Barcinak aitortu du "aukera handia" dagoela maiatzean hauteskundeak izateko

Osoko bilkura egin dute Nafarroako Parlamentuan, eta Lourdes Goikoetxearen kontrako salaketak argitzeko ikerketa batzordea sortzea onartu dute, aho batez. Bere aroa bukatu dela esan dio oposizioak presidenteari. 

Goikoetxea eta Barcina, osoko bilkuran. JAGOBA MANTEROLA, ARP
jon olano
2014ko otsailaren 13a
07:37
Entzun

Nafarroako Ogasun zuzendari ohi Idoia Nievesek Ekonomia kontseilari Lourdes Goikoetxearen kontra eginiko salaketak aztertzeko, ikerketa batzorde bat sortzea onartu du Nafarroako Parlamentuak, eta batzorde horren lanak finka dezake gobernuaren etorkizuna. Datorren astelehenean, berriz, egutegia finkatuko dute parlamentuko taldeek.

Aho batez onartu dute batzordea sortzea, baita UPNren babesarekin ere. Carlos Garcia Adanero UPNko bozeramaileak, ordea, oposizioari kritika egin dio, batzordea sortzerako ondorioak atera dituztelakoan: "Zikloa aldatzeko aitzakia bat da".

Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak hartu du hitza aurrena. Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinari ohartarazi dio ogasuna "sinesgarritasuna" duen pertsona batek zuzendu behar duela, eta dimisioa emateko eskatu dio: "Deitu bozetara, edo joanaraziko zaitugu".

Maiorga Ramirez Bilduko parlamentaria mintzatu da ondoren. "UPNren zikloa" amaitu dela nabarmendu du, eta gogorarazi UPNk ikerketa batzordeak sortzea eragotzi izan duela; "munduko demokrazia aurreratuenetan, gobernu batek egoera honetan hauteskundeetara deituko luke".

Ikerketa batzordea eratzea "berri ona" dela nabarmendu du Patxi Zabaleta Aralar-NaBaiko parlamentariak, eta gogoan izan beste saio batzuetan ikerketa batzordeak sortzea galarazi izan dutela UPNk eta PSNk.

Enrique Martín de MarcosPPko parlamentariak, berriz, adierazi du salaketak ikertzea beharrezkoa dela. Uste du gobernuak "erreakzionatu" egin duela baina "irmotasuna" falta izan zaiola: "Egiaztatzen bada, egoera larrialdi handikoa da Nafarroako Gobernuarentzat".

José Miguel Nuin Ezkerrako parlamentariaren arabera, "oso larriak" dira Nievesen salaketak, eta batzordea auziaren "muineraino" iritsi behar dela azaldu du. Geroa Bai-ko Manu Aierdirentzat, bestalde, sinesgarria izan daiteke salaketa.

Hauteskundeak maiatzean

Osoko bilkurara sartu aurretik mintzatu da Barcina, eta aitortu du "aukera" asko daudela foru hauteskundeak maiatzean izateko, gobernuak hamabost hilabetez iraun dezakeen galdetuta. PSNri zuzendu zaio: "Zentsura mozioa Bildurekin egin nahi badu, egin dezala". Uste du ikerketa batzordea "aitzakia" dela, argudiatuta PSNk dagoeneko batzorde horren emaitza iragarri duela; hauteskundeetara deitzea, alegia.

"UPN Espainian ezagutzen dudan alderdirik demokratikoena da", adierazi du Barcinak, eta adibide gisa jarri du atzoko alderdiko zuzendaritzaren bileran "erabateko adostasuna" izan zutela.

Hauteskundeetara aurkeztuko den galdetuta, Barcinak zera erantzun du: "Ez al ginen PSN esaten ari zaigunaz hitz egiten ari?".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.