Alzheimerra: garuneko gaitz isila

Memoria eta orientazioa galtzea eta hitz egiteko arazoak izatea; horiek dira alzheimerraren sintometako batzuk. Oraingoz, sendagai eraginkorrik ez dago, baina ikerlariak garunean dauden zelula jakin batzuk ikertzen hasi dira: astrozitoak.

Ezkerrean, Alzheimerren gaitzik gabeko garuna; eskuinean, berriz, alzheimerra duen garuna. MAITE SOLASEK UTZITAKOA
Ezkerrean, Alzheimerren gaitzik gabeko garuna; eskuinean, berriz, alzheimerra duen garuna. MAITE SOLASEK UTZITAKOA
itsaso jauregi 2
2026ko maiatzaren 16a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alzheimerren gaitza da dementzia kausarik ohikoena. Gaixotasun neurodegeneratiboa da, eta narriadura kognitibo progresiboa eragiten du: eguneroko jarduerak normal egitea zailtzen du. Gaixotasunak luze iraun ohi du; gehienetan, lau eta zortzi urte artean. Alzheimerra dutenek sintoma kognitiboak gara ditzakete, eta horietako batzuk dira: oroimena galtzea, hitz egiteko arazoak izatea, zeregin sinpleak egiteko zailtasunak izatea, denboran eta espazioan orientazioa galtzea, jokabideak aldatzea eta arreta galtzea. Oraingoz, ez dago patologia hori senda dezakeen tratamendu eraginkorrik, baina zientzialariek garuna ikertzen jarraitzen dute.

43.700 pertsonak baino gehiagok dute alzheimerra Hego Euskal Herrian. Gainera, datu zehatzik ez dagoen arren, adituek ohartarazi dute gaixotasun horren intzidentzia handitzen ari dela. Salvador Macip Pascual Maragall fundazioko ikertzailea eta UOCeko Osasun Zientzien Ikerketen zuzendaria gaixotasunaren tratamendua lortzeko lanean ari da, baina oraindik oso ezezaguna dela azaldu du: «Ulertzen hasi garen gaixotasuna da Alzheimerren gaitza; oraindik ez dakigu asko. Gure eremuan esaten dugu minbizia duela 30 urte zegoen bezala gaudela gu gaur egun».

«Alzheimerren gaitza duen garunean zahartze goiztiarra ikusten dugu. Horretaz ohartzeak bide terapeutiko berriak irekitzen dizkigu, beste esku hartze batzuk egiteko aukera» 

SALVADOR MACIP Pascual Maragall fundazioko ikertzailea

Giza garunak milaka milioi neurona ditu. Neuronak zelula espezializatuak dira, informazioa seinale elektrikoen eta kimikoen bidez prozesatzen eta transmititzen dutenak. Zelula horiek mezuak bidaltzen dituzte garuneko atalen artean, baita gorputzeko muskulu eta organoetara ere. Alzheimerren gaixotasunean, neuronen arteko komunikazioa eten egiten da: neurona askok behar bezala funtzionatzeari uzten diote, eta denborarekin hil egiten dira. Prozesu konplexu hori ikertzen dute Pascual Maragall fundazioan, baina Macipek oraindik erantzunik gabeko galdera «asko» ditu: «Alderdi molekularra pixka bat ezagutzea falta zaigu. Zergatik gertatzen da? Zergatik hiltzen dira neuronak proteina pilaketa horren ondorioz?».

Hala ere, Maite Solas Nafarroako Unibertsitateko ikerlariak azaldu duenez, garuneko zelula guztiak ez dira hipermetaboliko bihurtzen: «Planteatzen dugun beste iraultza bat da garunean, neuronez gain, beste zelula batzuk daudela, glia deitzen direnak. Glia horien artean astrozitoak daude. Proposatzen duguna zera da: hasierako etapa horietan garuneko eraso hori benetan sentitzen duten lehenengoak astrozitoak direla». Glia zelulek funtsezko zeregina dute neuronen mantentze lanetan, euskarrian eta babesean, eta horien artean astrozitoak daude, neuronak elikatuz. «Horrek aldatzen du paradigma guztia. Ez da neuronen istorio bat, baizik eta astrozitoena», gehitu du Solasek.

Astrozitoen atzetik

Orain arte astrozitoak alzheimerren gaitzaren begirale gisa hartzen ziren, baina «gaixotasunaren oinarria» izan daitezkeela argudiatu du Macipek: «Alzheimerren gaitza landare bat bezalakoa da; hazi egin behar du nonbait. Eta hazten ari den lur honi begiratzen hasi gara». Garuna aztertzea ez da erraza, eta Alzheimerren gaitza gizakiek baino ez dute. 

