Altunak, Minerrek eta Sarriugartek irabazi dute Martin Ugalde beka

Dokumental bat egingo dute 'Egunkaria'-k eta BERRIAk genero gaietan izandako eraginaz

Danele Sarriugarte, Kattalin Miner eta Maddi Altuna, atzo, Martin Ugalde beka jasotzen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Andoain
2017ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Euskaldunon Egunkaria-k eta BERRIAk genero gaietan zer eragin izan duten ikertzeko, Martin Ugalde bekaren deialdia egin zuten maiatzean BERRIA fundazioak, Elkar fundazioak, Jakinek eta Martin Ugalde kultur parkeak. Bost proiektu aurkeztu dituzte —epaimahaiaren arabera, guztiak maila onekoak—, eta irabazleak Danele Sarriugarte Mochales, Kattalin Miner Perez eta Maddi Altuna Galfarsoro ikerlariak izan dira. Ainara Ugaldek —Martin Ugalde familiaren izenean— atzo eman zien beka, Andoainen (Gipuzkoa), kultur parkean.

Irabazleek urte bateko epea dute lan amaitua antolatzaileei bidaltzeko. Minerrek azaldu duenez, hiru ardatz izango ditu haien ikerketak: «Batetik, genero ikuspegiak egunkariotan izandako ibilbidea aztertuko dugu kazetaritza ikuspegitik eta genero gaien trataeragatik. Azpimarra berezia egingo dugu irakurleengan izan duen eraginean». Minerren iritziz, BERRIAk lan berezia egin du lanketa feminista gizarteratzen. «Halaber, mugimendu feministak eta beste hartzaile batzuek bilakaera hori nola ikusi duten aztertuko dugu».

Ikus-entzunezko lan batean bilduko dute ikerketa. «Xedeetako bat da eginiko gogoetak zabaltzea, eta, gaur egun, ikus-entzunezkoak aukera handiagoa ematen digu», azaldu du Minerrek hiru ikerlarien izenean.

Ikerketan garrantzi berezia emango diote indarkeria matxistaren trataerari. «Ikusi dugu BERRIA erreferentea izan dela trataeran eta baita ematen zaion garrantzian ere. Lehenengoak dira indarkeria matxistarekin lotura duten albisteak argitaratzen, eta kode deontologiko feminista bati jarraitzen diote, gainera».

Epaimahaiaren arabera, irabazleek proiektu «landu» eta «eragingarria» aurkeztu dute, «egin daitekeenera egokitua». «Egileen aldetik lehen kokapen bat ikusten da, jada ezaguna duten errealitate bat lantzera doan proiektua aurkeztu dute, urrats bat aurrera egin eta, aztertzeaz gain, eragitea ere asmo duena». Proposatzen duen dokumentazioa ugaria eta askotarikoa dela gaineratu du epaimahaiak: «Aztertuko diren egunkarien hemerotekak, Interneteko mugimendu eta sare sozialen ikerketak, Egunkaria eta BERRIAko langile, protagonista eta adituekin egindako elkarrizketak, eta mugimendu feministako, komunikazioko eta ikerketa feministetako adituei egindako elkarrizketak».

Begira batzordea

Beka emateko ekitaldian, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendariak eta Maite Asensio BERRIAko kazetariak parte hartu zuten. Landaidak Begira batzordearen berri eman zuen: «Emaitza batzuk lortu ditugu. Horien artean, Publizitate eta Komunikazio Ez-Sexistarako Kode Deontologikoa eta Autoerregulaziokoa». Asensioren iritziz, «aberasgarria» izan da kode hori beste hedabideetako kazetariekin lantzea: «Harro sentiarazten nau ikusteak BERRIAren estilo liburuan jada ageri direla kode deontologikoaren puntu gehienak». Landaidak gaineratu zuen hurrengo erronka komunikabideen sare bat sortzea izango dela. «Formakuntza saioekin ere ari gara hedabideetan eta agentziatan». Barandiaranek aipatu zuen 2015ean sortu zutela Hekimenen berdintasun batzordea, eta transmisio lana nabarmendu zuen.

Bideoa: Beka emateko ekitaldia (Julen Aperribai / BerriaTB).

[youtube]https://youtu.be/vJpy5YbgH80[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.