Hamarkadak daramatza Bilbon bizitzen Francisco Dehesa Santisteban albaitariak (Karrantza, 1952), baina sekula ez du galdu sorterriarekiko lotura. Berehala zehaztu du Matienzo auzoan sortu zela, «Kantabriako mugatik oso-oso gertu, baserri bakarti batean». Eta giro horrek ezarri zuen haren bidea, hein handi batean, Bilboko Udalera eramateraino, paradoxikoki. Kontsumo eta Osasun Saileko zuzendaria izan zen urte luzez, eta Gizarte Ekintza saileko buru ibili zen azken boladan, 2017an erretiroa hartu zuen arte. Bi sailetako taldeen «maila teknikoa eta humanoa» nabarmendu ditu. «Zorte handiko langilea izan nintzen». Bilboko Mediku Zientzien Albaitaritza saileko presidenteordea izan zen, eta Espainiako Albaitari Zientzien Errege Akademiako kidea ere bada. Bizkaiko albaitaritzaren historiaren inguruan ikertzen dihardu orain.
Zalantza izan zenuen ea Albaitaritza ikasi edo Nekazaritza Ingeniaritza ikasi. Baina, edozelan ere, baserriko lanekin lotutako zerbait egin nahi zenuen, ezta?
Bai, hori argi neukan. Eta, azkenean, erabaki nuen albaitaritza egitea. Arrazoiak? Baserritar munduak, haren rolak eta etorkizunak kezkatzen ninduten. Leongo albaitaritza eskolak prestigioa zuen, nekazari produktuen ekoizpenari buruzko ikasketak nahiko sakonak ziren han... Etxetik gero eta urrunago nengoen. Karrera bukatutakoan, beste erabaki sakon bat hartu behar izan nuen: edo ikerketa munduan sartu eta doktoretza egin, edo albaitari moduan lan egin. Eta albaitari lanean ere bi alternatiba nituen: albaitari klasikoa izatea, baserri batetik bestera ibilita, edo ekoizpen munduan sartzea. Karrantzan bazegoen pentsua ekoizten zuen kooperatiba bat, Guvac. Itzultzea erabaki nuen. Nahiko urte egon nintzen familiagandik urrun, nahiz eta udan eta opor guztietan baserrira bueltatu eta hango lanak egiten nituen.
16 urteetatik noiz arte egon zinen Karrantzatik kanpo?
22 urte bete arte. Aitarekin eta amarekin egon nahi nuen. Gero bizitzak arrazoia eman zidan, ama laster hil zen eta. Eta garai hartako Euskadiko giroa oso interesgarria zen, edozein ikuspuntutatik: egoera soziala, aldaketa politikoa... Baserriaren munduan izugarrizko aldaketa gertatu zen. Sindikatu bertikalaren ordez —Camara Oficial Sindical Agraria deitzen zena—, 1977an EHNE sortu genuen. EHNEn tekniko moduan ibiltzen nintzen denbora librean; hasieran lan handia egin nuen, baina 1978an Guvac-eko gerentea joan egin zen, eta errektore batzarrak ni aukeratu ninduen hura ordezkatzeko.
«Leongo Albaitaritza Fakultatean, Euskal Herriko beste ikasle batzuekin euskara klaseak martxan jartzea lortu genuen»
Eta Guvac-en jarraitu zenuen Bilbora etorri zinen arte, ezta?
Bai. 1980an etorri nintzen Bilboko Udalera, baina haiekin aritu nintzen urte bat baino gehiago.
Zergatik sartu zinen administrazioan? Aldaketa nabarmena izango zen Karrantzatik Bilbora etortzea...
Karrantzan gorputza eta arima ematen nituen, eta kooperatiban jarraitzeak eskatzen zidan modu berean segitzea; eta ezin nuen, oso nekatuta nengoen. Oposizio bat atera nuen Estatuko Albaitari Titular izateko, eta, bueltaka ari nintzenean ea zer herritara joango nintzen lanera, Bilbora etortzeko beste oposizio bat atera zuten, eta lanpostua lortu nuen. Pentsatzen nuen erakunde batean lan egitea askoz eramangarriagoa izango zela, eta horrela izan zen hasieran. Gero, urteak pasatu ahala konturatu nintzen arazoa ez zela lana, arazoa ni nintzela: lana aldatu nuen, baina jarraitu nuen EHNErekin gauzak egiten, baita Karrantzako kooperatibarekin ere, hasieran.
Bilbon zeunden, baina oso lotuta Karrantzara, hala ere.
