EAE-ko HEZKUNTZA LEGEA

EH Bilduk EAJri eta PSE-EEri eskatu die hizkuntza ereduen zuzenketa argitzeko

Koalizioa abertzaleak salatu du «gidoi aldaketa bat» egon dela, hezkuntza ereduen aipua egin dutelako EAEko Hezkuntza Lege proiektuari jarritako zuzenketan, orain artean ez bezala. EAJri «PSE-EEren markoa onartzea» leporatu dio.

Pello Otxanandiano, gaur goizean, Donostiako egoitzan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2023ko urriaren 4a
14:11
Entzun 00:00:0000:00:00

«Gidoi aldaketa bat». Horixe ikusi du EH Bilduk atzo EAJk eta PSE-EEk egindako akordioan. Hain zuzen ere, atzo amaitu zen EAEko Hezkuntza Lege proiektuari zuzenketak ipintzeko epea, eta EAJk eta PSE-EEk hizkuntza ereduen sistemari eustea jaso dute horietako batean. Orain arte, hezkuntza akordioan eta lege proiektuan, ez ziren aipatzen. Hori horrela, EH Bilduko programa zuzendari Pello Otxandianok agerraldia egin du Donostian, eta argitasuna eta seriotasuna galdegin ditu, zuzenketaren bertsio bat eta bakarra ematea.

Egoera analizatuz ekin dio agerraldiari Otxandianok. «Gidoi aldaketa bat» egon dela nabarmendu du bi urte baino gehiagoko bideren ostean: «Ibilbide honetan guztian ez da egon hizkuntza ereduen inguruko aipamenik». Atzo, baina, azken-azkenean aldaketa egin zutela nabarmendu du: «PSEk marra gorria jarri du, jendaurrean; hordago bat bota du, jendaurrean; esan du hizkuntza ereduak bermatu behar direla, sartu behar direla eta babestu behar direla. Eta ez hezkuntzaren eztabaidaren arrazoiei jarraituz, baizik eta beretzat politikoki hori garrantzitsua dela argudiatuz, eta EAJk markoa onartu dio».

Alabaina, zuzenketaren bi bertsio ikusten ditu koalizio abertzaleak. Batetik, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezarena. Otxandianoren esanetan, adierazi du egun bezala eutsiko dietela A, B eta D hizkuntza ereduei.

Bestetik, Otxandianoren ustetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzen bertsioa dago. Iruditzen zaio hezkuntza ereduak «eguneratzearen alde» egiten duela zuzenketak, «beste zerbait» eraiki nahi dutela, egungo ereduen bidez ezin direlako bermatu hezkuntza akordioan jasotako hizkuntza helburuak.

Otxandianok eskaera argia egin du: EAJri eta PSE-EEri galdegin die bertsio bat eta bakarra ematea, «koherentea eta osoa». Gainera, lanean jarraitzeko prest agertu da Otxandiano, eta «eztabaida serioa» izan behar dela nabarmendu. EH Bilduren jarreraren inguruko azken erabakia batzar nazional batean hartuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.