Carolina Bang. Filmen eta telesailen ekoizlea

«Aktoreek zerbait sentiarazi behar dute»

Realaren fundazioak antolatutako Korner festibalean parte hartu du Bangek, 'Pollos sin cabeza' telesailari buruzko solasaldi batean. Futbol manager baten gorabeherak kontatzen dira bertan, komedia giroan.

MANIX DIAZ DE RADA / REALA.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Aktore ibilbidea hasi eta 2010ean Goya sarietarako hautagaia izan zen. Baina aktore lanak utzi, eta 2014tik telesailen eta filmen ekoizlea da Carolina Bang (Tenerife, Espainia, 1985). Pokeepsie Films ekoiztetxea sortu zuen Alex de la Iglesiarekin batera.

Pollos sin cabeza telesailaz hitz egitera etorri zara Donostiako Anoeta estadiora. Futbolaren munduak halako komedia baterako emango zuela pentsatu al zenuen inoiz?

Futbolaz ez dakit ezertxo ere. Baina futbolaren industriaren atzean dagoena umorez kontatzeko ideia izan genuen Alex de la Iglesiak eta biok. Eta hemen nago.

Zer moduzko harrera izaten ari da?

Primerakoa. HBO Max plataformakoek esaten diguten guztia oso ona da.

Aktoreek ikusleekin konektatzen dutenean, errazagoa izan ohi da, ezta?

[Aldamenean da Buenos Airesko Miguel Angel Sola aktorea, elkarrizketa entzuten; eta «aktore taldea» aldarrikatu du]. Aktoreek ikusleak maitemindu behar dituzte, zerbait sentiarazi behar diete. Bestela paper errea da dena.

Telesailak bigarren denboraldia izango al du?

Bai, gidoilariak horretan ari dira lanean. Futbola gustatzen ez zaion jendeari ere iritsi zaio; hau da, ez da soilik futbolzaleentzat.

Gidoi onak al dira estrategiarik onena partidak irabazteko?

Luxuzko gidoilariak izan ditugu. Jorge Valdano Saenz eta Pablo Tebar apartak dira; Valdanoren aita futbolaria izan zen, eta cameo txiki bat ere egiten du.

Futbolari baten inguruko telesail bat egingo al zenuke?

Ez dut halakorik pentsatu. Pollos sin cabeza-n muturrekoak diren pertsonaiak sartu ditugu industria hori barrutik nolakoa den kontatzeko. Ez dugu talde edo jokalari zehatzik aipatu, nahiz eta ikusleek badituzten erreferente argi batzuk.

HBO Max-entzat egiten ari zarete 30 monedas telesaila ere. Zer ezusteko ekarriko ditu bigarren denboraldiak?

Hilabete honetan amaituko dugu, eta urrian estreinatuko da. Oso pozik gaude. Mugitua da bigarren denboraldia.

Hirugarrenik egongo al da?

Ez dakit esan daitekeen, baina ziurtatzen dizut baietz.

Ameriketako Estatu Batuetan harrera ona izan du lehen denboraldiak, ezta?

Bai, gainera AEBetan HBO telebista katean estreinatu zuten, eta harrera bikaina izan zuen.

Generoko edukien zaleak zarete, bistan denez.

Beldurrezko eta fantasiazko generoak oso gogoko ditugu. Baina denetarik egiten dugu: Culpa mía gazteentzako lan erromantikobat da, El Cuarto Pasajero komedia da...

Culpa mía filma Amazon Prime Videok estreinatu du. Euskarara bikoiztuta ere bai. Ekoizpen bat hainbat hizkuntzatan zabaltzea ona da beti, ezta?

Bai, noski. Gero eta ikusle gehiagorengana iritsi, are hobe. Hizkuntza askotara bikoiztu dute Culpa mía; oso garaiz bidali genuen filma, bikoizketak eta azpidatziak egin zitzaten.

Netflixentzat 1992 telesaila egingo duzue. Hasi al dira grabaketak?

Oraindik ez, baina laster hasiko dituzte. Sevillako [Espainia] Expo 92 erakusketan girotuta egongo da, eta hilketa batzuk gertatuko dira. Ezin da gehiago kontatu.

Baina ikusleak harrituko al ditu?

Asko harrituko ditu, bai.

Pokeepsie Films ekoiztetxean gero eta eduki katalogo zabalagoa duzue. Garai onak al dira ekoizpenak egiteko?

Bai, Espainiako telesail batzuk nazioartean arrakasta izaten ari dira. Eta plataformek ikus-entzunezko industria eraman dute eremu batzuetara lehen soilik zinema aretoekin oso zaila izango zena. Bolada oso onean gaude.

Aditu batzuek diote plataformen burbuila noizbait lehertuko dela. Zer iritzi duzu?

Ez dakit zer esan nahi duten horrekin. Ikus-entzunezko eduki asko daude, baina jendeak eduki asko ikusten dituelako. Ez zait iruditzen burbuila dagoenik.

Irati filma ikusi al duzu?

Bai, eta Paul Urkijoren Errementari filmean ekoizleak izan ginen. Ahal dudan guztia ikusten dut.

Aktore lanera itzuliko al zara?

Oraingoz, ez. Aktore lanak albo batera utziak ditut orain, eta oso pozik nabil ekoizle lanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.