Aste Nagusiaren arrastoa gero eta nabariagoa da Bilboko farmazietan. Alkohola edan eta hurrengo eguneko ondoeza hobeto pasatzeko gero eta produktu gehiago merkaturatzen ari dira. Horiek eskura izanda, jendeak jada ez du nahi izaten ajea arindu bakarrik: orain, sintomak saihesteko antidotoak bilatzen dituzte. Horrela eboluzionatu du eskariak, Maria Coste farmazia teknikariaren arabera (Bilbo, 1992). Hamar urte daramatza Zazpikaleetan dagoen Maria Uriarte farmazian, eta horietatik bederatzitan egon da Bilboko jaietan lanean.
Nola aldatzen da farmaziaren jarduera Aste Nagusian?
Goizean etortzen da jende gehiena: ohiko publikoa izaten da, eta saltzen ditugun produktuak ez dira asko aldatzen. Arratsaldean, ordea, giroa nahikotxo lasaitzen da: normalean, ordu horietan etortzen dira enkarguren bat daukatenak, lehenago etorri ezin izan direnak, edo farmazia bidean dutenak. Gainera, arratsaldean saltzen diren produktuetan aldaketa igartzen da jaietatik kanpoko egunekin konparatuta.
Zer produktu edo sendagai saltzen dira gehien?
Medikazioari dagokionez, esango nuke ohikoa saltzen dela, agian parazetamol edo ibuprofeno gehiago. Baina, zalantzarik gabe, bezeroek gehien eskatzen dutena Almax da, otordu gehiegizkoak edo astunak direla eta. Bestalde, ajerako Resalim eta Hidroxil asko saltzen hasi gara; B taldeko bitaminen multzoak dira, eta ajearen sintomak hobetzen laguntzen dute; hala ere, ez dituzte guztiz kentzen. Gomendagarria izaten da alkohola edan baino lehenago hartzea hurrengo eguneko ondoeza saihesteko.
Orain boladan jarri da ajerako elektrolitoak hartzea ere.
Bai, agian hori aurten nabarituko dugu: lehen ez ziren hainbeste eskatzen. Egia da atzerritarrak ohituta daudela horiek hartzera, eta noizbait etorri dira erostera. Orain hemen ere boladan jarri da: prestatzen den seruma daukagu guk, eta horren eskaintzak gora egin du, orokorrean.
Zeintzuk dira egun hauetan dituzuen osasun arazorik ohikoenak?
Batez ere janari oparoegiak. Babak eta edalontzien ebakiak ere oso ohikoak dira. Ostalariak ere askotan etortzen dira ebakiekin edo erredurekin.
Alkoholarekin edo drogekin lotutako galdera asko egiten dizkizuete?
Tratamendu antibiotikoa hartzen ari direnen ohiko galdera izaten da ia alkohola edan ahal duten. Duela bost urte inguru, gurasoen artean boladan jarri ziren alkohol edo droga probak; esango nuke beraien seme-alabentzat erosten zituztela. Baina jada ez dituzte hainbeste eskatzen.
Jende asko etortzen al da ajerik ez izateko produktuen bila?
Gaur egun gero eta gehiago eskatzen dira ajea hobeto pasatzeko produktuak; lehen jendea ez zen hain zuhurra. Adibidez, Resalim eta Hidroxil asko saltzen dugu azken boladan. Jendea festan atera baino lehenago etortzen da produktu horien bila. Janariekin, aldiz, ez dira hain zuhurrak: asko txokotik zuzenean etortzen dira zerbaiten bila, gehiegi bete direlako.
Zer ez duzu gomendatzen ajearentzat?
Ez dugu ibuprofenoa gomendatzen; izan ere, oso txarra da gibelerako alkohola edan ostean. Gainera, soilik buruko mina kentzen du, ez du ajea kentzen, ezta saihesten ere. Horregatik, beti saiatzen gara beste aukera batzuk eskaintzen. Bestalde, janari pisutsu edo oparoegientzako antiazidoak gomendatzen ditugu; naturalak direnak eskaintzen saiatzen gara.
Preserbatibo gehiago saltzen dira jaietan?
Orain dela urte batzuk, Eusko Jaurlaritzak kanpaina bat egin zuen, eta preserbatiboak euro batean eskaintzen zituen; horiek dezente saltzen genituen. Jada kanpaina hori ez dago martxan, eta ohiko kantitateak saltzen ditugu. Agian hiriko beste farmazia batzuetan eskaria handiagoa da, baina guk hemen ez dugu alde handia nabaritzen.
Ohikoa da jaietan biharamuneko pilula eskatzea?
Bai, eta urte batzuetan salmentak handitu egin dira. Normalean, goizeko lehen orduan etortzen dira pilula erostera; askotan, atean zain egoten dira.
Bizi izan duzu pasadizo bitxiren bat farmazian Aste Nagusian?
Orain dela urte batzuk, gauez kutxako dirua lapurtzera sartu ziren, eta hurrengo egunean beldurtuta ibili nintzen bueltatuko zirelakoan. Baina normalean jaietako giroa ona izaten da, eta ez da arazorik egoten. Nik askotan goizeko berriketak izaten ditut farmaziaren aurrean parrandan jarraitzen dutenekin. Izan ere, ostiralean jai izaten da Bilbon, eta nik beti egiten dut lan zapatuan; horregatik, goizean zabaltzera heltzen naizenean denetarik aurkitzen dut. Gainera, jendea hemen ibiltzen da; lehen, after-ak Barrenkalen zeuden, baina, orain, mundu guztia hona dator.
Galdera-Erantzuna
Produktu salduena?
Antiazidoak.Ajearentzako antidotoa?
Hidratatzea.Aste Nagusia farmazian, hitz batean?
Poza.