Noiz sortua: 2014-02-13 07:37:46

Barcinak aitortu du "aukera handia" dagoela maiatzean hauteskundeak izateko

Osoko bilkura egin dute Nafarroako Parlamentuan, eta Lourdes Goikoetxearen kontrako salaketak argitzeko ikerketa batzordea sortzea onartu dute, aho batez. Bere aroa bukatu dela esan dio oposizioak presidenteari.

Goikoetxea eta Barcina, osoko bilkuran.
Goikoetxea eta Barcina, osoko bilkuran. / Jagoba Manterola/ARP

Jon O. Urain -

2014ko otsailak 13

Nafarroako Ogasun zuzendari ohi Idoia Nievesek Ekonomia kontseilari Lourdes Goikoetxearen kontra eginiko salaketak aztertzeko, ikerketa batzorde bat sortzea onartu du Nafarroako Parlamentuak, eta batzorde horren lanak finka dezake gobernuaren etorkizuna. Datorren astelehenean, berriz, egutegia finkatuko dute parlamentuko taldeek.

Aho batez onartu dute batzordea sortzea, baita UPNren babesarekin ere. Carlos Garcia Adanero UPNko bozeramaileak, ordea, oposizioari kritika egin dio, batzordea sortzerako ondorioak atera dituztelakoan: "Zikloa aldatzeko aitzakia bat da".

Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak hartu du hitza aurrena. Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinari ohartarazi dio ogasuna "sinesgarritasuna" duen pertsona batek zuzendu behar duela, eta dimisioa emateko eskatu dio: "Deitu bozetara, edo joanaraziko zaitugu".

Maiorga Ramirez Bilduko parlamentaria mintzatu da ondoren. "UPNren zikloa" amaitu dela nabarmendu du, eta gogorarazi UPNk ikerketa batzordeak sortzea eragotzi izan duela; "munduko demokrazia aurreratuenetan, gobernu batek egoera honetan hauteskundeetara deituko luke".

Ikerketa batzordea eratzea "berri ona" dela nabarmendu du Patxi Zabaleta Aralar-NaBaiko parlamentariak, eta gogoan izan beste saio batzuetan ikerketa batzordeak sortzea galarazi izan dutela UPNk eta PSNk.

Enrique Martín de Marcos PPko parlamentariak, berriz, adierazi du salaketak ikertzea beharrezkoa dela. Uste du gobernuak "erreakzionatu" egin duela baina "irmotasuna" falta izan zaiola: "Egiaztatzen bada, egoera larrialdi handikoa da Nafarroako Gobernuarentzat".

José Miguel Nuin Ezkerrako parlamentariaren arabera, "oso larriak" dira Nievesen salaketak, eta batzordea auziaren "muineraino" iritsi behar dela azaldu du. Geroa Bai-ko Manu Aierdirentzat, bestalde, sinesgarria izan daiteke salaketa.

Hauteskundeak maiatzean

Osoko bilkurara sartu aurretik mintzatu da Barcina, eta aitortu du "aukera" asko daudela foru hauteskundeak maiatzean izateko, gobernuak hamabost hilabetez iraun dezakeen galdetuta. PSNri zuzendu zaio: "Zentsura mozioa Bildurekin egin nahi badu, egin dezala". Uste du ikerketa batzordea "aitzakia" dela, argudiatuta PSNk dagoeneko batzorde horren emaitza iragarri duela; hauteskundeetara deitzea, alegia.

"UPN Espainian ezagutzen dudan alderdirik demokratikoena da", adierazi du Barcinak, eta adibide gisa jarri du atzoko alderdiko zuzendaritzaren bileran "erabateko adostasuna" izan zutela.

Hauteskundeetara aurkeztuko den galdetuta, Barcinak zera erantzun du: "Ez al ginen PSN esaten ari zaigunaz hitz egiten ari?".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna