Baionako bestetan, eremu biziki ttipian hegemonia dute Celine Dionen kantuek eta «Sangría» idatziriko pankartek. Horiekin batera, La goffa Lolita adi daiteke ostatu gehienen bozgorailuetarik, eta azpian jendea orroaz, goiz-goizetik. Bada baflearen soinua gainditzen duen musika tresna bat, ordea. Gaiteroen dianak pasatzean frantsesez bota oihuak isildu dira, eta txapel gorridunek Montaut plazara joateko bidea hartu dute, karrikan barna lerroan emanik.
Hain justu, aurten plaza horretan Gure Irratiak karpa eta txosna muntatu du lehen aldikotz. Hantxe dago Arantxa Idieder kazetaria, txosnaren irekiera goizaz kontent. «Lehen orenetarik jendea etorri da, eta, nahiz arazoak ukan ditugun, bikain doa irekiera eguna. Pozgarria da hainbeste jende ikustea». Duela hilabete bat apenas ukan zuten Herriko Etxearen baimena txosna plaza horretan emateko. Egitaraua azken momentuan lotu behar izan dutela kontatu du, eta, beraz, proposamen «xumea» plazaratu dute. «Goizero gosaria proposatzen diegu bestazaleei, eta, horrez gain, euskarazko animazioak eginen ditugu. Erraterako, karaokea eginen dugu arratsaldero». Gune lasaia izatea nahi du, besta gune bortitzaren erdian arnasgune bat izateko funtsean. «Euskararen arnasgunea da Montaut. Ez dugu hori egiten helburu ekonomikoarentzat bakarrik. Entzulearekin egoteko parada ere ematen digu horrelako leku batek, eta hori kristorena da».
Montaut plazan bertan sortu zen Dantzazpi, ondotik Karrikaldia izanen dena. Baiona Handian euskal kulturak haren lekua ukan dezan sortu zuten duela hogei urte. Ondotik, Jacques Porte plazan egonkortu zen euskal kantua eta euskal dantza. Egunero, eguerditik gauerdira, euskal kulturari lotu animazioak proposatzen dituzte bertan. Beñat Blazquez Karrikaldiaren antolatzailearen arabera, euskal kulturak merezi zuen lekua lortu du plaza horretan. «Euskarak batzen gaitu. Karrikaldiak jakin du euskara eta euskal kultura erdigunean ematen Baionako bestetara sartzeko gune ia-ia nagusian». Egun, Oroi bat, Ttunttuna, Ibaialde, Leinua eta Baionako Ikastolen Laguntzaileak elkarteek antolatzen dute plaza, eta aurtengo bestetan arratsaldez ere txertatu dituzte animazioak. U Txaranga ari da bazterrak inarrosten egun, eta horrela segituko dute igandera bitarte, zuzeneko musika proposatzen. «Historikoki Karrikaldia euskal dantzaren eta kantuaren hitzordua da. Guk nahi izan diogu beste zerbait ekarri, eta egungo testuinguruari egokitu dugu musika arratsaldez proposatuz», gehitu du.
«Euskarak batzen gaitu. Karrikaldiak jakin du euskara eta euskal kultura erdigunean ematen Baionako bestetara sartzeko gune ia-ia nagusian»
BEÑAT BLAZQUEZ Karrikaldiaren antolatzailea
Besten egungo testuinguruak badu bertze berritasun bat Jacques Porte plazako harresien gibelaldean. Mugimendu Sozialistak Poterne parkean txosna muntatu du aurten lehen aldikotz, eta eremua ireki berritan kontent agertu da Beñat Fernandez. Txosna emateko Herriko Etxearekin hainbat urtez borrokatu direla zehaztu du. Bestetan, bertzeak bertze, Mugimendu Sozialista ezagutarazteko baliatuko dute txosna. «Urte osoan politika egiten dugu, beraz, bestetan ere politika egiten dugu, gure burua ezagutarazteko, alternatiba ezagutarazteko». Funtsean, bi helburu beteko dituztela segurtatu du: urte osoko jardun politikoa diruztatzea eta «alternatiba sozialista» plazaratzea.

Besta eskuragarriago izatea ere nahi dute, eta beraz, prezio «onargarriak» dituztela kontatu du. Eta, kasualitatea bada ere, besta gunetik kanpo direnez, sartzeko eskumuturrekorik ez da beharko txosnara hurbiltzeko. «Kasualitatea izan da, baina, erdigunetik aparte gaudenez, ez da pagatu beharko txosna gorrira etortzeko; hori ere abantaila da, edariak prezio onargarrian izateaz gain», erran du.
Patxa, alternatibaren plaza
2008tik da Zizpa gaztetxearen txosna Patxa plazan. Gaztetxeko kide Eneka Barnetxek erran duenez, bestak «ongi» hasi dira. Orokorki jende franko hurbildu da, eta kontent agertu da aurtengo aldi honen hastapenaz. «Antolatzaile gisa momentuz kontent gara, jende anitz etorri da lehen egunetan, eta espero dugu horrela segituko duela».

Besta herrikoi, euskaldun eta transfeministak, horiek dira Patxa plazan proposatuko alternatibaren balioak. Gisa horretarako arnasguneak gero eta beharrezkoagoak iruditzen zaizkio Barnetxeri «faxismoaren gorakadari» aurre egiteko. «Faxismoaren igatea nonahi dugu, eta Baionako bestetan ere bai noski, ikusgarria da hori. Horren aurka egiteko, gure eredua antifaxismoan oinarritzen da, besten eredu kontsumista eta kapitalistari aurre eginez».
«Faxismoaren igatea nonahi dugu, eta Baionako bestetan ere bai noski, ikusgarria da hori. Horren aurka egiteko, gure eredua antifaxismoan oinarritzen da, besten eredu kontsumista eta kapitalistari aurre eginez»
ENEKA BARNETXE Zizpa gaztetxeko kidea
Plazaren txoko batean dago Itxaro Borda idazlea, bertso saioa finitu berritan lagunekin solasean. Besta alternatiboen sarea lehen baino «orotarikoagoa» dela nabarmendu du, eta leku guzietarik pasatzen dela erran. Besten denboran, Karrikalditik, Txalapartatik, Züzülütik, Patxatik, eta Laborarien Txokotik iragaten da gehien «orotariko Baiona» ikusteko. «Gune alternatibo bakoitzak badu zerbait ekartzeko. Denak beharrezkoak dira, eta ni denetarik pasatzen naiz Baionako besten hainbat aurpegi dastatzeko», erran du.