Txalo artean sartu da Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohi eta politikari independentista erbesteratua Bruselako Thon hoteleko aretoan. Espainiako Gorteetarako iragan uztaileko bozen ondoren, Puigdemontek azken hilabeteetan galdu duen protagonismoa eta garrantzia berreskuratu du; batez ere, haren iritziz, «Espainia dilema baten aurrean» dagoelako, «oraindik ere konpondu» ez dena: blokeoa edo ituna. Eta jokaleku horretarako prest dago JxC Junts per Catalunyaren buruzagia; hori argi utzi nahi izan du gaurko agerraldian. Bere jarrera jakinarazi du, eta, batez ere, Pedro Sanchezen inbestidurari buruzko negoziazioak hasteko «aurrebaldintzak»: Kataluniako independentismoaren «zilegitasun demokratikoa aitortzea», independentisten kontrako «bide judiziala amaitzea», amnistia lege bat onartzea eta hitzarturikoa betetzen dela gainbegiratzeko eta bitartekaritza lanerako mekanismo bat finkatzea.
Generalitateko presidente ohia argi mintzatu zaio Sanchezi bere alderdiak duen eraginaz Espainiako gobernabidean. «Edo hauteskundek berriro egiten dira, edo [PSOE] zilegitasuna duen eta alde bakarreko bideari uko egiten ez dion alderdi batekin ados jartzen da». Puigdemontek esan du bi aukera horietarako prest daudela, baina, halere, azaldu du orain negoziazioak lehenetsiko dituela. Eta, horretarako, «argi identifikatu behar» dira zeintzuk diren «gatazkaren elementuak». Horietako batzuk zerrendatu ditu: «Katalunia nazio bat» dela, akordioak ez direla bete, eta «155. artikulua aplikatzea», kasurako.
Lau aurrebaldintzaz mintzatu da JxCren burua, baina baita horiekin lotura duen beste afera batez ere. Puigdemontek uste baitu amnistia, esaterako, ez dela bidearen amaiera, Sanchezen inbestidura negoziatzeko exijentzia bat baizik, eta, batez ere, bide horren hasiera bera. Eta nora joan beharko luke bide horrek? Generalitateko presidente ohiaren ustetan, «autodeterminazio erreferendum batera», ez dagoelakoan «errezeta autonomikorik» Kataluniaren arazoak konpontzeko.
Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteorde eta Sumar alderdiaren buruzagi Yolanda Diazekin batzartu eta hurrengo egunean egin du agerraldia Puigdemontek; atzoko hitzordu horretan, bi politikariek adostu zuten «gatazka politikoa desblokeatu ahal izateko irtenbide demokratiko guztiak aztertzea». Baina oraindik ere ez dute hasi, ofizialki behintzat, Sanchezen inbestidurari buruzko negoziaziorik; Generalitateko presidente ohiak gaur azaldu duenez, bi aldeen artean badelako «mesfidantza».
Edonola ere, hitz egiteko prest dago Puigdemont, baina zehaztu du ez dutela negoziatuko Espainiako legealdia «salbatzeko»: «Urte hauetan guztietan ez diogu jarrerari eutsi horretarako». Eta beste ohartarazpen bat: PSOErekin akordiorik izanez gero, horrek «historikoa» izan beharko du.
Adierazpen horiekin azaldu du bere jarrera JxCren buruzagiak, eta azaldu du aurrebaldintzak bete arte ez dela Sanchezen inbestiduraren inguruko negoziaziorik egongo, gaur egun ez dagoelako akordio baterako aukerarik, Kataluniako independentistei «jazarri» zaizkiela eta independentistak «kriminalizatu» dituztela argudiatu baitu.
Moncloaren erreakzioa, behintzat, ez da erabat positiboa izan JxCrentzat. Isabel Rodriguez gobernuko jarduneko bozeramaile eta jarduneko Lurralde Politika ministroak esan du bi jarrerak «antipodetan» daudela, eta Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoa baliatu du PSOEren «esparrua» zein den oroitarazteko: «Tresna bat dugu, elkarrizketa; esparru bat dugu, konstituzioa; eta helburu bat dugu, elkarbizitza. Gaur inork ezin du ukatu Kataluniako egoera duela bost urte baino hobea dela. Eztabaidaezina da».
PPrentzat, «onartezinak eta ezinezkoak»
Puigdemonten eta Diazen atzoko bilkura horri buruz gaur ere aritu da PP Alderdi Popularraren hautagai Alberto Nuñez Feijoo —hilaren 26an eta 27an egingo dute haren inbestidura saioa Espainiako Kongresuan, baina badirudi huts egingo duela—, asteotako tonua mantenduta, eta esan du Sanchez «anomalia demokratiko baten konplize» izango dela ez badu jarduneko presidenteordea kargugabetzen. Voxeko Santiago Abascalekin batzartu ostean, gainera, adierazi du Generalitateko presidente ohiaren aurrebaldintzak «onartezinak eta ezinezkoak» direla. Hain onartezinak, non JxCrekin elkartzea eta eztabaidatzea «erabat alferrikakoa» dela uste baitu; ordu gutxira iragarri du ez dagoela «bi aldeak biltzeko beharrik».
Eta PSOEn bertan ere, Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohia ere gogor mintzatu da, Onda Cero irratian, amnistiaren eta autodeterminazio eskubidearen kontra, horiek tokirik ez dutelakoan Espainiako Konstituzioan. Puigdemontek, ordea, kontrako iritzia du, uste baitu horiek ez doazela ez Espainiako Konstituzioaren eta ez Europako Batasuneko hitzarmenen kontra. «Borondate politikoaren araberakoak dira», gaurko agerraldian adierazi duenez.
Kataluniako indar independentisten artean, ordea, bestelako erreakzioak izan zituen Puigdemonten agerraldiak. Sanchezen inbestidurarako antzeko eskariak ditu ERC Esquerra Republicanak. Asteotan hainbatetan errepikatu du hori, eta gaur ere Teresa Jorda Espainiako Kongresuko diputatu eta inbestidurarako negoziatzaileak esan du amnistia «marra gorri bat» dela: «[Puigdemontek] Politika egiten hasteko eta negoziatzeko esparrua finkatu du».
Aldiz, CUPek «eszeptizismo» handiagoa du Generalitateko presidente ohiaren aurrebaldintzei dagokionez. Kataluniako Parlamentuko diputatu Carles Rierarentzat, gaurko agerraldia gatazkako «beste atal bat» da, eta zalantzak ditu emaitzak lortuko ahal dituen. «Erabateko mesfidantza dut», adierazi du Rierak.
Generalitateari dagokionez, Puigdemonten hitzak txalotu zituen Pere Aragones Kataluniako presidenteak, eta pozik agertu zen. Batez ere, JxCk eta gobernuak badutelako ezaugarri komun bat: «Kargua hartu nuenetik egin dut negoziazioaren, amnistiaren eta erreferendumaren alde. Horrekin bat baldin bagatoz eta, gainera, koordinatzen bagara, indar handiagoa izango dugu».