Itsasoari begira dago Aran Garcia-Lekue fisikaria eta ikertzailea, Donostiako Zurriola hondartzako arroken gainean. Itsasoa gustatzen zaio, baina are gehiago gustatzen zaio itsasoaren barrenean igeri egitea, eta olaturik onenen artean surfean aritzea. Ematen ez duen arren, surfak baditu antzekotasun batzuk zientziarekin. Itsasoak QR kode batera darama bisitaria. Sakelako telefonoaren bidez eskaneatu, eta Garcia-Lekue ageri da pantailan. Bertan dihardu surfaren eta ikerketa zientifikoaren inguruan hizketan: «Alde batetik, pazientzia handia izan behar da olatu ona noiz helduko den itxaroteko, aurre egiten ere jakin behar da, prestatu egin behar gara olatua surf egiteko unea heltzen denerako, eta olatua hartzen dugunean olatuaz disfrutatzeko gai izan behar dugu. Olatua hartzeak ematen dizun plazerak sobran konpentsatze du inbertitutako denbora eta esfortzua, zientzian bezala».
Eguzkia sartu bezain laster argiztatu da Beasaingo Erauskin plaza (Gipuzkoa), eta, horrekin batera, baita 26 emakumeren aurpegiak ere. Azaroko arratsalde ilun batean, hego haizeak hostoak hara eta hona darabiltzala, hantxe dago Matilde Aranburu, Mariasun Landa idazlearen irudiari begira. QR kodearen erabileraz ezer gutxi dakien arren, irudiaren azpiko azalpenak aski balio izan dio Landak literaturari egin dion ekarpenaz jabetzeko. Beasainen paseoan zebilen Aranburu, eta ezustean egin du topo erakusketarekin. Horrelako erakusketak «txalotzeko modukoak» iruditzen zaizkio, emakumeei «merezi duten lekua ematen dietelako».Â
Emakumeak lehen lerroan
Erakusketak 24 emakume izena duen arren, 26 emakumeren argazkiek osatzen dute —Marina Palaciosek ateratakoak—, eta Jakiundek 2022tik 2024ra argitaratutako egutegietan dute jatorria. Hain justu ere, zera ezagutarazi eta bultzatu nahi dute, STEM arloan —zientzian, teknologian, ingeniaritzan eta matematiketan— emakumeek izan duten eta duten presentzia. Jakeline Barker Jakiundeko idazkaria da, eta horrelako erakusketek duten garrantzia azpimarratu nahi izan du: «Gizarte patriarkal batean bizi gara, eta emakumeak eta gizonak baldintzatuta bizi dira. Emakumearen lana baztertua gelditzen da».Â
Herriz herri emakume horien lana ezagutarazi nahi du Jakiundek —urriaren 20an Ordizian (Gipuzkoa) jarri zuten; azaroaren 3an, Beasainen; eta azaroaren 17an Lazkaon (Gipuzkoa) egongo da ikusgai—. Harrera «bikaina» izan du erakusketak, eta, Barkerren ustez, «behar-beharrezkoak» dira mota horretako lanak: «Arlo askotako erreferenteak eduki behar dituzte neska gaztetxoek, jakin dezaten haiek ere edozein esparrutan lan egin dezaketela».