Bai. Hona etorri eta gero, Karrantzako udal hauteskunde batzuetara aurkeztu nintzen; gure hautagaitzak irabazi zuen, baina beste biak batu ziren, eta oposizioan geratu ginen. Erabaki nuen Karrantzako Udalarentzat prest egotea, baina oposiziokoa nintzenez gero.... Eta esan nuen: «Zerbait egin behar dut». Leongo Albaitaritza Fakultatean, Euskal Herriko beste ikasle batzuekin euskara klaseak martxan jartzea lortu genuen. Ni orduan ez nintzen euskalduna. Karrantzara itzuli nintzenean ere euskara klase batzuk sortu genituen; klaseak jasotzen hasi nintzen, baina ez nuen jarraitu. Baina Bilbon, arratsaldea libre nuenean ingelesa eta euskara ikasten hasi nintzen, eta gero erabaki nuen batez ere euskara ikastea, Gabriel Aresti euskaltegian.
Ordurako, ama hilda zegoen; Bilbora 1980an etorri nintzen, eta 1981ean hil zen. Baserrian aldaketa sakona eragin zuen horrek, nire bizitzan ere bai... Aita alargun geratu zen, ez zen oso nagusia, oraindik ez zituen 60 urte ere. Baina amaren beharra zuen.
«Karrantza oso handia da, eta lekuaren arabera lur klase bat eta klima bat dago, eta nekazaritza ekoizpenak ez dira berdinak: Matienzokook, adibidez, zalke ekoizleak ginen»
Ama zen baserriko burua?
Ama zen familiako burua. Baserria eta familia gauza bera ziren, beste baserri askotan bezala. Ama desagertzea katarsi bat izan zen guztientzat, batez ere aitarentzat. Haren bizitzaren azken urteetan, baserriaren zentzua aldatu genuen, eremu batzuk herri lur bihurtu genituen, eta aita ganadu gutxirekin geratu zen. Gainera, ganadua ere aldatu genuen: piriniotarrak izan genituen ordutik aurrera. Behiek hor jarraitzen dute, baina gutxi ditugu orain.
Zuena ganadu baserria izan da, batez ere?
Bai, batez ere. Hasiera-hasieran ama esnea saltzera joaten zen Karrantza erdigunera. Amaren aldeko aitona hasi zen horrekin: esnea zentralera bidaltzen zuen. Gazte hil zen, eta amak jarraitu zuen lanarekin. Eta, horretaz aparte, baserrian ere lan egiten zuen, asko. Ez zituen behar guztiak egiten: adibidez, ez zen segalaria, eta hasieran ez zekien esnea jezten. Baina jezteko makina agertu zenean, amak jetzi ere egiten zuen. Alargundu eta gero, aita baserrian geratu zen, eta astean behin harengana joaten nintzen, asteazkenean.
Matienzokooi arvejeros deitzen ziguten: zalke ekoizleak. Karrantza oso handia da, eta lekuaren arabera lur klase bat eta klima bat dago, eta nekazaritza ekoizpenak ez dira berdinak: Matienzokook, adibidez, zalke ekoizleak ginen. Zalkea Kolon aurreko lekadun bat zen, gero indabak agertu ziren; baina nik gogoan dut garai hartan oraindik baba helduak, sikuak, jaten zirela. Baina batez ere indabak ziren eguneko menua. Eta Matienzon oso indaba onak ekoizten dira. Aldeacuevakoak, adibidez, patatero-ak ziren. Txikitan ez nuen garia ezagutu, eta institutura joaten hasi nintzenean ikusi nituen gari landak aurrenekoz beste auzokide batzuen lurretan. Gutxitan: azken ekoizpenak ziren. Baina Karrantzan, orokorrean, indabak izan dira erreferentziazko elikagaia. Etxean guztiok dakigu indabak kozinatzen; ia obligazio bat da guretzat. Ni bihar joango naiz Karrantzara, ea azken uzta konpontzen dudan. Agian datorren urtean ez dut jarraituko, nekatzen ari naiz eta...
Aurten, gainera, indaba uzta oso txarra izan da, ez?
Nirea ez. Oso txarra izan da, baina ez uste bezainbeste. Uste nuen ez zela ezer egongo.
«Orain asko entzuten da osasun bakarraren kontzeptua, baina guretzat ez da ezer berria: hori da guk defendatu izan duguna, baina ez izen horrekin»
Albaitari bat udal batean: zergatik da garrantzitsua?
Azken finean, albaitariok oso eginkizun inportantea dugu osasun publikoan. Adibidez, elikagaien azterketan. Baina hori betidanik gertatu da, hori da ziur aski gure egitekorik inportanteena. Bilbora etorri nintzenean, pentsatu nuen esnearekin lotutako lan bat emango zidatela. Baina ez. Buruak erabaki zuen udal merkatuetan eta Mercabilbaon jartzea, arrainen inspekzioa egiteko, batez ere.
Eta garai berean euskara ikastea erabaki zenuen.
