Bi urte Hegoaldean, hamabi Iparraldean

jon olano
2013ko urtarrilaren 3a
17:46
Entzun

Orotara hamabi urteko ibilbidea egin du ezker abertzalearen alderdi politikoak, eta Espainiako epaitegiek alderdia legez kanporatzeak egoera nahaspilatsuan utzi zuen alderdia; debekatua Hego Euskal Herrian, baina legezkoa Ipar Euskal Herrian.

2001. urtean sortu zen, Lizarra-Garaziko akordioak huts egin eta gero, Euskal Herritarrok koalizioaren birsortze gisara. Ezker abertzaleko alderdia izen bereko prozesuaren (Batasuna prozesua) ondorioz sortu zen, ezker abertzaleko indarrak Euskal Herri osoa barne hartuko zuen erakunde politiko batean biltzeko asmoz. Batasunaren eratze prozesuan sortu zen Aralar alderdia, izen horretako ildoak aurkeztutako txostena aintzat ez hartzearen ondorioz.

Hego Euskal Herrian ez zuen ibilbide luzea egiterik izan. Alderdien Legea onartu zuen Espainiako Kongresuak 2002an, eta 2003an legez kanpokotzat jo zuten Batasuna auzitegiek, ETArekin lotura zuelakoan. Eusko Legebiltzarrean zuen taldea, Sozialista Abertzaleak, 2005era arte egon zen Gasteizko ganberan, urte hartako hauteskundeak izan arte.

Iparraldean, ordea, legezko izaten jarraitu zuen. Edonola ere, zailtasunak ezagutu ditu Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere, legezkoa izan arren; horren adibide da Aurore Martin Batasuneko kidearen atxiloketa eta Espainiaratzea.

Hauteskundeetara ezin aurkeztuta, beste alderdi batzuentzat botoa eskatuz egin zuen aurrera Batasunak. 2005ean, EHAKren aldeko botoa eskatu zuen. Halere, klandestinitatean jarraitu zuen lanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.