Eusko Jaurlaritza

Espainiako trantsizioko «espiritua» berreskuratzea proposatu du Urkulluk

Eusko Jaurlaritzako lehendakariarentzat «funtsezko eztabaidagaia» da «nazio bateko gizarte desberdinen aitortza». Aniztasun hori onartzeko «zailtasunak» daudela dio.

Iñigo Urkullu gaur, Miramar Jauregian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko irailaren 5a
16:26
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Estatuko trantsizioaren «espiritua» berreskuratzea da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak proposatutako konbentzio konstituzionalaren oinarrietako bat. Izan ere, azaldu du «espiritu» hark autonomia erkidego komunak eta erkidego historikoak bereizten dituela: «Bereizketa horrek 1978ko [Espainiako] Konstituzioaren aurreko autogobernu errealitate propioa dugun erkidego historikoak identifikatzen ditu, hau da, Euskadi, Katalunia eta Galizia».

Donostiako Miramar jauregian egin ditu adierazpen horiek, Federalismoaren eta Sistema Autonomiko Espainiarraren Erronkak udako ikastaroaren amaierako saioan. Haren erranetan, uztailaren 23ko bozek «berriz ere erdigunean jarri dituzte federalismoaren erronkak eta sistema autonomikoa». Hori «aukera» bat dela azpimarratu du. Lehendakariarentzat, federalismo plurinazionalari buruz solastatzean «funtsezko eztabaidagaia» da «nazio bateko gizarte desberdinen aitortza».

Hortaz, adierazi du jarraituko duela Espainiako estatu ereduari buruzko «hausnarketa proposamenak» egiten; betiere, «erreforma erreal» baterantz bideratuak eta trantsizioaren «espiritua» berreskuratuko dutenak. Proposatu du estatu eredu hori federazio liberaletatik urruntzen duten zenbait alderdiri buruz hausnartzea: «Botere legegileen banaketa zalantzagarria; eredu autonomikotik kanpoko estatu unitario baten parametroei jarraitzen dien botere judiziala; lurralde ordezkaritzako ganbera gisa hartu ezin daitekeen senatua; eta autonomia erkidegoak Europar Batasuneko erakundeei dagokienez eragile politikotzat ez hartzea».

Bere asmoa zein den garbi adierazi badu ere, erran du «identitate aniztasuna» onartzeko «zailtasunak» badirela, eta ez dela «ezer gertatzen onartzeagatik iritzi eta sentimendu desberdinak» daudela. «Kontua ez da ulertzea, errespetatzea baizik, eta adostutako garapen bide bat aurkitzea», borobildu du.

Bide horretan, Andoni Ortuzar EAJko lehendakariak ere garbi du zein diren Espainiarekin eginen dituzten negoziazioetan egonen diren bi gaiak: lurraldetasun eredua eta «Euskadi eta Kataluniako errealitate nazionalek [Espainiako] Estatuan izango duten lekua». Onda Vasca irratian egin ditu adierazpen horiek, eta erran du Pedro Sanchezek eta PSOEk «aukera historikoa» dutela «funtsezko aurrerapen bat» gauzatu dadin.

Erantzunak

Guztiek, baina, ez dute begi onez ikusi Urkulluren proposamena. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, adibidez, uste du konbentzio konstituzionala egin baino lehenago mahai gainean jarri behar dela «euskaldunek defendatzen dutena». Otegirentzat, egokiena «proposamen amankomun» bat da, eta bertan defenda dadila «Euskal Herria nazio bat dela, zazpi probintziaz osatuta dagoela, eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela».

Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak ere gaitzetsi du Urkulluren proposamena. Haren iritziz, Espainiako Konstituzioa Auzitegi Konstituzionalak interpretatu behar du, eta ez «politikarien behatoki» batek. «Espainia osoa Konstituzioarekin zer egin behar den pentsatzen jartzea, autonomia erkidego bateko presidente batek egunkari batean argitaratutako artikulu batean oinarrituta, gehiegizkoa iruditzen zait», adierazi du Cope irratian egindako elkarrizketa batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.