Begiraleak, sendagileak, erizainak, gidariak, logistika arduradunak, kamerariak eta kazetariak dira Euskarabenturako urdinak: partaide helduak. Koordinatzaile aritu izan dira Irune de la Maza (Getxo, Bizkaia, 1993) eta Alaitz Elizburu (Forua, Bizkaia, 1998).
Nola doa aurtengo Euskarabentura?
IRUNE DE LA MAZA: Momentuz bero handiarekin, baina ondo doa.
ALAITZ ELIZBURU: Beroak asko eragin du. Nekea geurez badaukagu, eta beroarekin esfortzu bikoitza egin behar da. Bagoaz apurka-apurka, gustura.
Zer sentimendu piztu zaizkizue azkeneko egunetan?
DE LA MAZA: Oso urduri nabil. Biok askotan hitz egin dugun kontu bat da: biok erabaki dugu aurtengoa gure azken Euskarabentura izatea. Espedizioaz ari naiz, zeren egitasmoa bera ez dugu guztiz utziko. Urduri jartzen gaituen kontu bat da hau, edonola ere. Etapa aldaketa bat da. Oso gustura eta eroso gaude. Baina aldaketa guztietan bezala, ezjakintasun giro batera goaz.
Lekukoa ematen ari zarete.
ELIZBURU: Bai, dagoeneko bi pertsona daude lekukoa hartuko dutenak. Biak daude proiektuan aspalditik; hasieran gazte parte hartzaileak izan ziren, eta azkenaldian begirale aritu dira. Koordinazioan sartu dira, eta oso pertsona bereziak dira guretzat. Lasai gaude alde horretatik.
Nolako harremana duzue koordinatzaile berriekin?
DE LA MAZA: Konfiantza handikoa. Proiektuarekiko konpromisoa adierazi dute hasiera-hasieratik. Badakigu hor egongo direla, proiektua sustengatuko dutela.
Euskarabenturaren etorkizuna ziurtatuta dago?
DE LA MAZA: Lantaldeari dagokionez, bai. Lantalde urdinarekin erabateko konfiantza dugu. Erakutsi duten konpromisoagatik, proiektua aurrera doa.
ELIZBURU: Oso barneratuta daukate, bakoitzak dituen eginkizunetik kanpo ere, bizikidetza giro oso on bat dagoela. Baten bat nekatuago edo ahulago baldin badago, laguntzeko prest izaten dira. Talde urdina beti dago hor atzean.
DE LA MAZA: Ekonomia aldetik eta diru aldetik, Euskarabentura ez dago %100 bermatuta. Baina hori ez dago gure esku.
Aurreko batean, Edurne Azkarate aktoreak Arabako herri batean goraipatu zituen Euskarabenturako partaide gazteak. Badute zerbait berezia gazte hauek?
ELIZBURU: Bai, zeren, azken finean, proiektu bat aurkeztu behar dute Euskarabenturan parte hartzeko. Horrek jada esaten digu zerbait haien inguruan. Espedizioan elkartzen direnean, hasierako kontzientziazio linguistiko hori pizteko, prest daude. Zeozer bada hor. Txip txikiren bat badute, barruan daramatena. Bereziak direla argi daukagu.
Esker ona nori eta zer hitzekin eman nahi diozue?
DE LA MAZA: Lantaldeak ez du izango elkarrizketa honen berri, argitaratzen den arte. Urdinei edo izokinei gure esker ona adierazi nahi diegu publikoki, bai aurtengoei, bai aurreko urteetakoei. Guri lana erraztu digutenei, babestu eta zaindu gaituztenei, publikoki eskertza eta aitortza bat egin nahi diegu.
ELIZBURU: Haiek gabe, hau guztia ez zen posible izango. Euskarabenturak ezingo zuen aurrera egin. Gainera, hau ez da amaitzen uztailaren 31n; urtean zehar familia moduko bat sortu dugu, eta urdinak prest daude proiektuan behar denerako laguntzeko.
Urdinak ez dira, beraz, egunak eta gauak reel-ak eta tiktok-ak begiratzen bakarrik gelditzen diren horietakoak.
DE LA MAZA: Ez, ez, batere ez, gainera. Oso gutxitan aurkituko dugu horrelako lantalde bat. Eta Euskarabenturan bakoitzak aurkitu du bere lekua.
ELIZBURU: Halaxe da.
Beste modu batean egin ezin diren gauzak ere badira espedizioan.
DE LA MAZA: Hori da. Plan batzuk ezin dituzu zure herrian edo zure kuadrillan egin. Euskarabenturan soilik egin ahal dituzu.
Malkorik irten zaizue egunotan kontu hauekin?
ELIZBURU: Bai, bai. Zerainen sorpresa txiki bat egin ziguten: bertso batzuk kantatu zizkiguten. Ez duzu nahi hau amaitzea... Bion izenean diot: bada garaia gure aldetik publikoki esker ona adierazteko urdinen talde osoari. Hilaren 31 iritsi bitartean ere eroriko da beste malkoren bat, baina prest gaude.
Zuen inguruko nerabeak nola animatuko zenituzkete hurrengo urteetako Euskarabenturetan parte hartzeko?
ELIZBURU: Esango nieke zalantza barik animatzeko. Bizitza aldatuko dien zerbait da. Euskarabenturak gaitasuna du klik egiteko, eta pila bat balio ikasten dituzu bertan. Gazteek ikasten dute harremantzen, benetan eurak izaten, epaituak izango ez diren eremu batean... Sekulako aukera da.
DE LA MAZA: Euskarabenturak aukera ematen dizu hutsetik harremanak sortzeko. Nahiz eta batzuetan zaila izan, hemen aukera dago hutsetik hasi eta norbere herrian esan edo egin ezin diren gauzak bertan egin eta aldarrikatzeko.
Abuztuaren 1etik aurrera, zer?
ELIZBURU: Abuztuaren 1etik aurrera, ez gara egongo Euskarabenturan. Eta biok badakigu ez garela egongo lanpostu batean inon hain gustura.
DE LA MAZA: Beste etapa bat hasiko da, eta kontziente gara ez garela hain ondo egongo beste inon.
lotsabako
Euskarabenturako oinezko etapa bat?
DE LA MAZA: 2018ko uztailaren 1ekoa, Mauletik Jutsira [Zuberoa]. Lehena izan zen.Ezagutu duzuen pertsonaia ospetsuren bat?
ELIZBURU: Porrotx.Kanta bat Euskarabentura gogorarazten dizuena.
Xiberoots taldearen Lasai.