Ali Babak ez du kobazuloan sartu beharrik: Irungo (Gipuzkoa) Gordailuan sartzea besterik ez du zur eta lur geratzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroak altxor kultural, artistiko, etnografiko eta arkeologiko asko zaintzen ditu: aldundiaren ondare bildumak, Donostiako San Telmo museoaren ondasunak, eta baita hainbat erakunde publiko eta pribaturenak ere. Etnografiako piezetan eta artelanetan 100.000 ale baino gehiago dituzte, eta pieza arkeologiko eta paleontologikoak 12.000 kaxatan baino gehiagotan dituzte gordeak.Â
Horretarako lekua behar da, eta badaukate; 3.000 metro koadro baino gehiagoko eraikina dute, hiru solairutan banatuta, eta material eta zeregin bakoitzaren arabera bereizita: pieza pisutsuenak behean, arinenak goian, tenperatura eta hezetasun jakin bat material organikoentzat, bestelakoa harrizko edota metalezkoentzat... Dena fin-fin neurtuta eta antolatuta daukate ondarea ahal bezain ondo zaintzeko, eta baldintza egokietan zaharberritu ahal izateko, bestela ezin baita ondarea babestu. Hori bai: sute bat, uholde bat, sukoien leherketa bat edo intrusioren bat gertatzen bada, zer? Horrelako balioa duten piezak gordetzen dituzten eraikinetan larrialdiren bat gerta liteke, eta ezinbestekoa da halakoei aurrea hartzea —sute bat edo uholdeak gertatuz gero, ezin da inprobisatu, ezta berrogei lapurren aurrean ere—, eta Gordailuan badute xeheki ondutako plan bat.
Sesamo, ireki zaitez! esan beharrik ez zen egon joan den ostiralean Gordailuan sartzeko. Ondarearen Europako Jardunaldien harira, ondarea larrialdi egoeretan nola babestu behar den azaldu zuten Maider Larrañagak —Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako Planifikazio Zerbitzuko teknikariak—, Irene Cardabak —Gordailuko Ondare Historiko-Artistikoko Bildumetako eta Museoetako zerbitzuburuak— eta Koldo Ferreresek —Gipuzkoako Foru Aldundiko Su Itzaltze eta Salbamenduko Zerbitzuko Prebentzio Operatiboko ofizialak—. Izen luzeko karguak dituzte, eta luzea izan zen hitzaldia, baina hirurek argi utzi zuten larrialdiei aurrea hartzea dela gakoa beti: baita ondarearekin ere.

«Garrantzitsuena babes plan bat izatea da: ondarearen babesa aurrez planifikatzea, eta aurrea ahalik eta gehien hartzea», nabarmendu zuen Larrañagak; larrialdiren bat gertatu baino lehen egin beharreko prebentzioa funtsezkoa dela azaldu zuen, alegia. Hain zuzen, Gordailuko Bildumen Babes Plana zertan datzan azaltzen aritu zen Cardaba jarraian. Lehenik, arriskuak aztertu zituzten, inguruari, eraikinari berari, pertsonalari eta bildumen ezaugarriei erreparatuta. Arrisku hauek identifikatu zituzten, adibidez: suteak, sukoien leherketa, uholdeak eta intrusioa. Horiek gertatzeko probabilitatea, haien larritasuna eta erantzuteko duten gaitasuna aztertu zituzten, eta horren arabera prestatu zuten plana, prebentzioari garrantzia emanda. «Arriskuak murrizteko neurriek dirua balio dute, baina berreskuratzea prebenitzea baino askoz garestiagoa da».
«Arriskuak murrizteko neurriek dirua balio dute, baina berreskuratzea prebenitzea baino askoz garestiagoa da»
IRENE CARDABA Gordailuko bildumetako zerbitzuburua
Arriskuak ezagutzen dituzte. Eta larrialdi egoera bati nola erantzun behar diote? «Alarmak jotzen duenean, denok kalera atera behar dugu, eta, suhiltzaileek zentroaren egoera egonkortzen dutenean, plana martxan jarriko da, barruan dagoen ondarea berreskuratu ahal izateko», azaldu zuen Cardabak. Nork, zer eta noiz egin idatzita daukate, eta objektuen ondare balioa neurtuta ere bai: balio gehien duten objektuak zein diren adierazten duen fitxa bat dute. Ondorioz, sute bat piztuz gero suhiltzaileek zer salbatu erabaki behar badute, fitxa horretan aurkituko dute lehenetsi beharrekoa.
Zer lehenetsi
Hor, ordea, galdera ia filosofiko bat sortzen da: zerk zehazten du zenbat balio duen ondarearen objektu batek? «Zer piezak duen lehentasuna erabakitzeko orduan, balio ekonomikoa ez ezik, beste irizpide batzuk ere kontuan hartzen dira: ea esanguratsua den gizartearentzat, antzinatasuna, ea tipologia horretako bakarra den, nola dokumentatuta dagoen... Hainbat irizpide daude», zehaztu zuen Cardabak. Hori bai: ezin dute esan zein diren objektu jakin horiek, «segurtasun arrazoiak direla eta».Â
Ferreresek kontatu zuen suhiltzaileek artelanak nola manipulatu ere ikasi dutela, Gordailuan edo halako edozein eraikinetan sartuz gero nola jardun jakiteko. «Jakin behar dugu nora goazen. Esaten badigute eraikin batean sute bat dagoela, baina jende guztia kanpoan dagoela, lasaiago ibil gaitezke. Baldin badakigu eraikin hori Gordailua dela, ez gara lasai joango, beste hainbat gauza babestu behar ditugulako».