Tximisten balioak mundura zabalduz

Juan Carlos Samaniego 'Tximist'-i ikasitakoak mundura zabaldu nahian ari da Aintzane Encinas Realeko futbol jokalari ohia. Horretarako sortu zuen Tximist fundazioa, eta askotariko jarduerak antolatzen ari da munduan.

Aitzane Encinas, azaroan, Hegoafrikan, hango haur batzuek 'Equality Ball' baloia eskuetan dutela. AINTZANE ENCINAS
Aintzane Encinas, azaroan, Hegoafrikan, hango haur batzuek 'Equality Ball' baloia eskuetan dutela. AINTZANE ENCINAS
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko urtarrilaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Juan Carlos Samaniego Tximist hil zela hamar urte bete badira ere, Aintzane Encinas Realeko futbol jokalari ohiak «oso presente» du oraindik. Klubeko prestatzaile fisikoa izateaz gain, lagun handitzat zeukan. Horregatik, hari ikasitako balioak zabaltzen aritu da hamar urteotan. «Erakutsi zigun futbola sakrifizioa dela, errespetua, laguntasuna eta berdintasuna. Genero bereizketarik gabeko kirolean sinisten zuen. Tximist bezalako jende gehiago izango balitz, mundua leku hobea izango litzateke».

Encinasek kontatu du neska gaztez osatutako futbol txapelketa bat antolatzea izan duela beti amets. «Gizonezkoen txapelketa ugari zeuden ni umea nintzela, eta emakumezkoen futbol txapelketa bat sortzeko premia sentitu nuen». 2015ean, bere nahiaren berri eman zion Tximisti. Hondarribiko Udaleko (Gipuzkoa) zinegotzi baten kontaktua bidali zion hark, txapelketa sortzen lagunduko zion batena; eta handik egun gutxira zendu zen Tximist, 2016ko urtarrilaren 8an. «Hura izan zen egin zidan azken oparia. Pentsa: gaixo zegoen, eta bere azken egunetan ere gainerakoei nola lagunduko ote zien baizik ez zuen buruan». Encinasek ez zuen etsi, eta txapelketaren ideiarekin segitu zuen. Lortu zuen antolatzea, Hondarribian, eta Tximist Cup izena jarri zion, lagunaren omenez. Tximist hil zen urtean bertan antolatu zuen lehen txapelketa, eta esan du urtez urte handituz doala. «Lehen aldian, berrehun emakumek parte hartu zuten, eta orain 2.500 inguru dira. Beraz, esan dezakegu proiektuak bilakaera ona izan duela».

(ID_17677824478665) (/EZEZAGUNA)
Aintzane Encinas eta Juan Carlos Samaniego Tximist, Zubietan. AINTZANE ENCINAS

Tximist fundazioa sortu zuen gerora, eta askotariko jarduerak antolatu ditu zigilu horren pean. Esaterako, Equality Ball izeneko baloia aurkeztu zuten iaz, «gizonezkoen eta emakumezkoen futbolaren arteko bereizketarekin hautsi asmo duen lehen baloia». Encinasek dio futbola jende asko batzen duen kirol unibertsal bat dela, baina arrakalak dituela oraindik. «Hori iraultzeko sortu genuen Equality Ball. Ez dugu desberdintasunez hitz egin nahi, futbolaz hitz egin nahi dugu. Asmoa da munduko edozein lekutan bizi diren haurrek futbolaz etiketarik eta oztoporik gabe gozatu ahal izatea».

Berdintasun baloi horrekin irabazitako diruaren zati bat mundu osoko komunitate behartsuetan kirol eta hezkuntza azpiegiturak eraikitzera bideratuko du fundazioak. Sustatuko duten lehen proiektua hau izango da: Equality Stadium Kenya eraikitzea. Futbol zelai handi bat eraikiko dute herrialde horretan, edateko ura, harmailak, aldagelak eta haurrentzako aulkiak izango dituena. «Eragin sozial eta komunitarioa sortu nahi dugu zelai hori sortzearekin batera. Horretarako, Kenyako Football Without Borders-ekin ari gara lanean, komunitate oso baten etorkizunaren alde lan egiten duen erakundearekin», azaldu du Encinasek. «Proiektu hau ez da azpiegitura huts bat. Berdintasuna da, itxaropena. Tximistenganako maitasunak eta oroimenak errealitateak alda ditzakeela erakutsi nahi dugu». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.