Beraz, ikerlariek zelulak hartu, laborategiko kultibo batean jarri, eta nola zahartzen diren ikusten dute. Solasek sagu transgenikoekin egiten du lan, eta horiek moldatu ditu Alzheimerren gaitza izan dezaten. Bederatzi hilabete igaro eta gero, gaixotasunaren sintoma berdinak garatuko dituzte sagu horiek. «Horrela, sintomatologia ez duten hilabete horietan haien garuna ikertzeko aukera dugu, hasierako etapa horiek gehiago ezagutzeko», adierazi du Solasek.

«Sinesmen ohikoenetakoa da Alzheimerren gaitza genetikoa dela. Oso gutxik dute osagarri genetikoa, gaixoen %1-5ek» 

MAITE SOLAS Nafarroako Unibertsitateko ikerlaria

Nahiko ezezaguna da sintomak agertzen ez diren etapa. Izan ere, gaur egun diagnostikoa berandu egiten da, gaixoa sintomak dituenean bakarrik joaten delako neurologoarengana. «Behin sintomak agertzen direnean, ez gaude gaixotasunaren hasierako etapa horietan», argitu du Solasek. Seinale horiek biomarkatzaileak aurkituz antzeman daitezke, odolean edo likido zefalorrakideoan dagoen molekula mota bat baita. Molekula horiek informazio garrantzitsua ematen diete ikertzaileei, hala nola garunaren zahartze maila. «Alzheimerren gaitza duen garunean zahartze goiztiarra ikusten dugu. Horretaz ohartzeak bide terapeutiko berriak irekitzen dizkigu», argitu du Macipek.

Asmoa izango litzateke sintomak ez dauden garaian Alzheimerren gaitza odolean detektatzea, diagnostiko oso goiztiarra eduki ahal izatea. «Gaitza geldituko dugu diagnostikoa oso goiz egiteko gai garenean», laburbildu du Solasek. Hori lortzeko saiakerak egin dituzte, eta horren adibide da Mindsens proiektua Alzheimerren gaitza detektatzeko garatzen ari den gailua, gaixoen odolaren bitartez diagnosia egiteko aukera ematen duena. Biomarkatzaile jakin batzuk bilatzen ditu tresnak, Alzheimerren gaitza ez duten pertsonen artean urriak direnak. Baina modelo hori ez dute aurkeztu oraingoz, eta definitu beharko litzateke zeintzuk diren patologiarekin lotzen diren biomarkatzaileak.

Mitoak apurtuz

Alzheimerren gaitzaren inguruan asko hitz egiten denez, badira «barneratuta» dauden «gezur batzuk», Solasen hitzetan. Mito horietako batzuk egiazkoak dira, ordea. Adibidez, gaitza zahartzaroarekin lotzen da, eta, Macipek aipatu duenez, gaixotasunean zahartze mekanismoekin lotura «handia» duten hainbat mekanismo daude inplikatuta. «Ez dago Alzheimerren gaitza duen jende gazterik», gehitu du Solasek.

Baina ahoz aho igaro diren zurrumurru batzuk egiarekin nahasi dira. «Sinesmen ohikoenetakoa da Alzheimerren gaitza genetikoa dela. Oso gutxik dute osagarri genetikoa, gaixoen %1-5ek», argitu du Solasek. Pertsona batek Alzheimerren gaitza izan badu, ez du esan nahi ondorengoak gaixotasun hori izango duenik. Solasek ere azpimarratu nahi izan du gaixotasun isila dela; hau da, gaixotasuna ez dela hasten sintomak agertzen direnean. Diagnostikoa ezagutu bezain pronto izan daitekeen erantzuna aldatu nahiko luke Macipek: «Jendeak uste du ezin dela deus ere egin Alzheimerra diagnostikatzen badizute. Egia da ezin dela sendatu, baina gauza asko egin daitezke hobetzen saiatzeko. Beraz, arazo kognitiboren bat sumatzean, medikuarengana jo behar da lehenbailehen, bizi kalitatea ahalik eta gehien hobetzeko planak diseinatzeko».

Harreman «oso argia» dago Alzheimerren gaitzaren arriskuaren eta garuneko jardueraren artean, Macipek azaldu duenez; mentalki aktibo mantentzea, elikadura zaintzea, gehiegi ez estresatzea, kirola egitea eta drogak ez kontsumitzea lagungarri izan daitezke. Baina oraindik ez dago argi zer konbinazio izan behar den gaixotasuna ez garatzeko; ez dago konbinazio bakar bat. Solasen esanetan, adina da errepikatzen den faktore bakarra: «Baina adinarekin ezin dugu jokatu. Orduan, faktore bat oso argi dugu, eragin handia du, baina ezin diogu erasorik egin, eta ezin dugu ez aldatu eta ez moteldu».

Goiz diagnostikatuta, tratamenduak garatzeko aukera ikusten du Macipek: «Uste dut laster ezagutuko ditugula Alzheimerren gaitzaren aurkako botika espezifikoak, gero eta eragin handiagoa izango dutenak. Gaixotasuna oso konplexua da, eta, agian, oraingoz ezingo da sendatu botika horiekin, baina prozesua geldiarazi ahalko da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA