Urte bakarra labur gera liteke milurteko oso bat gogoratzeko eta omentzeko. Labur, mende horietan guztietan askotarikoak izan baitira aldaketak, antzaldatu egin direlako kaleak, eraikinak, ofizioak, ohiturak eta baita jendea bera ere. Baina efemeride bat izan daiteke, halaber, elkartzeko aitzakia. 1075ean sortu zuten Santurtzi (Bizkaia), 950 urte bete ditu aurten, eta herritarrek urte osoa daramate urtebetetze borobila ospatzen. Urtarrilaren 7an ekin zioten festari, 1075eko urtarrilaren 6an inskribatu baitzuten herriaren izena aipatzen zuen aurreneko dokumentua. Hain justu, San Jorge elizan egin zuten hasierako ekitaldia, eraikin haren inguruan eratu baitzuten udalerria —XI. mendean, monasterioa zen—, eta santu horren latinezko izenetik bereganatu baitzuen izena Santurtzik. Ordutik, bisita antzeztuak antolatu dituzte, hainbat ikuskizun historiko eskaini dituzte, banderolak eskegi dituzte balkoietan, eta Santurtziren historia jasotzen duen liburua ere aurkeztu dute. Eta zapatuan, musikaz jantziko dute urteurrena.
«Gogoratzeko egun bat» izango da etzikoa, Santurtziko alkate Karmele Tubilla Artetxek adierazi zuenez egitaraua aurkezteko prentsaurrekoan, joan den astean: «Merezi duen bezala ospatzen ari gara urteurrena». Urtea bukatzear dagoen arren, baina, ez zaizkie indarrak ahitu oraindik: larunbaterako egun «berezia» antolatu dutela ziurtatu zuen Tubillak. «Izan garena, garena eta izan nahi duguna ospatu nahi dugu».
Hala, iraganari, orainaldiari eta etorkizunari egingo diete keinu jarduerek, goizean eta arratsaldean. 12:00etan hasiko da eguna. Juan Jose Mendizabal plazan bilduko dira tokiko agintariak, eta segizioak kalejira bat egingo du udaletxeraino. Han, oinezkoentzako eremuan, kontzeju batzar ireki bat irudikatuko dute, non herritarrek ere parte hartu ahalko duten. «Iraganerako bidaia bat» da, alkatearen hitzetan, aspaldian ez baita egin gisa horretako bilkurarik. 1827. urtean izan zen azkena, eta urte hartan inauguratutako udaletxera lekualdatu zituzten bilera administratiboak ordutik aurrera. Ekitaldiaren ostean, burduntzia egongo da.
«Ezkerraldean bizi genuen garai ospetsu hartako soinuak ere oroituko ditugu»
ITZIAR CARROCERA Santurtziko Kultura zinegotzia
Memoriak lotuko ditu gaueko ekintzak, orobat. Bi kontzertu joko dituzte portuaren ondoan dagoen aisialdi eremu berrian —iaz inauguratu zuten—. Enrique Villarreal El Drogas musikariaren taldeak emango du lehena, 21:00etan. Villarreal Barricada punk taldeko kidea izan zen ia hiru hamarkadaz, eta talde hark eta oro har Euskal Rock Erradikalak herriarekin izan duten lotura azpimarratu zuen Itziar Carrocera Kultura zinegotziak: Barricadaren abestiak «guztion memorian» daudela nabarmendu zuen, eta Eskorbuto eta Zarama ere aipatu zituen, kasu baterako; are, Zarama taldeko kide izandako Roberto Moso santurtziarrak ere parte hartu du ospakizunetan. «Batetik, Ezkerraldean bizi genuen garai ospetsu hartako soinuak oroituko ditugu», laburbildu zuen zinegotziak.
Eta, bestetik, etorkizunera begira ere jarriko dira. Bulego taldeak hartuko dio lekukoa El Drogasi. «Euskal musikako beste talde erreferente bat da», zinegotziaren irudiko. Santurtzin izan ziren 2022an ere.
Datozen ekintzak
Hiru hilabete eskas falta dira urtea bukatzeko, eta beste horrenbeste geratzen zaie urteurreneko ospakizunei. Efemeride horretaz gain, Santurtzi Kirolaren Europako Hiriburua ere bada aurten, eta bi ezaugarriek bat egingo dute azaroaren 12an, Serantes kultur aretoan egingo duten Kirolaren Galan. Azaroaren 15ean, Casa Torre jauregia mihise bat balitz legez erabiliko dute udalerriaren historiako gertakaririk nabarmenenak errepasatuko dituen ikus-entzunezko bat proiektatzeko.Â
Abenduaren 11n bukatuko dute urteko egitaraua, musika, umorea eta nostalgia konbinatuko dituen gala batean.