Urte politiko berria

Azken txanpan eta etxeko lanak egiteke

Hezkuntza Legea eta Memoria historikoaren Legea onartzeko ditu Eusko Legebiltzarrak, eta legegintzaldia azken txanpan sartu da. Urtebete baino gutxiago falta da Eusko Legebiltzarrerako bozetarako, eta hilabete gutxi daude etxeko lan horiek egiteko.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura bat, ekainean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
xabier martin
2023ko abuztuaren 29a
14:47
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzaren legealdia azken txanpan sartu da. Iñigo Urkullu lehendakariaren eskuetan dago bozetarako deialdia egitea, baina, beranduenez, 2024ko uztailean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak; hau da, hamar hilabete inguru barru. Pandemiaren aroak erabat baldintzatu du Gasteizko gobernuaren eta legebiltzarraren jarduera politikoa, eta, ohartzerako, hauteskunde aroan sartu dira buru-belarri alderdiak. Lehenik udal eta foru hauteskundeak iritsi ziren, maiatzaren 28an, eta Espainiako Gorteetarako deialdia ondoren, uztailaren 23an.

Kontua da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrentzat garrantzitsuak diren zenbait lege onartzeke daudela oraindik, tartean Hezkuntza Legea, Memoria historiko eta demokratikoaren Legea eta Klima aldaketaren Legea. Epeak estutzen hasi dira —urtarrilean ez dago jarduerarik Gasteizko ganberan—, eta hilabete gutxian jarduera politiko bizia egon beharko da Legebiltzarrean lege horiek guztiak onartuko badituzte.

Ikusi gehiago:Adostasun zabalik ezean, EH Bildu prest dago Hezkuntza Legea EAJrekin bakarrik onartzeko

Gainera, bada Jaurlaritza kezkatzen duen beste aldagai bat egutegiari lotua: Espainiako Gobernuaren osaketa. Pedro Sanchez buru izango lukeen gobernu bat osatuko balitz, Urkulluk izkin egingo lioke arazo gehigarri bati: Espainiako Gorteetarako hauteskundeak berriz egiteari. Lehendakariarentzat ez bailitzateke ez errazena ez egokiena Espainiako Gorteetarako beste deialdi baten ondotik txertatzea legebiltzarrerako bozen 2024ko deialdia; tramitean dauden ekimen legegileak burura eramatea are zailagoa litzateke. Europako Parlamenturako hauteskundeak, berriz, ekainaren 6tik 9rako tartean egingo dira, eta ekainaren 9a hautagai sendoa da, hedabide batzuek kaleratu dutenez, bi hauteskunde deialdiak bateratzeko: Europakoak eta Eusko Legebiltzarrekoak.

Horiek horrela, legebiltzarrerako bozen gertutasunak erabaki garrantzitsuak hartzera bultzatuko ditu alderdiak datozen hilabeteetan, hasteko lehendakarigaiak izendatzeko. Alderdi barruan hartuko diren deliberazio oinarrizko horiek ere itzal luzea izan daitezke legebiltzarrean onartu gabe dauden lege horiei begira. Izan ere, datorren urteko hauteskunde kanpainaren kontakizunak egituratzeko oztopo edo akuilu bihurtuko dira lege horiei begira erabakitakoak, eduki garrantzitsuak arautuko baitituzte, Hezkuntza Legetik hasita.

Hauteskundeen itzalean

Alderdiak tentu handiz aztertzen ari dira egungo aro politikoa, aldaketa sakonak gertatu baitira azken bi hauteskunde deialdietan. EH Bilduk hazkunde handia izan du, eta EAJk milaka boto galdu ditu deialdi horietan. Ziklo politiko berri bati buruz hitz egiten hasi den honetan, jeltzaleek eta koalizio subiranistak nagusitasuna dute jokoan 2024ko bi deialdietan. Ziurgabetasun handiko jokaleku horretan, zuhur jokatu beharko dute alderdiek babesten dituzten eta ez dituzten legeei dagokienez. Handik gutxira boto emaileen epaia iritsiko baita.

Batera edo bestera, hamalau lege eta arau daude agendan onartzeke, baina Hezkuntza Legea da hilabete batzuk barru amaituko den legealdiari neurria emango diona, hein handi batean. Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz baikor azaldu da ertz sakon eta ugariko legearen onarpenari buruz galdetu diotenean, betiere indarrean den legealdiaren barruan kokaturik. Hezkuntza Legearen tramiteak aurreko legealdian abiatu zituzten. Atzerapen eta luzapen ugari izan ditu bidean: 2022an aurkeztu behar zuen gobernuak lege proiektua, eta 2023ko apirilean aurkeztu zuen, maiatzaren 28ko bozen atarian.

Izan ere, Jaurlaritzaren alde jeltzaleak arazo garrantzitsuak ditu bere bazkide PSE-EErekin, eduki hori dela eta. Besteak beste, aurrerantzean euskarak hezkuntzan izango duen presentziak kezkatzen du PSE, hizkuntza ereduak alegia. EH Bildu eta EAJ prest azaldu dira, ordea, lege hori aurrera ateratzeko, gizartearentzako eta euskararen geroarentzako funtsezkotzat jotzen baitute. Dena den, ikusteko dago alderdiek gutxieneko adostasuna lortzerik izango ote duten legeak jasotzen dituen eduki horietan, eta Gasteizko ganbera desegin aurretik gehiengo bat osatuko ote den legea onartu dadin.

Alderdiek lege proiektuaren inguruan esandakoak aintzat hartuz, aurreikus daiteke osoko zuzenketa batzuk egongo direla legea onartzeko prozesuan, eta tramitazioa are gehiago luza dezake egoera horrek. Horregatik, ezin da baztertu Hezkuntza Legea 2024ko bigarren erdian abiatzekoa den legegintzaldira atzeratzea, Bildarratzen baikortasuna baikortasun.

Memoria demokratikoa

Zain dagoen beste lege garrantzitsu bat Memoria demokratikoaren Legea da. Haren aurreproiektua aspaldian idatzi dute, eta Gobernu Kontseiluak onartu du jada. EH Bilduk ekarpen handia egin dio lege proiektu horri, eta gobernua osatzen duten bi alderdiekin, EAJrekin eta PSE-EErekin, legea babestuko duela adostuta dauka ekainaz geroztik. Arau horren bidez, giza eskubideen urraketak ikertuko dituzte zientzialariek: 1936tik 1978rako tarte historikoan, 36ko gerran eta frankismo garaian gertatutakoak. Litekeena da hilabete gutxian onartzea, Elkarrekin Podemos ere prest azaldu baita horretarako.

Tramitean dauden arauen artean, bada beste lege bat ere azpimarra merezi duena: Klima aldaketaren Legea. Trantsizio ekologikoa arautzeko lege proiektuak maiatzean jaso zuen gobernuaren oniritzia. 2050. urterako neutraltasun klimatikoa lortzea du helburu nagusi, baina oposizioko taldeek ez dute oraindik gizarteratu modu argian lege horren inguruan zein jarrera izango duten. EH Bilduk helarazi du jatorrizko idatzia «labur» geratzen dela, eta uste du «aurrerapauso handiagoa» eman behar duela Gasteizko ganberak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.