Boiseko Jaialdia

Abiatu da Boiseko Jaialdiaren zortzigarren aldia

Duela hamar urte ospatu zen azkenekoz Idaho estatuko hiriburuan egiten den festa erraldoia. 50.000 lagun inguru espero dituzte igandera bitartean

Hasi da Boiseko Jaialdia. BERRIA
2025eko uztailaren 30a
17:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Hamar urteko etenaren ostean, abiatu da Boiseko Jaialdia. Igandera bitartean, hainbat ekitaldi egingo dituzte, eta Euskal Herriko ordezkaritza andana jasoko dute hango euskal komunitatearen bihotzean. Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Idaho estatuko hiriburuan egiten da Jaialdia, eta euskal jatorriko amerikarrek antolatzen dute. Helburua da euskal sustraiei omenaldia egitea, eta AEBetara joandako zenbait euskaldun belaunaldi gogoratzea. 

Hasieran, behin egiteko jaialdia zen, baina zortzigarren aldia izango du aurtengoa. 1987. urtean antolatu zuten lehen aldiz Boiseko Jaialdia. Geroztik, bost urtean behin berritu dute ohitura hori, baina duela bost urte ezin izan zen halako ekitaldirik egin, COVID-19aren izurria zela eta. Hortaz, inoizko etenaldirik luzeenaren ostean, euskalduntasunaren, euskararen eta euskal kulturaren agertoki eta elkargune bihurtuko da berriro ere Boise. Aurten 50.000 lagun inguru espero dituzte, AEBetakoak bertakoak eta Euskal Herritik joandakoak.

Bertso saioak, kirol erakustaldiak, kontzertuak, dantzaldiak eta beste hamaika ekitaldi egingo dituzte hurrengo lau egunetan. Hango taldeez gain, hainbat euskal ordezkari ere arituko dira. Besteak beste, Añorgako Arkaitz dantza taldea, Tio Teronen Semeak, Xabi Aburruzaga, Neomak, Gatibu, eta Nerea Ibarzabal, Oinintza Enbeita eta Xabi Paya bertsolariak.

Era berean, han dira Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ere, Imanol Pradales lehendakaria buru dutela. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.