VWeko X. lan ituna gaur izenpetzea espero zuen zuzendaritzak, baina beste astebete itxaron beharko du. Langileen batzordean gehiengoa duten bi sindikatuak, UGT eta CCOO, zuzendaritzaren proposamenarekin ados daude, baina haren onurak saldu nahi dizkiete langileei. Larunbateko 16:00etarako deitu dute batzarrera, akordioaren nondik norakoak azaltzeko.
Gainera, aurreakordiori buruzko galdeketa bat antolatuko da datorren asterako. Bihar zuzendaritzaren eta langileen arteko bilkuran erabakiko da noiz egingo den erreferendum hori.
Ikusi gehiago: VWek lan itunaren aurreakordioa lotzear du CCOOrekin eta UGTrekin
Azken bi urrats horien zain, Volkswagenek ohar bidez baieztatu du akordioa duela UGTrekin eta CCOOrekin. Jesus Galindo Industria Harremanetako zuzendariak espero du langileek horren aldeko iritzia agertzea: «Konbentzituta nago langileek positiboki ikusiko dutela, aurreakordioa ona baita haientzat. Bi aldeek esfortzua egin dute elkar ulertzeko. Enplegurako, erosahalmenerako eta etorkizunerako bermeak jasotzen ditu».
Gaur goizean bildu dira langileen batzordeko bost sindikatuetako ordezkariak, langileen batzarra noiz egin erabakitzeko: UGTk hamahiru ordezkari ditu; CCOOk, zortzi; ELAk, lau; LABek, hiru eta CGTk bi. Negoziazioetan eskutik helduta joan dira UGT eta CCOO, eta gaurkoan ere hala egin dute. Larunbaterako deitzea proposatu dute.
ELAk zein LABek proposamen horren kontra egin dute, eta batzarra txanda bakoitzeko lanorduetan egitea hobetsi dute. ELAren arabera, batzarra parte hartzailea eta irekia izan beharko litzateke, eta hori bermatzeko modua da astegun batean egitea. Alta, batzordean gehiengoa dutenez, larunbatean egitea erabaki dute CCOOk eta UGTk. Asteburuan fabrika itxita egon ohi da, eta aparteko orduak ordaindu behar izaten ditu enpresak, baina nahiago du hori, astean txanda bakoitzeko produkzioa eten baino.
LABek aurreratu du ez dutela larunbateko batzarrean parte hartuko.
Erreferendumaren dataz gain, oraindik zehazteke dago zer galdera egingo zaien langileei. Dena den, UGTk eta CCOOk nahi dute bete beharrekoa izatea; hau da, langileen emaitza errespetatu egin beharko luke batzorde guztiak, eta, alde ateraz gero, hura sinatzera behartuta leudeke gainerako sindikatuak. «Behartu nahi gaituzte hori irenstera. Nik esan diet ezetz, galdeketa ez dela loteslea izango, inoiz ez delako hala egin. Gure afiliatuek izan ezik, inork ez du LABen izenean erabakiak hartzeko ahalmena» gaitzetsi du LABeko Raul Portillok.
Kontrako bidean zer gertatuko litzatekeen galdetu du ELAk. Alegia, langileen gehiengoak aurreakordioaren kontra bozkatuz gero ea UGT eta CCOO prest ote diren beste sindikatuen proposamena defenditzeko. Alfredo Morales batzordeko presidenteak (UGT) erantzun du ez leudekeela prest, eta proposamenaren egileen eskuetan geratuko litzatekeela hori. Beste sindikatuak erreferendum loteslearen aurka agertu direnez, UGTk proposatu du modu bat bilatu behar dela langileek banaka aurreakordioari atxikimendua adierazteko. ELAk erantzun dio horrek gatazka eragingo lukeela langileen artean.
Galdeketa lotesleari buruzko eztabaidak aditzera ematen du, batetik, euren garaipena ziurtzat jotzen dutela bi sindikatu nagusiek; bestetik, nahiz eta zer galdetuko den oraindik ez den zehaztu, aurreakordioa beste sindikatuen proposamenen parean jarri nahi dute.
Lau orriko dokumentua
Aurreko lan hitzarmenaren aldean aurreakordioak enpresaren asmoak jasotzen ditu, baina eraldaketa elektrikoak lan baldintzetan izango dituen ondorioen inguruko hainbat gai lotu gabe geratuko dira. Forman ere islatzen da konpromisoen inguruko dokumentu bat dela. IX. lan hitzarmenak 115 orrialde zituen, eta orain izenpetu nahi den dokumentuak hiru baino ez ditu.
Ikusi gehiago:Aurreakordioaren edukia
X. lan hitzarmenerako proposamenak hiru urteko iraupena du, eta, urtero, soldata KPIa adina igoko zaie langileei. Gainera, 900 euroko errendimendu sari bat pagatuko zaie. Inbertsio edo produkzio helburuen inguruko enpresaren asmoak biltzen ditu agiriak. Halaber, 2024aren erdialdetik 2025aren amaierara arte enpresa utzi beharko duten 400 langileei dagokionez, errelebo kontratuaren formularen alde egiten da, baina, Madrilgo gobernuak urtarrilaren 1etik aurrera autogintzari begirako kontratu hori luzatu ezean, borondatez enpresa uzteko formularen aukera aipatzen du, absentismoarekin lotuz.
LABek argudiatu du hori dela ezetz bozkatzeko arrazoi nagusietako bat. «Ez dago ezer. Errelebo kontraturik ez badago, ez dakigu zer arrazoi eta zer eskainiko zaien langile horiei. Dena lotu gabe dago, itxi gabe», esan du Portillok. Baimenen inguruko legedi aldaketaren ondorioz, VW prest azaldu da hainbat kontratu mugagabe egiteko —ez dute zehaztu zenbat—, baina Portillok salatu du enpresak urte eta erdiz 400 lanpostu kentzeko asmoari eusten diola oraindik.
ELAko Igor Peñalverren arabera, negoziazio horretan ez da ezer hitz egin lanaldiaz edo produkzio ereduaz. Peñalverrek gogora ekarri du Landabengo fabrikak urtean 216 orduko lanaldia dutela, sektoreko handiena. Bestalde, haren ustez, absentismoari aurre egiteko, produktibitatearen gaiari heldu beharko litzaioke.