Abiadura bizian askatasunera

Bizkaiko hainbat gazte konpartsak antolatuta, independentziaren aldeko Lasterka Askatasunera lasterketa herrikoiaren bigarren aldia egin dute Bilbon.

Lasterka Askatasunera egitasmoko parte hartzaileetako batzuk helmugara bidean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Lasterka Askatasunera egitasmoko parte hartzaileetako batzuk helmugara bidean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2025eko maiatzaren 24a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Azken egun hauetan, mundu osoan oihartzuna izan du Tottenham eta Manchester United futbol taldeek Bilbon jokatutako Europa ligako finalak: asteazkenean, Ingalaterrako bi talde horietako milaka zalek bete zituzten hiriko kaleak; Euskaraldi bete-betean, euskara baino ozenago entzun zen ingelesa bazter guztietan. Gaur, ordea, dozenaka gazte independentistak «Euskal Herriaren askatasunaren aldeko hautua» berretsi dute Bizkaiko hiriburuan, Lasterka Askatasunera egitasmoaren bitartez.

Bi aukera izan dira Bizkaiko hainbat gazte konpartsak antolatutako ekinaldi horren bigarren aldian parte hartzeko: bederatzi kilometroko lasterketa edo 4,5 kilometroko martxa. Izan ere, «kirola eta aldarrikapenak uztargarriak» direla frogatu nahi izan dute antolatzaileek, eta «aisialdi eredu alternatibo bat bultzatu». Horrenbestez, korrikalariek zumba saioan egin dituzte lehenengo luzatze ariketak, Arriaga plazan, turista talde bat edo beste inguruan zebilela. Giharrak berotu ostean, Erripara abiatu dira lasterketari eta martxari hasiera emateko.

«Independentziaren aldeko aldarria erdigunera ekarri dugu, beste aisialdi eredu baten bitartez»

JULENE SAMUELLasterka Askatasunera egitasmoaren antolatzailea

Ziztu bizian abiatu dira lasterkariak, Arriaga plazara ahalik eta lasterren iritsi eta Helmuga: independentzia irakur zitekeen arkupetik igarotzeko asmoz. Hain zuzen ere, Mestafa Mahfoud izan da hara iristen lehenengoa: ordu erdi eskasean egin du bederatzi kilometroko ibilbidea. Aitortu arren «lagunek animatuta» eta korrika egitea gustuko duelako parte hartu duela, Mahfoudek gehitu du bat egiten duela «gazte independentisten eskaerekin». Hain zuzen ere, ikurrina eskuetan egin ditu lasterketaren azken metroak.

Haren atzetik, izerdi patsetan —giro eguzkitsua izan da goiz osoan— eta zenbaitetan elkarri helduta iritsi dira gainontzeko korrikalariak Arriaga plazara, «independentzia» oihuen artean. Bidean zehar aurkitutako «oztopoak» izan dituzte hizpide hainbat parte hartzailek eta irabazleak berak. Izan ere, asteazkeneko futbol finalean ez bezala, «Bilboko Udalak gaur ez ditu errepideak moztu», txarretsi dutenez.

(ID_14996930) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2025-05-24, Bilbo. Lasterketa askatasunera
Korrikalari batzuk helmugara heltzen, elkarri helduta. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Bestelako eredu bat

Independentziaren aldeko Lasterka Askatasunera lasterketa herrikoiaren bigarren aldian, «hirurehun lagunek baino gehiagok» parte hartu dute, Endika Alvarezek eta Julene Samuelek adierazi dutenez. «Independentziaren aldarria erdigunera ekarri dugu, beste aisialdi eredu baten bitartez». Antolatzaileetako bi dira Alvarez eta Samuel. Nabarmendu dutenez, lasterketan ibilitakoek bakarrik ez, baizik eta «askoz jende gehiagok» ere parte hartuko du gaurko egitarauko beste ekintzetan. Bakarrizketa, herri bazkaria eta zuzeneko musika emanaldi bat prestatu dituzte horretarako.

Parte hartzaileak bat datoz Lasterka Askatasunera egitasmoak bultzatzen duen aisialdi ereduarekin. Santurtziko Gazte Asanbladako (Bizkaia) kidea da June Lizaranzu: «Gazteak biltzeko ideia paregabea da aldarrikapenak eta kirola uztartzea. Parranda egiteko baino ez gara elkartzen». Maddi Sainz aguraindarraren (Araba) hitzetan ere «garrantzitsua da aukera izatea herriko jaiez bestelako jarduerak egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.