Donostiarren ikuspegitik egindako kontakizuna. Horixe plazaratu nahi izaten dute urtero Donostia Sutan 1813 elkarteko kideek, abuztuaren 31 heltzean. Josean Catalan tale horretako kideak kontatu duenez, tropa ingeles eta portugaldarrak Donostian sartu ziren duela 213 urte, sarraskiak egin, eta herritar anitz hil eta bortxatu. Ekitaldi franko antolatu dituzte sarraskia jasan zuten donostiarrei omenaldia egiteko. Horren karietara, Donostiako Udalak babesten duen egitaraua dago batetik, eta, bertzetik, Donostia Sutan 1813 kultur elkarteak antolaturikoa.
Kultur elkarteak antolatu egitarauren barne zen, bertzeak bertze, ortzegunean antolatutako bertso saio musikatua. Trinitate plazan egin zuten, Aitor Etxebarriazarraga, Alaia Martin, Manex Mujika eta Miren Artetxe bertsolariekin. Duela 213 urteko sarraskiaren gaia karrikara ateratzeko manera egokia da, Catalanen erranetan. «Bertso saioan, askotan, sarraskiaren gaia lantzen da nolazpait. Era egokia da zer gertatu zen kontatzeko».
Bertzalde, 2013tik urtero egiten duten ekitaldi nagusia antzerki ibiltaria da. Atzo egin zuten hori, San Bizente elizaren aitzinean hasirik. Catalanek oroitarazi duenez, antzerki ibiltariaren helburua da donostiarren ikuspegitik kontatzea zer gertatu zen. «Frantziako Iraultza hedatzen hasi zelarik, armada aliatuak —hots, Espainia, Erresuma Batua eta Portugal— tropa frantsesak Espainiako Estatutik kanporatzen ari ziren». Hain justu, sarraski hori donostiarrek bizi izan zuten bezalaxe kontatu nahi izaten dute urtero.
Udalak, berriz, ez du kontakizun bera egiten, Catalanen erranetan. «Udala 2010 inguruan hasi zen tiroka ibiltzen diren militarrak irudikatzen, abuztuaren 31koa armaden arteko gatazka bat izan balitz bezala. 1813an egindako sarraskia modu horretan oroitzea Gernikako bonbardaketaren hegazkin errepresentazio bat egitearen parekoa da. Guk, ordea, donostiarrek bizi izan duten bezala kontatu nahi dugu abuztuaren 31, eta, horregatik, ekintzak antolatzen ditugu urtero».
Egitarau ofiziala
Donostiako Udalak babesturiko ekitaldiak, berriz, bihar eginen dituzte: 11:30ean elizkizun nagusia eginen dute, San Bizente elizan. 12:45ean, berriz, Itsas Atean eginen dute lore eskaintza. Kanoi hotsak entzunen dira ondotik, 17:00etan, Kursaalaren eta Begiratokiko Bateriaren artean. 18:00etan, berriz, Donostia 31 kultur taldeak aitortza eginen dio Save the Children erakundeari, eta, tenore berean, desfilea Zuloaga plazatik aterako da. Iaz bezalaxe, 19:00etan eginen dute biktimen oroimenezko minutu bateko isilunea, Bulebarreko kioskoan. Donostiako setioaren antzezpena hasiko da ondotik. 21:00etan, Donostia nola erre zuten antzeztuko dute Zuloaga plazan. Finitzeko, 21:30ean, hiriaren sutea irudikatuko dute, Apaizen pasealekuan eta Begiratokiko Baterian.
Ana Lopez Donostiako Kultura zinegotziak erran duenez, hitzordu «berezia eta hunkigarria» izanen da aurtengoa ere. «Bi mende baino gehiago dira, baina gertatutakoa gure memoria kolektiboaren parte da oraindik ere. Horregatik, abuztuaren 31n, gertakari haiek bizi eta pairatu zituzten emakumeak eta gizonak gogoratzen ditu Donostiak».