Milaka pertsonak Israel Gazan egiten ari den «genozidioa» gaitzetsi dute Bilbon

Palestinarekin Elkartasuna ekimenak antolatutako manifestazioak Bilboko kaleak bete ditu. Gatazka konpontzeko «Israelgo estatu sionistaren desagerpena» ezinbestekoa dela esan dute.

Palestinaren aldeko manifestariak, gaur, Bilboko kaleetan. ARITZ LOIOLA / FOKU
inaut matauko rada
2023ko urriaren 28a
19:51
Entzun

Gazan Israelen bonbak erortzen ari diren une berean, milaka herritarrek Palestinarekin Elkartasuna ekimenaren deiari erantzun diote, Bilboko kaleak betez. 18:00etan zuten hitzordua hiriburuko Bihotz Sakratutik, eta udaletxeraino egin dute bidea, Gora palestinar erresistentzia! Sionismoa genozida leloarekin. Palestina aurrera, Israel genozida eta bestelako oihuak entzun dira manifestazioan zehar.

Bidean, Palestinako bandera eta ikurriña handi bana eraman dituzte, eta Plaza Eliptikoan azken egunetan Gazan eta Zisjordanian hiltzen ari diren milaka palestinarren heriotzak irudikatu dituzte, odolez zikindutako zaku zuri batzuk lurrean utziz. Horrekin batera, Palestinan sarraskia gelditu! Israel estatu genozida! zioen pankarta bat eutsi dute manifestari batzuek.

Iluntzean iritsi da manifestazioa Bilboko udaletxera, eta txalaparta soinuen ostean egin dute testuinguruaren irakurketa.

«Estatu sionistaren suntsipena»

Gaurko deialdiarekin zuzen egin dute «Israel zilegiztatzen duten» mendebaldeko gobernuen, alderdi politikoen eta enpresen aurka. Diote Palestinarekiko elkartasuna zanpatua eta «kriminalizatua» izaten ari dela, Ipar Euskal Herrian, Frantzian eta Alemanian esaterako, eta garbi utzi dute egoera ez dela «Hamasen aurkako gerra» bat, genozidio bat baizik.

«Bakearen izenean alde bietatik biolentzia etetera dei egiten duten diskurtsoak eta zapaltzaile eta zapalduak parekatzen dituztenak» seinalatzearen beharra ere nabarmendu dute.

Hala, deitzaileek uste dute Palestinaren egungo egoera konpontzeko ezinbestekoa dela «Israelgo estatu sionistaren suntsipena». «Ibaitik itsasora arteko Palestina aske baten eraikuntza, errefuxiatutako eta erbesteratutako palestinarren itzulera, eta palestinar preso politiko guztien askatasuna ahalbidetuko» duen deskolonizazio prozesu bat ere beharrezko jo dute.

Azkenik, «estatu genozidaren» aurkako boikota, desinbertsioak eta zigorrak ezartzeko unea dela ere adierazi dute.

Debekuen gainetik, Baionakoa aurrera

Baionan ere Palestinaren aldeko mobilizazio bat izan da 17:00etan, nahiz eta aurrez prefekturak halako protestak debekatu bazituen ere. Pankartarekin estalita atera dira, eta Palestinako egungo egoeran Frantziaren estatus «kolaboratzailea» ere salatu dute. Israel genozido! Frantzia kolabo! Palestina askatu! izan da protestaren lelo nagusia.

Poliziaren presentzia oso handia izan da manifestazioan zehar, eta suprefeturaren aitzinean hesia osatu dute, eraikina babesteko. Hala ere, manifestazioak aurrera egin du, nahiz eta amaieran protestan parte hartu duten pertsona batzuk identifikatu dituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.