Badira pertsonen barnean sartzen eta bertan arakatzen dakitenak, eta hargatik, edonora doazela ere, arrastoa uzten dutenak. Juan Carlos Samaniego Tximist prestatzaile fisiko izandakoak hamaika bazterretan zabaldu zituen bere balioak. Diziplina ugaritako kirolariekin egin zuen lan, hala futbolariekin nola surflari eta pilotariekin. Urte asko eman zituen Realean lanean, emakumezkoen taldean bereziki. Zubietako zelaian makina bat aldiz urratu zuen ahotsa, eta orro hark oihartzun egiten du oraindik, laztan modura. Izan ere, gaur hamar urte dira hil zela, eta maitasun handiz oroitzen dute harekin aritutako kirolari askok eta askok.
«Honako hau da nire metodoa: pertsona bilatzen dut aurrena, eta pertsona irabazten dudanean, nire metodoa saltzen diot». Hala zioen Tximistek ETBk grabatutako bideo batean. «Astelehenetik ostiralera saiatzen naiz jokalariei eman dezaketen guztia eskatzen, eta eurek beti ematen didate eskatzen diedana baino gehiago. Niregatik egin duten sakrifizioa itzuli nahi izaten diet igandero. Beraz, ostegunera arte ahotsik gabe gelditu behar badut, geldituko naiz. Niretzat ohore bat da ahal dudan guztian laguntzea, horixe da nire lan egiteko modua». Bideoan dio biziotzat zuela Realeko emakumezkoekin lan egitea. «Oso pozik nago beraiekin lan egiten dudalako. Fortuna handi bat dut horregatik».Â
«Bazekien noiz geunden hilekoarekin, noiz geunden triste, noiz haserre... Eta beti asmatzen zuen nola lagundu. Gutxik dakite entzuten berak entzuten zigun bezala»
MARINA AGOUESÂ Futbol jokalari ohia
Aintzane Encinas eta Marina Agoues Realeko jokalari ohiek ere fortunatzat dute hura noizbait aldamenean eduki izana. Are, Encinasek dio inor gutxik izango duela Tximistenganako hitz txarrik, eta uste du hori ez dela kasualitatea. «Begira: aurreko batean Realeko jokalari izandako batekin izan nintzen Madrilen, futbolarien ekitaldi batean. Hitz egin genezakeen futbolaz edo beste edozeri buruz, baina Tximisti buruz aritu ginen. Pentsa zenbaterainoko lorratza utzi zuen gugan...». Kontatu du «izugarrizkoa» zela egiten zuen lana, «barruan zuen guztia» ematen ziela jokalariei, zelaian indarrak xahutzeraino. Agoues bat dator Encinasekin; hunkituta oroitu ditu Tximistekin pasatutako uneak. «Ederki ezagutzen gintuen. Une oro zekien zer pasatzen zitzaigun: bazekien noiz geunden hilekoarekin, noiz geunden triste, noiz haserre... Eta beti asmatzen zuen nola lagundu. Gutxik dakite entzuten berak entzuten zigun bezala». Hain zuzen ere, horixe zen pertsonak irabazteko erabiltzen zuen metodoa.
Bi futbol jokalari ohiek kontatu dute Tximistek bazuela ingelesezko esaldi maite bat: No pain, no gain [Minik gabe ez dago irabazirik] —Scorpions taldearen kantu baten izenburua da—. Diote esaldi horrek ondo laburtzen dituela Tximisten balioak. Biek daramate azalean tatuatuta esaldi hori. «Jende askok tatuatu zuen, jende askok maite zuelako», esan du Encinasek.
