Albistea entzun

Erakundeak

«Udalgintza feministaren aldeko apustua» egin du Eudeleko presidente berriak

Gorka Urtaran Gasteizeko alkate ohiaren lekukoa hartu du Derioko alkate Esther Apraizek (EAJ) Eudeleko gidari gisa, Donostian egindako Batzar Nagusian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletan 1.255 emakume hautetsi daudela azpimarratu du, horietatik 84 aginte makilarekin: hautetsi guztien %47 emakumeak dira udal horietan.

Gorka Urtaran, Nagore Alkorta, Esther Apraiz eta Jose Atonio Santano, gaur, Donostian.
Gorka Urtaran, Nagore Alkorta, Esther Apraiz eta Jose Atonio Santano, gaur, Donostian. EUDEL Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2023ko irailak 19 16:17

Eudeleko euskal udalerrietako «herritarrak» udal horien «izateko arrazoia» direla esanez abiatu du Esther Apraiz lehendakari berriak bere hitzaldia, gaur, kargua hartzean. Derioko alkate jeltzaleak Donostiako Tabakaleran egindako Batzar Nagusian hartu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalak elkartzen dituen erakundeko presidentetza; Gorka Urtaran Gasteizko alkate ohiak eman dio lekukoa datozen lau urteetarako. «Udalak gara Euskadiko herrien eta hirien erronketatik hurbilen dauden erakundeak, Euskal gizartearen islarik onena. Horregatik, gure herriak aukera-udalerri bihurtzea lortu behar dugu, herritar bakoitzak bere bizi proiektua bere herrian garatu ahal izan dezan», esan du Apraizek.

Derioko alkatea aho batez hautatu dute Eudeleko elkarteburu. Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea (EH Bildu) eta Jose Antonio Santano Irungo alkatea (PSE-EE) izango dira, halaber, Eudeleko lehendakariordeak. Biek ala biek beste agintaldi bat egingo dute elkarteburuorde gisa. Apraizek esan du Eudel «udalerrien ahotsa» dela, «plurala eta partaidetzazkoa». Erantsi du «tokiko autonomia eta finantza beregaintasuna bermatzeko lana» egiten duela elkarte horrek.

Elkarteburu hautatu aurretik, jarduneko lehendakari gisa aritu da Alkorta. Azpeitiko alkateak esan du «udalen finantzaketa hobetzea eta Eudelek Euskal Herriko gainontzeko udal erakundeekin dituen harremanak sendotzea» ere izango direla elkartearen helburu nagusiak aurrerantzean. EH Bilduk bost ordezkari ditu zuzendaritza berrian, eta Alkorta bera izango da lehen lehendakariordea.«Garrantzitsua eta esanguratsua iruditzen zait zuzendaritza berri horretan ordezkaritza orekatuagoa eta zabalagoa izatea, horixe baita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek udal hauteskundeetan adierazi zuten borondatea», adierazi du Alkortak. Ezker subiranistaren aldetik bi lan ildo azaldu zituen: Batetik, udalen finantzaketa hobetzea, «tokiko erakundeek herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzuak hobeak eta eraginkorragoak izateko». Eta, bestetik, «Eudelek harremanak sendotzea gainontzeko euskal udal erakundeekin». Udalbiltzarekin, adibidez.

Apraiz elkarteburuak, berriz, aurrerantzean ere «elkarrizketa eta adostasuna zaintzea» proposatu du; «udalerri guztiek batera lan egin dezagun gure helburu amankomunen alde, eta herritarren ongizatearen eta bizi kalitatearen alde». Era berean, Derioko alkateak elkarteko beste alkateak gonbidatu ditu «Eudel marka harrotasunez» eramatera, «euskal udalgintzaren nortasuna» baita, harentzat. «Eudel denok gara», aldarrikatu du Batzar Nagusian. «Demokraziaren lehen erakundeen zutabeak» eraikitzen lagundu zuten euskal hautetsiak omentzeko mezu bat ere helarazi du Apraizek. «Tokiko politika demokraziaren sehaska da», azpimarratu du.

Erronkei dagokienez, berriz, azpimarratu du herriak eta hiriak «trantsizio hirukoitzaren agertoki» direla gaur egun, trantsizio «soziodemografikoarena, digitalarena eta ingurumenekoarena», hain zuzen. Esan du tokiko gobernuek «eraldaketaren eragile nagusiak» izan behar dutela, «beste erakundeekin batera».

Hiru lan ildo

Udalerrientzat sor daitezkeen «aukera guztiak aprobetxatzeko», Apraizek hiru lan ildo proposatu ditu bere agintaldirako: lehen-lehenik, «udalgintza feministaren» aldeko apustua egitea, besteak beste, Eudel indartuz emakume hautetsiek udal politikan duten «lidergo eta eraginerako gune gisa». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletan 1.255 emakume hautetsi daudela gogoratu du, eta horietatik 84k aginte makila dutela. Hautetsi guztien %47 emakumeak dira udal horietan.

Horrez gain, «herritarrekin konfiantzazko zubiak eraikitzea» proposatu du Derioko alkateak, Eudel «irekiagoa, eraginkorragoa eta parte hartzaileagoa» egiteko, «adostasunetik abiatuta». Hirugarrenik, lankidetza instituzionala bultzatu nahiko luke bere agintaldian Apraizek, «udalerriek ekarpen handia egin behar duten politika publikoak lortzeko eta garatzeko». Euskara, gizarte zerbitzuak, berdintasuna, enplegua eta ingurumena aipatu ditu politika publikoei buruz aritzean.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

EAk iazko azaroan egindako kongresua. ©Oskar Matxin Edesa / Foku

EAk «bukatutzat» jo ditu alderdiko estatutu aldaketaren kontrako prozesu judizialak

Iosu Alberdi

Maiorga Ramirezen eta ildo kritikoko beste lau militanteren afiliazioa eten izanaren kontra egin du Arabako Probintzia Auzitegiak.

Sortuko buru Arkaitz Rodriguez, artxiboko argazki batean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Guztiz aldebakarreko begirada» du filmak, Sorturen arabera

Xabier Martin

«Soilik ETAren indarkeria» jorratzen du Jordi Evolek, Rodriguezen ustez. Josu Elespe biktimak dio Urrutikoetxeak «auzo lotsa» ematen duela

<em>No me llame Ternera</em> dokumentaleko irudi bat. ©DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Hegemoniaren defentsan

Iosu Alberdi

Jordi Evoleren azken lanak hautsak harrotu ditu zenbait sektoretan, eta euskal gatazkaren gaineko kontakizunen inguruko eztabaida mahaigaineratu du horrek.

Usansoloren desanexioaren aldeko ospakizunak,iaz ©Marisol Ramirez / Foku

Bizkaiko Aldundiak eta Galdakaoko Udalak helegitea jarri diote Usansolo herri gisa erregistratzearen aurkako erabakiari

Edurne Begiristain

Madrilgo Auzitegi Nagusian aurkeztu dute errekurtsoa. Bizkaiko Batzar Nagusiek iaz hartutako erabakiari ezezkoa eman zion Toki Erakundeen Erregistroak, eta uko egin zion Usansolo udalerri gisa inskribatzeari.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...