Albistea entzun

Kontu ekonomikoak

Industria uzkurtzeak hazkundea moteldu du

Eustatek hamarren bat txikitu du urteko bigarren hiruhilekoaren emaitza: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %0,4 hazi zen udaberriko hilabeteetan.

Joxean Apeztegia Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko irailak 19 09:30

Industria ekoizpenari buruzko azterketek iragarritakoa baieztatu dute Eustaten kontu ekonomikoek: bigarren sektorea atzeraldian dago, eta horrek galga egiten dio ekonomia osoari. Estatistika erakundearen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordina %0,4 hazi zen urteko bigarren hiruhilekoan, lehenengoarekin alderatuz; urte arteko tasan, berriz, %1,5 hazi da. Datu bat zein bestea uztailean aurreratutakoak baino hamarren bat txikiagoak dira.

Urte arteko tasa txikiena da 2021az geroztik, eta erakusten du hiru lurraldeetako ekonomia moteltzen ari dela, baina atzeralditik urrun dagoela oraindik.

Eusko Jaurlaritzak %1,6ko hazkundea espero du aurten, eta %2,1ekoa, berriz, hurrengo urterako. Aurreikuspen horiek beteko balira, hiru lurraldeak eurogunearen halako bi haziko lirateke. Gero eta ezkorrago, Europako Batzordeak joan den astean berritu zituen ekonomiarentzako iragarpenak: hiru hamarren jaitsi zituen 2023koak —%0,8raino—, eta neurri horretan ere 2024koa —%1,3raino—.

Familien gastua

Aurtengo lehen bi hiruhilekoetako datuak eskuan, Gasteizko gobernuaren iragarpena betegarria dirudi, batez ere kontuan hartuta udako hilabeteetan turismoak ekarpen handia egingo zuela. Baina kezka iturri da industria, hura baita ekonomiaren motorretako bat, eta argi dago kalte egin diotela inflazio handiak eta bazkide handien pattalaldiak —Alemaniarenak bereziki—. Horrela, Eustaten arabera, urteko bigarren hiruhilekoan %0,6 txikitu da industriaren ekarpena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horren zati handi bat energia sektoreari dagokio, manufakturan apalagoa izan baita gutxitzea (-%0,2).

Urte arteko tasa ere negatiboa du industriak (-%0,5), lehen aldiz 2020. urteaz geroztik.

Industriak baino pisu txikiagoa du lehen sektoreak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomian, baina hark ere atzera egin zuen apirilaren hasieratik ekainaren amaiera bitartean: -%1,3 aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta -%6,7 2022ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta.<br />Portaera hobea izan dute beste bi sektoreek: eraikuntzak eta zerbitzuek. Are gehiago, Eustatek dio jarduna bizkortu dutela: %0,4tik %1,2ra eraikuntzak, eta %0,3tik %0,4ra, berriz, zerbitzuek. Urte arteko hazkunde tasa indartsua du eraikuntzak (%4,2), eta txukuna zerbitzuek (%2,1).

Eskariari dagokionez, familien gastua suspertu egin da (%0,6tik %1,6ra). Beheraka doaz gastu publikoa (-%2,5) eta kanpo sektorearen ekarpena.
Lurralde historikoen artean ez da alde handirik. Hiruhilekoan Gipuzkoa hazi da gehien (%0,4) eta hamarren bat gutxiago Araba eta Bizkaia (%0,3). Urte arteko tasan, berriz, Arabakoa da emaitzarik onena (%1,6) eta atzetik doaz Gipuzkoa (%1,5) eta Bizkaia (%1,4).

Enplegua, gora

Hazkundea apalduz doan arren, ekonomia gai da enplegua sortzeko. Dedikazio osoko baliokide diren lanpostuetan neurtuta, 2022ko bigarren

hiruhilekoan urtebete lehenago baino 14.500 lanpostu gehiago zeuden (+%1,5). Hiruhileko arteko tasan ere hazkundea izan da enpleguan (%0,7), baita industrian ere (%0,2).

Nastatek ostiralean argitaratuko ditu Nafarroari dagozkion datuak. Uztailean aurreratu zuen BPGa %0,4 hazi zen hiruhileko arteko tasan, eta %2,1 urte artekoan.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Eusko Jaurlaritzako langile publikoak Lakuako eraikinean sartzen. ©Raul Bogajo / Foku

Langile publikoen soldatak %0,5eraino igoko dira urrian

Iker Aranburu

Urte amaieran beste emendatze bat izan dezakete, baldin eta Espainiako BPGak %2,1eko hazkundea gainditzen badu.

Bruno Le Maire Frantziako Finantza ministroa eta Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroa, eurotaldearen bilera baten hasieran, irailean, Santiagon (Galizia). ©XOAN REY / EFE

Kaxoitik atera dira guraizeak

Iker Aranburu

Frantziako eta Espainiako gobernuek kendu egingo dituzte inflazioari aurre egiteko indarrean jarritako laguntza gehienak, defizitaren aurkako borrokari berriro heltzeko

Gasolindegi bateko langile bat, erregaien prezioak aldatzen ©Sergio Orduñez( Efe)

Inflazioak gora egin du irailean, energiak garestitu izanaren ondorioz

Jokin Sagarzazu

Espainian bederatzi hamarren igo da, %3,5eraino. Hego Euskal Herriko datua hilaren erdialdean emango du INEk.

 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Hidrogenoa beti izango da argindarra baino askoz garestiagoa»

Imanol Magro Eizmendi

Cebonek argi du argindarra dela errepide bidezko garraio astuna deskarbonizatzeko bidea, eta horretarako errepideak elektrifikatu behar direla. Uste du baztertu egin behar direla uste erregai sintetikoak eta hidrogenoa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.