Lehenik ELAk egin zuen ohartarazpena, eta, orain, CCOOk eta UGTk gauza bera egin dute, nork bere aldetik. Azaroaren 21ean, etorkizunerako bideragarritasun plana aurkeztuko du Siemens Gamesak, eta orain mahai gainean diren jokalekuen inguruko kezka handia dute sindikatuek, galera handiak pilatzen ari baita konpainia. «Ez ditugu gertaerak aurreratu nahi, baina okerrenean jarri behar dugu», adierazi du Clara Fernandezek CCOOren Siemens Gamesako idazkari nagusiak.
Irailaren 21ean, Siemens Energy taldeko presidente Christian Bruchekin elkartu ziren CCOOko eta UGTko ordezkariak. UGTren arabera, Bruchek aurreratu zuen 4.500 milioi euro inguruko galerak pilatzen ari zela taldea, eta neurri handi batean Siemens Gamesaren gain jarri zen erantzukizuna. Halaber, bilera horretan onartu zen Siemens Gamesak uko egin ziola mila milioi eurorainoko lanari.
Iragan astelehenean biltzekoak ziren berriz, baina bertan behera geratu zen bilera. UGTko Mikel Tapiaren ustez, «oso sentsazio txarrak» eragiten dizkie horrek: «Ematen du moldaketa bat prestatzen ari direla, eta ez nuke baztertuko bulegoetan, fabriketan edo parke eolikoen mantentzean lan zama kentzea». CCOOk ere bilera hori kendu izana aurpegiratu dio enpresari, baina ez du zertan seinale txarra izan behar. «Atzetik presio politikoa dutela adieraz dezake».
Ikusi gehiago:Sektore eolikoa eta milaka lanpostu desagertzeko arriskuaz ohartarazi du ELAk
Datorren urriaren 24an, Europako Batzordeak industria eolikoarentzako laguntza sorta bat aurkeztuko du. Uneotan, hiru ekoizle handienek galerak dituzte, sektoreko lehia teknologikoaren eta Asiako enpresen lehia desleialaren ondorioz. «Espero dugu laguntza paketeaz gain lan eredua aldatzea, sektoreko enpresek bertan ekoitzi ahal izatea erraztu dezaten», aipatu du Clara Fernandezek. Haren esanetan, lurreko haize erroten enkanteetan, Europako araudiek ez dituzte behar bezala laguntzen, eta prezio merkeagoko lehiakide txinatarrek abantaila izan ohi dute. Alor horretan esku hartzea galdegin diote Bruselari: «Ekoizle guztientzako joko arau berak nahi ditugu».
Bruselatik etor daitekeen hauspo horren berri izan ostean, ia hilabete geratuko da. Azaroaren 15ean emaitzak aurkeztuko ditu Siemens Energyk, eta astebete geroago, azaroaren 21ean, Capital Market Day eguna izango da; kapital merkatuei etorkizuneko planak aurkezteko eguna. CCOOren arabera, egun horri begira hainbat jokaleku daude: baikorrenean, bolada batez galerak izaten jarraitzeko asmoa izango du; okerrenean, lurreko haize errotak egiten diren fabrikak ixteko asmoa iragarriko du —onshore negozioa.
Hego Euskal Herrian, Siemens Gamesak 2.800 lagun ingururi ematen die lana, eta, kontuan izanik gehienbat lurreko haize erroten produkzioan aritzen direla, baliteke kolpe latza hartzea. Goizegi da ezer aurreratzeko, baina seinale txarrak daude. Iragan astean, Reuters agentziak berak aurreratu zuen Siemens Energy Siemens Gamesaren fabrikak eta bulegoak ixtea aztertzen ari zela.
Azaroaren 21eko egun erabakigarriari begira, zenbait gauza egin daitezkeela uste dute sindikatuek. «Ezin gara besoak gurutzatuta geratu», esan du Fernandezek. Alde batetik, dei egin diete datozen egunetan egingo dituzten batzarretan eta ondoren antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera. Siemensek Gamesa erosi zuenetik ezegonkortasun handia bizi du enpresak, eta horrek denak langileei eurei ere eragiten die. «Langileak oso kezkatuta daude, eta batik bat tentsio handiz bizi dute egoera hau. Azken bi urteetan presio handiarekin ari gara lanean, eta ziurtasunik gabeko etorkizuna dugu; ez dakigu zer gertatuko den», aitortu du Fernandezek.
Bestetik, gobernuen inplikazioa eskatu du. Nafarroako Gobernuarekin biltzeko asmoa dute, eta gauza bera egitekoak dira Eusko Jaurlaritzarekin.
Gogora ekarri dutenez, Siemens Gamesak lau presidente izan ditu bost urtean, eta egoeraren erantzule egin dute zuzendaritza. «Bat-egitearen lehen urtean irabaziak izan genituen, eta ordutik aurrera, ez. Zuzendaritza taldea aldatu da. Ez dute ezagutzen ondo sektore eolikoa. Siemens taldetik etorri dira denak, baina sektore eolikoa berezia da», adierazi du Fernandezek.