Abortuaren erreforma

"Aurrean izango gaituztela adierazi nahi genion Rajoyri"

Larunbateko PPren kongresuko protestan parte hartu zuen batekin hitz egin du BERRIAk, eta azaldu du nola pentsatu eta prestatu zuten, baita nola atera zituzten ere. Egun horretan ez zen protesta bakarra izan, ordea. Guztira, zazpi lagun identifikatu zituzten larunbatean.

Larunbateko Kursaal barruko protesta. JUAN CARLOS RUIZ, ARP
jon ordonez garmendia
2014ko martxoaren 10a
21:56
Entzun

"Zerbait egitea erabaki genuen". Joan den larunbatean lau emakumek abortuaren erreformaren kontrako protesta Mariano Rajoy Espainiako presidentearen aurrera eraman zuten. Euren aurpegi eta esku margotuen argazkiak oihartzun handia izan du. Ekintzatik haratago, BERRIAk protesta horretan parte hartu zuten bi lagunekin hitz egin du; bat barruan zegoen, bestea kanpoan. Izan ere, protesta ez zen mugatu Kursaalera; Rajoy kanpora atera eta hedabideak gerturatu zitzaizkionean, oihu eginez hartu zuten. "Mezu bat helarazi nahi genion PPri eta abortuaren erreformaren kontrako sustatzaileei: aurrean izango gaituzue".

Hogei lagun inguruk parte hartu zuten, oro har, protestan, eta orain horietatik zazpik salaketa bati aurre egin beharko diote. Barrukoek, Rajoyren hitzaldia eteteagatik. Kanpokoek, Ertzaintzaren arabera, euren aginduak ez obeditzeagatik. "Baina ez da egia. Han zegoen ertzain batek esan zuen identifikatu zela, baina ez da egia. Guri atzera egiteko agindu ziguten, baina ez genekien hori zioena polizia zenik, ez zelako identifikatu. Guk ez genuen legerik hautsi, eta ez genuen bortitz jokatu. Bortizkeria eurena izan zen", dio kanpoko protestan parte hartu zuenak.

Gonbidapena eskatuta lortu zuten

Rajoyren hitzaldia eteteko ideia Gipuzkoako Abortuaren Aldeko Koordinakundean sortu zen, baina ekintza burutu zutenek "modu autonomoan" eraman zuten aurrera. Koordinakundetik kanpoko jendeak ere parte hartu zuen. "Martxoak 8 zen, eta Rajoy hemen egotea probokazio bat zen guretzat. Lege erreforma honek eta PP onartzen ari den beste murrizketa batzuk eta emakumeen kontrako legeek zuzenean eragiten digute. Salaketa publikoa egin nahi genuen”. Horretarako ondo antolatu zuten protesta. Abokatuarekin hitz egin zuten izan zitezkeen ondorioak aztertzeko, eta, ondoren, kongresura sartzeko bideari heldu zioten.

Pentsa daitekeenaren kontra, salaketa PPren kongresu barrura eramatea ez zitzaien asko kostatu, Espainiako presidentea han egonagatik. “PPra deitu genuen, eta esan ziguten ostiral arratsaldeko jarduna eta larunbat goizekoa afiliatuentzat bakarrik bazen ere Rajoyren hitzaldia irekia zela PPren jarraitzaileentzat”. Besterik gabe PPra deitu eta gonbidapena eskatu zuten, benetako izen-abizenak eta nortasun agiriaren zenbakia erabiliz. Kursaal barrura sartu aurretik jaso zuten, han bertan. 16:00etan zen hitzaldia hastekoa.

Segurtasun neurririk ez

Estatu indarkeria eta emakumeen gorputzaren kontrako indarkeria salatzeko, pintura gorria eraman zuten poltsoetan lau ekintzaileek, "odola sinbolikoki irudikatzeko". Segurtasun neurririk ez zuten topatu sarreran. "Metal bilatzailerik ere ez zegoen; ez zegoen inolako segurtasun neurririk sarreran". Hitzaldia hasi baino ordu erdi lehenago joanik bosgarren lerroan esertzea lortu zuten. "Aulkiak ez zeuden izendatuta, eta, goiz joanda, lekua aukeratu ahal izan genuen".

Hasi zen Rajoyren hitzaldia, eta eskerrak ematen utzi zioten lau emakumeek. "Garbi genuen hitza hartzen zuenean egingo genuela protesta. Hura da inposizio guztien buru, eta bagenekien modu horretan oihartzun handiagoa lortuko zutela". Eskerrak eman ondoren diskurtsoa hasi zuenean hasi ziren oihuka. "Azkar egin genuen. Eskuak pinturarekin margotu genituen, eta horiekin aurpegia. Ingurukoak konturatu ere ez ziren egin, eta, konturatzerako, berandu zen". Une horrek argazkietan eta bideoetan oihartzun handia izan zuen larunbatean Euskal Herrian eta Espainian, baita igandeko egunkarietan ere.

Tentsio uneak

Eta lortu zuten. Lortu zuten Rajoyren hitzaldia etetea. Euren hitzetan, lehen unean erreakzionatu ezin geratu ziren PPkoak "gure gorputza, gure erabakia" eta "aborto ilegal, violencia estatal" (legez kanpoko abortua, estatuaren indarkeria) oihukatzen zuten bitartean. "Gero uste dut Cospedal izan zela altxatu eta txaloka hasi zena "sí a la vida" (bizitzari bai) oihukatzen. Ingurukoak ere hasi ziren guri zuzenean oihukatzen eta nire ezkerrekoa bultza egiten ere saiatu zen", azaldu dio BERRIAri ekintzaileetako batek; bideoaren lehen segundoetan ikusten da nola egiten dioten tira atzera. Eskuinean zegoenari, berriz, eser zedin prakak jaisten saiatu zirela ere salatu dute; bideoan zortzigarren segundoan ikusten da nola egiten dioten tira praketatik behera.

[YouTube]http://youtu.be/azKVVpVmOQE[/YouTube]

Ondorengo uneak nahastuta gogoratzen dituzte. "Fuera [kanpora] esaten ziguten". Lau emakumeek ez zekiten, ordea, zeramatzatenak segurtasunekoak edo PPko afiliatuak ziren. Kongresutik atera, eta prentsa aretora eraman zituzten, eta, gero, kalera. Han emakume batek gonbidapenak kendu zizkien. Kalean atxilotzea espero zuten, baina Ertzaintzak atxiki egin zituen, ez atxilotu. "Gonbidatuta geundela esan genien, eta egiaztatu zuten gure izenak gonbidatuen zerrendan zeudela. Isun bat edo epaiketa baterako deia iritsiko zaigula esan ziguten, PPk erabakitzen duenaren arabera".

Pertsona baten jardun politikorako eskubidea urratzea leporatuko dietela esan zien abokatuak, baina ondorio larririk egon ez zenez, eta kongresua bertan behera geratu ez zenez, falta bat besterik ez dela izango. Abokatuarekin ere hitz eginda zeuden protesta egin aurretik. 

Kanpoan hiru lagun identifikatu zituzten

Oihartzuna Kursaal barruko protestak izan badu ere, ez zen egun horretako bakarra izan. Barruko lau ekintzaileak laguntzeko beste hainbat zeuden Kursaal kanpoan arratsalde horretan. Laguntzeko, batetik, baina protesta egiteko ere bai, bestetik. Horien helburua Rajoy kanpora ateratzen zenean protesta egitea zen, hedabideak inguruan zituela. "Ez ginen lagun asko, bilkura bat izan ez zedin, eta sakabanatuta egon ginen. Baina ikusten zen feministak ginela eta kaleko jantzia zeramaten poliziak izan genituen inguruan uneoro".

Espainiako presidentea atera zenean gainera joan zitzaizkiola salatu dute, eta polizien bortizkeria salatu dute. "Besoak gora genituen guk, abortuaren aldeko mezuekin, baina bultzaka hasi ziren, eta indarkeriaz besoetatik heldu gintuzten". Protesta amaituta, parte hartu zuten hiru lagun identifikatu zituzten, eta ertzainen aginduak ez betetzea leporatzen diete. Hori gezurtatu dute, ordea: "Atzera egiteko eskatu ziguten, bai, baina egin zuena ez zen identifikatu, eta guk ez genekien nor zen. Ertzainak gero esaten zuen identifikatu zela, baina ez da egia. Guk ez genuen bortizki jokatu, abortuaren alde oihu besterik ez genuen egin. Bortitz eurak aritu ziren".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.