seinale bat» izan da. Garbitzaileek ez baitzuten oporrik hartu, eta greban jarraitu zuten «erresistentzia kutxari esker». Epaiaren ostean, langileek opor egun horiek hartu ahal izango dituzte, eta ELAk 10.000 euroko kalte ordaina jasoko du.

Lan baldintzak hobetzeko hasi zuten garbitzaileek greba, joan den otsailean. Azkenean, 50 bileraren eta hilabeteetako lanuztearen ostean, hitzarmena berritzeko aurreakordioa sinatu zuten uztailaren 12an. LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek sinatu zuten aurreakordioa; ELAk, ordea, ez. Gainerako sindikatuei «murrizketak» onartu izana egotzi zien, eta jakinarazi zuten langileen baldintzak «okertu» egingo zirela. Hala ere, adierazi zuen akordioa, «nahikoa ez bada ere», langileek egindako grebari esker lortu zutela. Oraingoan ere, epaia ontzat jo ostean, grebaren garrantzia azpimarratu dute: «Greba eskubidea kasu guztietan defendatu behar den eskubide bat da».

Correoseko garbitzaileak, greban Nafarroan

Greba mugagabea hasiko dute Nafarroako Correoseko garbitzaileek datorren astelehenean, hilaren 28an. Soldatak berandu ordaintzen dizkietela salatzeko egin dute greba deialdia. UGT sindikatuak jakinarazi duenez, Correosek azpikontratatutako J. Cordoba garbiketa enpresak oraindik ez ditu ordaindu ez uztaileko soldata ezta udako aparteko ordainsaria ere. Sindikatuaren hitzetan, garbitzaileek maiatzetik berandu jaso dituzte soldatak, eta, uztailean, elkarretaratzeak egiten hasi ziren Iruñeko Correosen egoitza nagusiaren aurrean. Orain, «ikusita arazoak hor jarraitzen duela eta ez enpresak eta ez Correosek ez dutela ezer egin», UGTk jakinarazi du langileek grebara joko dutela.

Greba hasiko duten egunean bertan, asteleheneko 11:00etan, manifestazioa egingo dute Iruñeko Sarasate pasealekuko bulegoaren aurrean. Sindikatuak zabalduriko oharraren arabera, garbitzaileek eskatzen diote Correosi eteteko J. Cordoba enpresarekin duen kontratua. Gainera, posta zerbitzua egin dute egoeraren erantzule: «Kostuak murriztu nahi izateagatik eta langileen soldatak bere gain hartzen ez dituen lehiaketa bat egiteagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.