Bob Marleyren No woman no cry abestiaren kulunka gozo-saminean abiatu da ekitaldia, Hereje Fighters taldea oholtzan zela. Ibon Gaztañazpik (Orio, Gipuzkoa, 1977) hartu du hitza, eta 16 urterekin ¡Eh, petrel! liburua lehen aldiz irakurri zuen gazte bizargabe hark sentitutako «lilura ikaragarria» ekarri du gogora. Eta 15-16 urteren buruan, Hawaiin lanean ari zela, nola ekin zion liburua euskaratzeari, bera ere liburuari darion askatasun aldarriaren egarri. Elkarrizketa honetan azaldua du Gaztañazpik nolakoa izan zen liburua euskaratzeko bidea. 2022ko azaroan argitaratu zuten E, petrel! euskaraz, Pasaiako (Gipuzkoa) Albaolaren eta Tolosako (Gipuzkoa) Zumardiaren eskutik.
«Banoa. Erria txikotak. Bizitza nirea da, eta eskutik helduta, bagoaz biok munduan barrena».
Gaztañazpik berak ekin dio irakurraldiari. Euskaraz ere Orioko errioaren doinu polita dute liburuaren abiaburuko lerro hilezkorrek. Zenbat amets ez ote dituzte hauspotu hitzok 50 urteotan! 1968ko apirilean Bartzelonatik abiatu eta 38.000 itsas milia egin ondoren 1972ko udan Lekeitiora (Bizkaia) iritsi, lau urte pasatxoan eman zion munduari bira Julio Villarrek (Donostia, 1943), zazpi metroko Mistral belaontzi kozkorrean, nabigazioari buruz deus jakin gabe, argirik gabe, motorrik gabe, lema eta pilotu automatikorik gabe, GPSrik gabe, uretako jantzirik gabe... Haizearen eta gogoaren bultzada soilez.
«Orain nahiago dut Teruelen, Guadalajaran, Cuencan, Beceiteko portuetan edo Maestrazgoko mendietan pasieran ibili, hango mendi eta herri galduetan»
JULIO VILLAR Bidaiaria
Txikia zela, aitak mantapean biltzen zituen Julio eta sei anai-arrebak, eta «munduko bazter guztietara» eramaten zituen, «bidaia zoragarrietan»: Mongoliara, Amazoniara, Tirolera... Ondotik, Thor Heyerdahl norvegiarraren Kon-tiki espedizioari buruzko liburuak erabat liluratu zuen Villar haurra, eta urte gutxiren buruan, bera abiatu zen munduan barna. Eta bitakora koaderno xume bat idatzi zuen, sentimendu biluziei ere txikota askatuta, hitzei artifizio oro erantzita, ume batek egingo lituzkeen marrazki sinplez lagunduta.
Eneko Goia Donostiako alkateak nabarmendu du E, petrel! liburua «askatasunari, naturari eta bizitzaren edertasunari eginiko kantua» dela, eta Donostiaren izenean esker ona adierazi dio, «erakusteagatik beti dagoela beste itsaso bat, beste istorio bat, eta bizitza bera dela abenturarik handiena». Iñigo Aristegiren eskultura bat eman dio opari Goiak Villarri, herriaren esker onaren adierazle. «Hemen mundu bat irudikatzen da, eta mundu horren gainean, Julio», azaldu dio.

Xabier Agotek ere, Albaola Itsas Kultur Faktoriaren sortzaileak, eskerrak eman nahi izan dizkio Villarri. «Zu Kon-tiki-rena irakurtzen aztoratu zinen moduan, niri gauza bera gertatu zitzaidan 13 bat urterekin ¡Eh, petrel! irakurri nuenean. Ziurta diezazuket, bihotzetik, inoiz irakurri dudan kontakizunik ederrena dela. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkizut inspirazio iturri agorrezina zarelako».
«Eskerrik asko erakusteagatik beti dagoela beste itsaso bat, beste istorio bat, eta bizitza bera dela abenturarik handiena»
ENEKO GOIA Donostiako alkatea
Gaztañazpik taula gainetik, eta Idoia Goenagak, Aia Krusek eta Mikel Sarriegik jendartetik, liburuko pasarteen oihartzuna eta kresala ekartzen jarraitu dute. Enbatak, orka baleak, beti joanean bizi den nomada bat, Polinesiako uharteetako haurrak...
«Nire kilkerrak goxo kantatzen du, baina hitzik egin gabe. Ez du hizketan egin beharrik, ezer esateko premiarik gabe, ez du denborarik galtzen hitz jario dotoreetan».
Kilkerraren pasarteak irakurri ditu Aia Krusek, Villarri Mistral ontzian aldi batean konpainia egin zion kilkerrarenak. Eta Villarren kri, kri, kri gozoa hedatu da Viktoria Eugeniako Club aretoan bidaiaren nondik norakoak aletzen hasi denean. Halako batean, ordea, jendartetik sakelako baten ahots laguntzailea entzun da, ahots ikasia eta metalezkoa: «Sentitzen dut, ez dut ulertzen zer esaten duzun». Ez, adimen artifizialak ez du ulertzen Julio Villarrek esaten duena. Ez du ulertzen haren bizitzeko modu soila eta filosofia. Gaztañazpik E, petrel! liburuaren gaurkotasuna nabarmendu du, «hain azkar eta hain kanpora begira bizi garen honetan hau justu kontrakoa delako: bidaiatu patxadaz, tokietan geratuz, bertakoekin nahastuz, eta barrura begira».
«Hain azkar eta hain kanpora begira bizi garen honetan, hau justu kontrakoa da: bidaiatu patxadaz, tokietan geratuz, bertakoekin nahastuz, eta barrura begira»
IBON GAZTAÑAZPI 'E, petrel!' liburuaren itzultzailea
Munduari bira eman aurretik, mendian asko ibili zen Julio Villar, eta Pirinioetan, Europako mendietan eta Alpeetan egin zitezkeen eskaladarik zailenetako batzuk egin zituen. Hain zuzen, Peutereyko ertzean izandako istripu larriaren osteko sendatze prozesuan erabaki zuen itsasoratzea eta munduari bira ematea.
Gaur egun, ordea, ez litzateke gaztetan ezagutu zituen itsaso eta uharte haietara menturatuko; haren ibilia beti izan da pausatuagoa, eta mendira joango litzateke berriro, inor gutxi dabilen mendietara. «1968an, mundua ez zen gaur bezalakoa. Paul Gauguin margolariak ezagutu zituen moduan aurkitu nituen nik uharte asko. Jendea oso abegitsua zen, itsasontzirik ez zegoen... Itzuli naiz geroztik Galapagoetara [Ekuador] eta beste uharte batzuetara, baina aldatu egin dira lekuak. Lehen bakarrik nengoen badietan, itsasontzi mordoa dago orain. GPSak, aireportuak, oporlekuak... dena aldatu da. Orain nahiago dut Teruelen, Guadalajaran, Cuencan, Beceiteko portuetan edo Maestrazgoko mendietan [Espainia] pasieran ibili, hango mendi eta herri galduetan».