Gernika koadroaren egurrezko erreplika egingo du Mikel San Juan tailugileak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1968), tamaina errealean. Egurnika izena jarri dio proiektuari. Azpimarratu nahi izan du ez dela bakarkako lan bat, taldean egindakoa baizik. San Juanekin batera, 30 pertsona inguruk osatzen dute lantaldea; Erik Jones, Marian Quintana eta Arkaitz Pie de Hierro dira horietako batzuk.
Tamaina horretako koadro bat egiteko zenbat egur behar da?
Asko. Guretzat beldurgarria da; izan ere, pieza oso handiak dira. Sei pusketa handitan egingo dugu koadroa, desmuntagarria izango baita, mugitu ahal izateko. Pusketa horiek 2,70 metro luze dira eta 1,75 zabal.
Erraza al da egur puska horiekin lan egitea?
Bloke handiak dira, eta oso lodiak. Ohituta gaude erliebe batzuetan egiten, baina, orain, zazpi eta hamalau zentimetroko erliebe batzuetan ibiliko gara. Egurra ere mugitu egiten da, eta ikusi egin beharko da nola doan.
Nondik sortu zen Egurnika-ren ideia?
Orain dela urte batzuk hasi zen dena. Aitarekin lan egin dut txikitatik, eta, erretiroa hartzear zegoela, askotan komentatzen genuen. Egurrezko Gernika tamaina txikian eginda dago, baina handian oraindik ez. Aitaren ametsa zen, eta beti esaten zuen gustura egingo zuela koadroaren egurrezko erreplika handia nirekin.
Jende gehiagoren laguntza izango duzu?
Oraintxe bertan 30 inguru gara taldean. Ezinezkoa da erreplika hori egitea talde bat sortu gabe. [Azpeitiko] Arte eta Diseinu elkartean klaseak ematen ditut, eta bertako jendeak ere parte hartu nahi du; lehendik eskolan ibilitako jendea ere batu da. Irekita dago etorri eta probatu nahi duenarentzat.
«Gure asmoa da 2037rako bukatzea, ehun urte beteko baitira Gernikako bonbardaketatik»
Lan egiteko lekuak ere handia izan beharko du.
Bai, eta asko kostatu zaigu lokala lortzea; udalak lokal bat eman digu. Ez da guk nahi bezain handia, baina ondo dago. Noski, ezin izango dugu proiektua bukatu orain hasi garen lokal berean.
Urte asko daramatzazu egurrarekin lanean. Inoiz egin duzu horrelako tamainako lanik?
Handiak egin izan ditut, baina proiektu hau bezain handia inoiz ez. Lau metro ingurukoak egin izan ditut, eta, lan handia zuten arren, ez du zerikusirik oraingo lan honekin. Horregatik sortu dugu lantaldea, eta horregatik beharko ditugu horrenbeste urte hau egiteko.
Zenbat urte beharko dituzue proiektua bukatzeko?
Ez dakigu, hori da arazoa. Iaz, taldea sortu genuenean, kalkuluak egin genituen. Gure asmoa da 2037ko apirilerako bukatzea, ehun urte beteko baitira Gernikako bonbardaketatik.
2037an amaitzen baduzue, non egongo da ikusgai?
Komentatu genuen polita izango litzatekeela Gernikara eramatea, baina ez dakigu. Amaitzear gaudenean erabakiko dugu zer egin koadroarekin.
lotsabako
Irakatsi edo zuk egin?
Nik neuk egin.Lanik kuttunena?
Donostiako Aquariumeko atea.Amets bat?
Gazteek tailugintzari jarraipena ematea.