Oposizioak gainditu nituenean, 1980an, euskarak jada bazuen rol txiki bat. Ikusi nuen serio ikasi behar nuela. Baina euskaldun izatea erabaki nuen ez bakarrik lan irtenbideetan pentsatuta. Etxean ez zegoen euskaldunik. Nire aitaren aldeko amonaren aita alargun geratu zen bera jaio zenean, XIX. mendearen amaieran, eta Bizkaiko gizarte programa batean sartu zuten; Bilbo inguruko harrera familia batean egon zen, eta Karrantzara bueltatu zenean, euskalduna zen. Baina oso gaztea zen: zeozer betiko geratu zitzaion, baina hitz solteak baino ez. Familiako guztiek bagenekien gure amona euskalduna zela etxera itzuli zenean —nik ez nuen ezagutu, gainera—: hori zen euskararekin genuen harreman bakarra. Baina beste adierazle batzuek erakusten zuten euskaldun moduan pentsatzen genuela; bertokoen moduan, euskararik eduki ez arren.
1988an, zerbitzuburu bilakatu zinen. Hortik aurrera ere osasun publikoari lotuta jarraitu zenuen?
Beti egon izan naiz osasun publikoari lotuta. Eta behin zuzendaria izanda, hori zen nire helbururik inportanteena. Ez zen nire asmoa ere Albaitarien Elkargoko presidente izatea, baina momentu jakin batean izugarrizko krisia izan zuten... Leku guztietan mezu bera eman dut: albaitariek osasun publikoan duten rola defendatu dut. Orain asko entzuten da osasun bakarraren kontzeptua, baina guretzat ez da ezer berria: hori da guk defendatu izan duguna, baina ez izen horrekin.
«Ni udalean hasi nintzenean, Bilbon nahiko arrunta zen salmonellagatik infekzioak egotea ezkontzetan, etxean, jatetxeetan... Orain askoz gutxiago dago»
Osasun publikoari dagokionez zer arazo egon ziren Bilbon garai hartan?
Albaitaritza ikuskaritza zentzumen lana da: ikusmena, usaimena eta entzumena ere erabili behar dituzu. Roberto Lotina zen Bizkaiko orduko aditurik inportanteena zizetan eta onddoetan; botikaria zen, Alde Zaharrean zeukan botika. Eta berak beti esaten zuen garrantzitsua zela entzutea zer zarata egiten zuten zizek. Beste proba batzuk ere egiten genituen. Konturatu nintzen ar batzuk agertzen ari zirela arrainetan, eta batzuk nahiko handiak ziren. Bat-batean, infekziorik inportanteena anisakisarena izaten hasi zen. Orduan ia-ia ez zen ezagutzen. Handik gutxira, hain agerikoa zen, jendea ja kezkatzen hasi baitzen, eta kontsumitzaileak ere konturatu ziren. Ordurako parasito horiekin lan egiten nuen jada, mikroskopioarekin aztertuta, irakurriz jakiteko zer gertatzen zen beste leku batzuetan, nolakoak ziren haren ziklo biologikoak... Eta doktore tesi bat egitea pentsatu nuen. Gure taldeak anisakisari buruzko artikulu zientifiko bat aurkeztu zuen Espainiako bi kongresutan. Hortik aurrera, gaia gehiago agertzen hasi zen. Garai hartan Bilboko albaitariak ginen hari buruz gehien genekienak, baina handik aurrera EHUko Farmazia Fakultatean sakonago ikasten hasi ziren. Horretaz aparte, arrainetan eta elikagaietan, orokorrean, arrisku asko daude, eta horiek kontrolatzea zen gure lana. Nire ardurekin, ezinezkoa zen laborategiko ikerketa egitea, eta azkenean Bizkaiko albaitaritzaren historiari buruz egin nuen doktore tesia.
Zer beste arazo egon dira?
Behi eroen gaitza, batez ere, izugarrizko arazoa izan zen, politika aldaketa baten ondorioz. Erresuma Batuan, politika publikoetarako askoz diru gutxiago erabiltzeko, [Margaret] Thatcherren gobernuak erabaki zuen aldatzea haragi hondakinak tratatzeko teknikak, eta prioiak agertu ziren, proteina kutsakor batzuk; entzefalopatia espongiformea eragiten dute. Erresuma Batutik etorritako proteina horren ondorioz, animalietan kasu askoz gehiago egon ziren, baita gizakietan ere.
Hori izan da zure ibilbideko arazorik larriena?
Tira, salmonellak ere ez dira nolanahikoak. Betidanik izan dira elikagai intoxikazioak. Ni udalean hasi nintzenean, Bilbon nahiko arrunta zen infekzioak egotea ezkontzetan, etxean, jatetxeetan... Orain askoz gutxiago dago. Europa osoan, eta Bilbon ere bai, hainbat estrategia erabili genituen: inspekzio prebentiboak, osasun hezkuntza eta enpresen erantzukizuna. Eta joan den mendeko 80ko hamarkadako bigarren partean eta 90ekoaren lehen partean, izugarrizko arazoa izan genuen Europa osoan, baita Espainiako Estatuan ere, beta agonistekin. Botika batzuk dira, eta giza medikuntzan eta okelaren ekoizpenean erabiltzen zituzten, baita kirol batzuetan ere; batez ere klenbuterola erabiltzen zuten.