Laster exekutatuko dute Josefa. Borreroa prest dago jada, bertaratu dira fraideak, epaileak, Bermeoko (Bizkaia) Udaleko ordezkariak, eta kondenatua eta haren alaba Bilboko San Antongo zubi zaharra gurutzatzen ari dira daborduko, hiriko armarrian agertzen den hori, orain dela ehun urte pasatxo eraitsi zutena. Plaza zaharraren inguruak ia hutsik daude. Joan-etorrian dabiltza herritarrak, batzuek Erriberako merkatuan hartu dute aterpe, jakin barik emakume bat garrotean hiltzekoak direla minutu gutxi barru. Eraikin mardularen ateetako batean, ordea, zain daude hogei lagun inguru. Josefaren zain, exekuzioaren zain. Azalpenak eten ditu Edorta Jimenez idazleak San Anton elizako kanpaiek jo dutenean. 1829ko apirilaren 1a da, 11:00k —13:00 orain—. Hil dute Josefa. Bertaratutako batek bidean bildutako bitxilore sorta xume bat eskaini dio haren memoriari.
Bizkaian exekutatutako emakume bakarra izan zen Josefa Azketa, Bermeoko Almika auzoko Agirretxu baserriko andrea. Senarra hil izana egotzi zioten. 1828ko irailean topatu zuten Jose Ormaetxearen gorpua, burezurra aizkoraz egindakoak ziruditen zauriz josita. Josefa eta haren alaba Maria Josefa Ormaetxea Maripepatxu atxilotu, eta Bilboko kartzelara eraman zituzten. Edorta Jimenezek gertakari horietan oinarritu du bere azken liburua, Aizkorak eta gutunak (Elkar, 2025), eta nobela sortzeko baliatutako heldulekuak aletu ditu Bilbo Zaharrean egindako bisita batean: hain justu, Josefak bere azken egunak igaro zituen auzo berean.
«Bilboko kartzelan, preso gehienak euskaldunak ziren. Kartzela barruan euskarazko liburuak zeuden: sermoiak eta horrelakoak ziren, baina euskarazkoak»
EDORTA JIMENEZ Idazlea
«Dekonstrukzio» lan bat eskatzen du Azketaren pausoei segitzeak, Jimenezek nabarmendu duenez. Eraikinak ezabatu egin behar dira hasteko eta behin, Bilbo Zaharra irudikatu, orduko hartan zeukan itxurara ahalik eta gehien hurreratuta. Denborak egin du behar hori frantziskotarren komentuarekin, haren arrastoak baino ez baitira geratzen Mariaren Bihotza plazako aztarnategian. Irudimenari dagokio gainerakoak aienatzea: bat-batean, desagertu egin da Erriberako merkatua —XX. mendekoa da—, eta desagertu egin dira, orobat, itsasadarraren beste aldean dauden bloke ia guztiak. «San Frantzisko eraiki gabe zegoen artean; etxeak 1880 ingurukoak dira», zehaztu du Arturo Izarzelaia Bilbo Zaharreko Memoria Taldeko kideak, 1840ko urteetan ondutako pintura bat erakutsi bitartean. San Anton zubiaren azpian, bidexka estu bat dirudi Martzana kaiak margolanean. Handik eramango zituzten emakumeak, beharbada, Urazurrutia kalean zegoen espetxeraino.
«Izutu egin da»
BBK Kuna dago orain espetxea zegoen tokian. Hara jo du taldeak ere. Eraikinaren eta itsasadarraren artean dagoen eremuan, dokumentu bat atera du Jimenezek: hiriko Galera espetxeko erregelamendua da. Ez dagokio Azketaren espetxeari —nahiz eta biak elkarrengandik gertu zeuden—, eta haren egonaldia baino hamar bat urte geroago ezarritakoa da, 1840ko hamarkadan; baina idazleari balio izan dio ama-alaben espetxealdia nola edo hala irudikatzeko. Preso bakoitzeko eguneko kostua eta gaixoak artatzeko manera jasotzen dira erregelamendu horretan, esate baterako, baina beste xehetasun batek ere eman dio atentzioa Jimenezi: fraideek euskaraz eta gaztelaniaz egin behar zituzten ofizioak, eta, halaber, bi hizkuntza horietan irakurri behar zieten atxilotuei, egunean hamabost minutuz. «Preso gehienak euskaldunak ziren», azpimarratu du Jimenezek. «Garai hartan, inguruko herrietako jendez beteta zegoen Bilbo. Kartzela barruan euskarazko liburuak zeuden: sermoiak eta horrelakoak ziren, baina euskarazkoak». Ez da ñabarduna hutsala. «Josefaren prozesuan, gakoetako bat hizkuntza da: emakumea euskaldun hutsa zen».

Heldu da epaiketaren eguna, baina ordurako erabakita daukate Azketaren patua. «Sententziaren berri eman baino egun batzuk lehenago deitu zuten borreroa, Juan Carnero», idazlearen esanetan. Amak bere gain hartu du erantzukizun osoa, alaba salbatzeko. Eta heldu da, ezinbestean, exekuzioaren eguna. Borreroak Azketa bisitatu du, haren beharren artean dago-eta hilko duen hori janztea. Tarte labur horretan laburbildu du Jimenezek prozesu osoaren lazgarritasuna, detaile soil batean kontzentratua. «Borreroak emakumearen begiak ikusi ditu, eta izutu egin da».
Laster exekutatuko dute Josefa. Kondenatuak eta haren alabak Bilboko San Antongo zubi zaharra gurutzatu dute daborduko. Inork ez die alokatu nahi izan haiek eramateko mandorik, hiri osoan ez dute topatu bastarik. Herria erailketarekin guztiz ados ez balego bezala. Maripepatxuri hamar urteko kartzela zigorra ezarri diote Valladolideko presondegian (Espainia) —han hilko da, handik hiruzpalau urtera—, baina, hala ere, amarekin batera igo dute urkamendira: haren hilketa ikustera behartu dute, emakumearen aurre-aurrean ipinitako jesarleku batean.
Hil dute Josefa, azkenean; jendetzak ikusi du. Beharbada, orduan ere lore sorta xume bat eskainiko zion baten batek.