Lesioetan lagun
Kirolariek minik edo lesiorik bazuten, Tximistek ahaleginak eta bi egiten zituen ahalik eta ondoen senda zitezen. «Joan gintezkeen medikuarenera, edo fisioterapeutaren batengana... Baina guk berarekin egon nahi genuen, guretzat bera zelako lesioez gehien zekiena», dio Agouesek. «Aita moduko bat zen guretzat, psikologo bat... Gerora egon naizen ekipoetan beti sumatu izan dut Tximist bezalako pertsona baten falta». Gauza bera pasatu zaio Encinasi, baina uste du «inon» ez dagoela hura bezalakorik. «Tximist gure barneraino sartu zen, eta izugarrizko arrastoa utzi zuen. Gerora, berak transmititzen zituen balioak bilatzen saiatu gara beste batzuengan, eta agian zail samar jarri genien haren atzetik etorri ziren prestatzaileei».

Juan Carlos Samaniego Tximist eta Marina Agoues, Zubietan. BERRIA
Agouesek lesio larri bat izan zuen 2018ko abuztuan, Eibarrek fitxatu berri zuela. Handik hilabetera egin zioten lehen ebakuntza, eta gerora hainbat medikurekin izan bazen ere, ez zuten zelaira itzultzeko modurik aurkitu. «Askotan gogoratzen nintzen Tximistekin», dio irribarrez. «Iruditzen zitzaidan Tximist nirekin egon izan balitz lortuko nukeela zelaira itzultzea, nahiz eta ezin den sekula jakin».
Nolanahi ere, Tximist ez zen futbolariekin soilik aritu; pilotariekin, segalariekin, surflariekin, txirrindulariekin eta abarrekin ere aritu zen lanean. Aritz Aranburu surflariak lagun izan zuen lesio batean, eta oso oroitzapen polita du gordea harrezkeroztik. «Nik ez nuen ezagutzen Tximist, baina oso gauza onak esan zizkidaten hari buruz. Realean baimena eskatu zuen ni sendatzeko, eta harekin pasatu nuen denbora bat. Tximist zen lesioa osatzeko behar nuen sendagaia». Surflariak dio, lesiotik ateratzen ez ezik, mentalki ere asko lagundu ziola. «Oso energia ona transmititzen zuen. Animoak ematen zizkidan aurrera egiteko».
«Realean baimena eskatu zuen ni sendatzeko, eta harekin pasatu nuen denbora bat. Tximist zen lesioa osatzeko behar nuen sendagaia»
ARITZ ARANBURU Surflaria
Ez zekien surfari buruzko gauza handirik, baina kosta ahala kosta lagundu nahi izan zion Aranbururi. «Oso ausarta zen. Segalariak ere entrenatzen zituen, eta esan zidan nire bideo batzuk ikusi zituela, eta surfak eta segak bazutela antzekotasunik, bazirela antzera egiten genituen mugimendu batzuk». Surflariak ez zuen zalantzarik izan; Tximistek lagun ziezaion nahi zuen. «Ikusten nuen zenbat jendek maite zuen, eta berehala jakin nuen zergatik. Ahal zuen guztia ematen zuen. Oso eskuzabala zen. Hari ikasi nizkionak nire egunerokoan aplikatzen saiatu naiz beti». Aranburuk askotan sentitu du haren hutsunea, baina «oso presente» du oraindik. «Futbolari asko ezagutu nituen Tximisti esker, eta gaur egun oraindik badut eurekin harremana. Hori ez du edozeinek lortzen».
Edurne Sagastume eta Julen eta Irati Samaniego Tximisten etxekoek diote babes handia sentitu dutela hamar urteotan. «Ezin dugu itzuli jendeak aitarengatik eta guregatik egiten duen guztia. Ikaragarria da alboan halako jendea izatea». Kontatu dute ibilaldi bat eginez omentzen dutela urtero-urtero, haren ikaskide izandakoek antolatuta; familia, lagunak eta diziplina ugaritako kirolariak elkartzen dira egun horretan. Ondo dakite dena ematen zuela zelaian, eta jokalariek horregatik dutela maiteenen artean. «Partidetatik etxera iristen zenean, bagenekien ehuneko ehuna eman zuela zelaian. Ahotsik gabe iristen zen asteburuero, bere neska-mutilak ederki animatzen baitzituen partidetan. Realean berarekin aritutako emakume futbolariek beti esan izan digute aitatzat zutela kasik».Â