Etxebizitza merkatuaren hirugarren hanka bere kasara doa. Interes tasak bizkor igotzen ari direnez eta inflazioa handia denez, gutxitzen ari da etxebizitzen salerosketa, eta horren eskutik, baita bizitegi horiek erosi ahal izateko herritarrek kontratutako hipotekak ere. Baina behera egin beharrean, gora egiten ari dira prezioak.
Izan ere, INE Espainiako Estatistika Institutuak gaur goizean kaleratu dituen datuen arabera, etxebizitzen prezioak gorantz egiten ari dira etengabe. 2023ko bigarren hiruhileko datuak bildu ditu, eta horiek erakusten dute bizitegiak aurreko hiruhilekoan baino %1,5 garestiago zeudela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %1,1 garestiago Nafarroan.
2022ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuz gero, garestitzea are handiagoa da: %5,6 Nafarroan, eta %3 Hegoaldeko beste hiru lurraldeetan.
Nafarroan etxebizitza berriaren prezioa igo da gehien (%2,2, azken hiruhilekoan) eta gutxiago bigarren eskukoa (%0,6). Kontrakoa gertatu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: %1,6 bigarren eskukoa, eta %0,9 berria.
2007an baino merkeago
Edonola ere, eta nahiz eta etxebizitzak 2014az geroztik urtero garestitu egin diren, burbuila lehertu aurretik baino merkeago daude: %17 merkeago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %28 merkeago Nafarroan. INEk bildutako batez besteko prezioak dira horiek, eta horrek ez du esan nahi leku jakin batzuetan —hiriburuetan, kostaldeko herri batzuetan...— salneurriak 2007ko maila historikoak gainditu ez dituztenik.
INEren beraren arabera, aurtengo lehen sei hilekoan iazkoan baino %14 hipoteka gutxiago sinatu dituzte Hego Euskal Herriko herritarrek eta bankuek. Etxebizitzen salmenta, berriz, %7,9 txikitu zen tarte horretan. Ekainean %9,3koa izan da jaitsiera.