Jokin Bildarratzek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, balorazioa egin du Hezkuntza Lege proiektuari eginiko zuzenketen inguruan. Besteak beste, egungo hizkuntza ereduei eustea adostu zuten EAJ eta PSE-EE taldeek. Bildarratzen ustez, ordea, horrek ez du urratzen hezkuntza hitzarmenean adostutakoa. Aitzitik, sailburuak azaldu duenez, zuzenketa horretan sartutako xedapen gehigarri baten bidez, alderdiek «bi urteko epea» eman diote Jaurlaritzari behin legea onartuta «esparru eleaniztuna» martxan jar dezan. «Jaurlaritzari dagokio orain esparru hori definitzea eta baliabideak jartzea, ikastetxeei laguntzeko eta ikasleek, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatutakoan, beharrezko hizkuntza maila lor dezaten euskaraz, gaztelaniaz nahiz atzerriko hizkuntzan». Gutxieneko maila hori B2koa da euskarari eta gaztelaniari dagokienez, eta B1ekoa, ingelesaren eta atzerriko beste hizkuntzei dagokienez.
Ikusi gehiago:EH Bilduk EAJri eta PSE-EEri eskatu die hizkuntza ereduen zuzenketa argitzeko
Bildarratzek nabarmendu duenez, ikastetxe bakoitzak egungo A, B eta D ereduetatik bere hizkuntza proiekturako bidea egingo du, «inguruko egoera sozioekonomikoa eta soziolinguistikoa kontuan hartuta», eta ikasleen irteera profilean ezarritako euskararen, gaztelaniaren eta ingelesaren ezagutza maila, hizkuntzen erabilera eta horiekiko «jarrera positiboa» lortzeko asmoz. Sailburuak gaineratu du legeak «errespetatu» eginen duela Hezkuntza Hitzarmena: «Hizkuntza ereduek indarrean jarraitzen dutela argitzeak ez du hezkuntza hitzarmena hausten».
Ikusi gehiago: Hizkuntza ereduen sistemari eustea adostu dute EAJk eta PSE-EEk
Bestalde, Hezkuntza Lege proiektuaren onurak azpimarratu ditu: «Lehenengoz, Lege Proiektu honek biltzen du integralki hezkuntza sistema osoa. Lehenengoz bilduko ditu bai ikastetxe publikoak eta bai itunpekoak, aterki edo lege baten azpian». Etorkizuneko Hezkuntza Legearen bigarren ezaugarri edo indargune moduan, «ikastetxe bakoitzaren ahalduntzea, edo autonomia indartzea» nabarmendu du sailburuak. «Ikastetxe bakoitzak erantzun behar dio bere ekosistemari, bere espazioari, bere inguruneari. Azkenean, bere inguruan dagoen bizitzari. Horrek ekarriko du hezkuntza sistemak eta ikastetxe bakoitzak kalitatea areagotzea. Hori da azkenean lege honen helburu nagusienetakoa», azaldu du.