Zinema

'Handia' filma Netflixen ikus daiteke jada, euskaraz

Oraingoz euskarazkoa da eskura dagoen audio bakarra. Azpidatziak alemanieraz, arabieraz, gaztelanieraz, ingelesez eta errumanieraz jarri dituzte. Munduko herrialde gehienetan ikus daiteke, baina Ipar Euskal Herrian, Frantzian eta AEBetan aurrerago jarriko dute.

'Handia' filmak hamar Goya jaso zituen. JON URBE / ARP
urtzi urkizu
2018ko martxoaren 17a
17:56
Entzun

Zinema aretoetatik Interneteko plataformetara egin du jauzi Handia filmak. Hego Euskal Herriko zinema aretoetan urriaren 20an estreinatu zuten Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako filma —aurretik, Donostiako Zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia eraman zuen—. Urtarrilean, Ipar Euskal Herriko aretoetara iritsi zen pelikula. Eta otsailaren 3an, hamar Goya sari eraman zituen lanak. Euskarazko film batek zinema aretoetan inoiz ikusle gehien izan dituen lana da, gainera, Migel Joakin Elizegi Altzoko (Gipuzkoa) erraldoiaren inguruko istorioa. Donostiako zinema karteldegian 21 astez mantendu da pelikula —urriaren 20tik martxoaren 15era—.

Otsailaren 9an, Filmin plataformako katalogoan sartu zuten Handia.

Interneteko Netflix ordainezko plataforman jatorrizko bertsioan ikus daiteke orain filma; euskaraz, alegia. Azpidatziak alemanieraz, arabieraz, gaztelanieraz, ingelesez eta errumanieraz jar ditzake erabiltzaileak, baita azpidatzirik gabe ikusi ere. Plataformak otsailean jakinarazi zuenez, 117,6 milioi harpidedun ditu. Munduko ia herrialde gehienetan ikusi ahalko da filma, salbuespen batzuekin. Xabier Berzosa ekoizleak azaldu duenez, Ipar Euskal Herrian, Frantzian eta AEBetan oraindik ezingo da Netflixen pelikula ikusi, herrialde horietan banaketa ezberdina izaten ari delako. Frantziako hainbat zinema areto komertzialetan emango dute datozen asteetan. Bestetik, AEBetako jaialdi askotara joatekoak dira, eta horregatik herrialde horretan oraindik ezingo dute plataforman ikusi.

Ez da lehen aldia film bat Netflixen euskaraz ikus daitekeena. 2016. urtean, Planet 51 animaziozko filma jarri zuen katalogoan, euskarazko audioarekin. Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Loreak filma ere katalogoan egon zen bolada batean. Baina adibide bakanak dira. Egun, Altzoko erraldoiari buruzkoa da euskarazko eduki bakarra.

Katalanez ere ez dira asko Netflixen ikusgai egon diren pelikulak. Iaz, esate baterako, lau film jarri zituzten katalanez. Merli katalanezko telesaila ere ikusgai dago plataforman —igande gauetan euskarara bikoiztuta ari dira ematen ETB1n—. Azkeneko bi urteetan, Plataforma per la Llenguak eskaera publikoa egin du Netflixen katalanezko eduki gehiago egon daitezen. Euskal Herrian ez da mugimendu handirik izan, plataformei euskarazko lanak jar ditzaten eskatzeko. BERRIAk Eusko Jaurlaritzan galdetu zuen gaiaz iazko martxoan, eta gobernuko iturriek erantzun zuten "gogoeta" egiten ari zirela plataformen inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.