2026ko Komunikazioko GRALen BERRIA saria Leire Ortubai Ibaberen Menpekotasuna, zauriak orbaintzen izeneko erreportaje sakonari ematea erabaki du epaimahaiak. 2024-2025eko ikasturtean defendatu zuen Kazetaritza Graduaren amaierako lan gisa, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean.
Epaimahaiaren iritziz, kalitatezko lan erakargarri eta aberatsa egin du Ortubaik: gizarte arazo garrantzitsu bat du hizpide, eta gaiari buruzko ikuspegi “humanizatua” eskaintzen du, sustrai psikologiko eta sozialetan sakonduta. Horretarako, informazio iturri anitz erabili ditu, sentsazionalismoan erori gabe. Erreportajeak egitura garbia du, hasiera eta amaiera lotuta daude, eta estiloa bera ere uniforme eta sendoa du. Zuzen idatzita dago, eta erritmo onean irakurtzea errazten du horrek. Beraz, epaimahaiak uste du lanak bete-betean bat egiten duela sariak ezarritako irizpideekin.
Erreportaje sakona BERRIAren euskarrietan hedatuko da, eta egileari elkarrizketa bat egingo zaio lanaren inguruan. Horrez gain, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak 100 euroko bonu bat emango dio saridunari, eta hark aukera izango du urtebetez BERRIAlagunen abantailez gozatzeko. Saria eta diploma graduazio ekitaldian emango zaizkio.



