Loiola auzokoa da Oihana Aramendia, eta irribarrez dago kaian, uretara sartu aurretik. «Lau lagun etorri gara, eta ondo pasatzeko gogoz gaude. Duela bi urte parte hartu nuen lehen aldiz, eta oso-oso ondo pasatu nuen; iaz kanpoan nintzen, baina aurten hemen naiz, abordatzeaz disfrutatzeko». Oso argi du eguna luzatuko zaiola: «Gero lehortu, txarangan dantza egin, eta parrandan ibiliko gara gauera arte». Donostiako Aste Nagusiaren hirugarren eguna da, eta Donostiako Piraten abordatzea da arratsaldeko ekitaldirik indartsuena.
Gehiago etorriko dira gero. Baina 17:00ak baino minutu batzuk lehenago, gazte askoren urduritasuna agerikoa da kaian. Aiora Oña gazte donostiarra kuadrillarekin dago, eta aipatu du hirugarren abordatzea duela. «Urtero oso ondo pasatzen dugu. Ea aurten ere iristen garen hondartzaraino». Kontxaraino, alegia. «Gure baltsarekin, baltsa gabe, abordatuz, baina ziur iritsiko garela». Asmo bera dute beste ehunka gaztek. Halako batean, 17:00ak jo, eta portuko arrapalatik ziztu bizian abiatu dira denak, uretara, badia abordatzera. 2003. urtean egin zuten lehen aldiz Donostiako Piratek abordatzea; 2020an eta 2021ean ezin izan zuten egin, koronabirusaren krisiaren ondorioz. Oztopoak oztopo, Piraten abordatzeak bere horretan jarraitzen du 23 urte geroago.
Abordatzean parte hartzen ari diren guztiak ez dira Donostian jaiotakoak. Kasurako, Zarauzko (Gipuzkoa) mutil kuadrilla bat flotagailu handiak eta kapitain txapelak zekartzatela iritsi dira. Manex Agirrek egin ditu kuadrillaren bozeramaile lanak: «Lehen urtea dugu Donostiako abordatzean. Tira, taldeko bat donostiarra da, baina gainontzekoak zarauztarrak gara». Sei sartuko dira uretan. Taldeko batek badu kapitain txapela, baina bainujantzirik ez. «Zaindari bat badugu hemen. Hau ez da uretara sartuko. Argazkiak aterako ditu, eta begiratu ea norbait itotzen den», gaineratu du Agirrek, txantxetan. Zaindariak hitza hartu du: «Gorka Aranzabal naiz. Ea hauek ondo pasatzen duten eta ez diren itotzen, behintzat». Barrez hasi dira.
Parte hartzaile guztiak ez dira gazte-gazteak. Bada beteranoen baltsa bat. Gehientsuenak badia alderantz joan eta denbora apur bat pasatu denean, Gros auzoko talde bat ere sartu da uretara, lasaiago. Eskarmentua duten seinale. Akaso bazkaritik abordatzera baino beste nonbaitera joango zen pirataren bat ere egongo zen.
Ontzi batek bandera pirata handi bat du ontzigainean. Eta alboetan ikurrin txiki batzuk jarri dituzte. Aldarrikapenak dituzten afixak ere ikusten dira hainbat baltsatan. KAS Kaleko Afari Solidarioen aldekoa da horietako bat. Elkartasuna ez da delitua irakur daiteke bertan. Beste batean, honako mezu hau: Israel suntsitu. Palestina askatu! Beste ontzi batek, berriz, banderola handiago bat darama hondartzarako bidean: Erraustegia gelditu.
Mezu ozenak badira, era berean, kaiko pankartetan: Babosoak marrazoetara, Ez dugu inolako eraso sexista, lesbofobo, homofobo, transfobo, arrazistarik onartuko!, Euskal Herrian euskaraz, Gora autodefentsa feminista... Eta pankarta karratu bat ere bada, ez oso handia, baina azkeneko asteetako gaia dakarrena: kaleko afari solidarioen aldekoa.
Aipatu beharrekoa da abordatzearen antolakuntza ematen duen baino zailagoa dela. 197 baltsa zeuden izena emanda, eta bakoitzari bere ordutegia esleitu zioten pirata antolatzaileek. Kaosik ez gertatzeko, atzean bada lanik.
Kontxako pasealekutik, bisitariak beha
Kaiko arrapalatik bizkor jaitsi eta uretan sartu direnen artean giro ona sumatzen da. Kantuan hasi dira, halako batean, nahiz eta abesbatza ordenatu bat ez izan: «Bat, bat, bat, bart parrandan ibili, bart parrandan ibili/ Bi, bi, bi ez naiz ondo ibili, ez naiz ondo ibili/ hiru hiru hiru, kolkoa bete diru, kolkoa bete diru/ lau lau lau, sardina bakalau!». Arrapalaren alde horretan ez da herritar askorik begira. Jende gehixeago bada kaiaren erdialdean. Baina bisitari kopururik handiena Alderdi Ederren dago, Kontxako pasealekuko barandaren atzean. Hain zuzen ere, han badira donostiarrak, inguruko herrietako bisitariak eta atzerriko turistak. Esan beharrik ez baita turistez betea dela hiria.
Ez da denbora asko pasatu abordatzearen parte hartzaileak Kontxako hondartzara iritsi direnerako. Heldu da ikurrinen bat. Nafarroako banderaren bat. Baita Palestinako bandera bat ere. Bidean galdu dute batzuek objekturen bat, baltsaren osagarriren bat edo beste, eta edariren bat ere gelditu da bidean. Onik iritsi dira, bederen, hondartzara. Ia denak 18:15erako. Lehortu eta arropa aldatzeko tarterik bada. Gauean Lappa, Xiberoots eta Brava taldeek joko baitute Flamenkan.