Sarebide sortu dute, «euskarazko ikus-entzunezkoak jende gehiagorengana hedatzeko»

BERRIA, Euskal Irratiak, Euskalerria Irratia, Kanaldude, Hamaika Telebista eta Elhuyar dira partaideak. Datorren proiektu potoloa partaideen ikus-entzunezko edukiak bilduko dituen plataforma bateratua da.

Mugaz gaindiko Sarebide poriektuaren aurkezpena, gaur goizean, Hendaiako Euroeskualdearen egoitzan. NATHALIE GUIRONNET
Mugaz gaindiko Sarebide poriektuaren aurkezpena, gaur goizean, Hendaiako Euroeskualdearen egoitzan. NATHALIE GUIRONNET
Leire Casamajou Elkegarai
HENDAIA
2026ko azaroaren 18a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mahaiaren inguruan jarri dira BERRIA, Euskal Irratiak, Euskalerria Irratia, Kanaldude, Hamaika Telebista, eta baita Elhuyar ere, galdera bati erantzun nahian: nola Euskal Herriko lurralde guzietako berri eman baliabide berriak baliatuz? Pentsa zitekeen jadanik egiten dela hori, baina bakoitzak bere aldetik. Horregatik, Sarebide sortu dute, «hedabideen arteko mugaz gaindiko elkarlanari esker euskara sustatzeko».

Zehazki, honako azalpena eman zioten Sarebide poriektuari, 2025eko maiatzean martxan jarri zutelarik: Mugaz-gaindiko Lankidetza Teknologikorako Euskarazko Sarea. Geroztik urte erdi pasatu0 da, eta urte erdi baratzen zaio, 2028ko apirilera arte luzatzen baita proiektua. Hain zuzen ere, Euroeskualdearen Hendaiako (Lapurdi) egoitzan gaur goizean egindako prentsaurrekoan, orain arte egindakoak aitzinera eraman eta datozenak iragarri dituzte. Denera, 2,6 milioi euroren aurrekontua du proiektuak.

2025eko maiatzetik hona, zerbitzarien azpiegitura berria Bidarten instalatu dute, tokiko Izarlink enpresarekin elkarlanean. Euskal Irratien izenean, Aimar Lopezek aitzina urratsa xehekiago azaldu du: «Hautu estrategiko bat egin dugu: orain arte, hedabideok Europan barna barreiaturik ziren enpresa pribatuen zerbitzariak erabiltzen eta ordaintzen genituen; eredu hori aldatu eta Euskal Herrian kokatzea erabaki dugu. Erabaki horren bidez, gure burujabetza teknologikoa indartu nahi dugu».

Euskal Irratien webguneak ez ezik, iragarri berri duten Musika Berria plataforma ere Bidarteko zerbitzarietarik eskainiko da, baita Kanaldude eta BERRIAren artxibo digitalak ere.

Plataforma bateratua

Europako POCTEFA eta AFOMEF egitasmoek bultzatzen dute Sarebide proiektua, baita EEP Euskararen Erakunde Publikoak ere. Euroeskualdearen izenean, Emilie Dutoyak Sarebide proiektuaren gibelean dagoen erronka ekonomiko eta demokratikoa azpimarratu du: «Numerikoaren aroan, hedabideen lurraldekotasuna eta engaiamendua ezinbestekoa da: horregatik, Akitania Berriko eskualdea adi egon zaio proiektu honi, eta espero dugu lortuko duela bide luzea egiten».

Hain zuzen ere, Sarebideren parte diren bost hedabideen arteko plataforma bateratua sortzeko xedea dute 2028ko apirilera bitarte. Zehazki, mugaz gaindiko izaera ukanen duen ikus-entzunezko plataforma digital bat izanen da, edukien eskaintza «modu bateratuan eta teknologia aurreratuaren bidez» eginen duena. Kontuan izan behar da Elhuyar ere Sarebide proiektuaren partaideetako bat dela: batez ere, Adimen Artifizialeko eta Lengoaia Naturalaren Prozesamendurako teknologien ikerketa eta aplikazioa ekarriko ditu. Lopezek esplikatu duenez, horrela, «kazetaritza hobea» egiten  lagunduko dieten tresnak garatzeko erronkari helduko dio Sarebide proiektuak.

Baina ez du kazetarien lana ordezkatuko, argiki azpimarratu dute. Adimen artifizialak laguntza ekarriko du, adibidez, transkripzioen egiteko, bideoen azpitiuluen osatzeko, eta abar.

Oraindik izendatugabeko plataformaren edukiari dagokionez, Lopezek azaldu du hedabideen bakoitzak beren aldetik daukaten webguneak ez direla desagertuko, baizik berri bat sortu jendeari aukera emanen diona nahi duena webgune bakarrean aurkitzeko. Halere, ez dira hedabide bakoitzeko aktualitate gai bakoitzeko edukiak plataforman sartuko, baizik eduki luzeak, edo nahieran edukitzeko moduan direnak. «Adibide bat ematearren, BERRIAren artikulu arruntak ez dira egonen hor; Euskal Irratiek prentsaurreko bat jarraitzen dugunean, segur aski ez da egonen. Egonen dira, pausatuago, denborarekin kontsumitu daitezkeen edukiak».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA