ana galarraga aiestaran
Elhuyar zientzia

Adimen artifizialaren iruditeria

2024ko maiatzaren 24a
05:00
Entzun

Adituek ohartarazi dutenez, irudiak sortzeko adimen artifizialeko programek estereotipoak indartzeko joera dute eta diskriminatzaileak dira. Izan ere, aurretik egindako irudiez elikatzen dira, eta irudi horiek alborapenak izaten dituzte. Pertsonak, adibidez, zuriak izaten dira, gorputz normatiboak dituzte, adin ertainekoak izaten dira, eta, emakumeen kasuan bereziki, sexualizatuta agertzen dira. Horrelakoak dira sareak betetzen dituzten argazkiak. Horietatik abiatuta sortzen dituzte adimen artifizialeko programek beren irudiak, eta emaitza hasieran aipatutakoa da: lehendik zeudenak baino are estereotipatuagoak dira, eta errealitatearen zati are txikiagoa ordezkatzen dute.

Adimen artifizialeko programek sortzen dituzten irudiak alde batera utzita, zer itxura du adimen artifizialak berak? Nola irudikatzen dute, eta, beraz, dugu, teknologia hori? Horri erantzuteko egin dituzten azterketetan, ikusi dute adimen artifizialari buruzko iruditeria, estereotipatua ez ezik, faltsua eta arriskutsua ere badela.

Edozein bilatzailetan edo irudi-bankutan Ā«adimen artifizialĀ» bilatuz gero, bi eratako irudiak agertzen dira nagusiki: androide bat, hau da, gizaki itxura duen robota; eta garun artifizial bat, argiztatuta, izpiak igortzen edo txipen zirkuituak agerian dituela. Biak ere erabat irrealak dira, eta uste okerrak sorrarazten dituzte.

Androideak, gehienetan, gizon itxura du, gorputz ideala (gihartsua, bular zabala, eta sabel leuna) eta keinu harroa eta agresiboa. Erabat autonomoa dela irudikatzen du; alegia, ez duela pertsonen beharrik. Are gehiago, haien gainetik dagoela ematen du aditzera. Azala zuria edo metalikoa du, begi urdin edo distiratsuak.

Hori guztia kontuan hartuta, adituek iritzi diote guztiahalduna dela eta gizakiak ez duela haren gaineko ardurarik sinetsarazten duela. Gizakia ordezka dezakeen ideia ere sustatzen du. Gainera, arrazista da, eta sexista: emakume itxura duten androideak sexualizatuta ageri dira (bular handiak eta gerri estua).

Garuna oinarri duten irudiek ere antzeko kontzeptuak iradokitzen dituzte: gaitasun mugagabea, autonomia, objektibotasuna... Zuriaz eta metalikoaz gain, urdina gailendu ohi da: maskulinitatearekin, seriotasunarekin eta neutraltasunarekin lotutako kolorea.

Errealitateak, ordea, zerikusi gutxi du iruditeria horrekin. Adimen artifizialeko sistemak askotarikoak dira, eta oso konplexuak, baina ez dira ahalguztidunak; aitzitik, mugak, akatsak eta arazoak dituzte. Eta, noski, pertsonek kontrolatzen dituzte. Hor dago, adituen esanetan, iruditeria faltsu horren arriskuetako bat: ardura sistemak duela sinetsarazten dute, ez pertsonek; horrela, haien sortzaileen edo erabiltzaileen erantzukizuna ezkutatzen dute.

Horri guztiari aurre egiteko, zenbait egitasmo sortu dira; esaterako, Better images of AI (Adimen artifizialeko irudi hobeak). Proiektu horretan, ehun ingeniari, artista, etikan aditu eta soziologo elkarrekin lanean aritu dira, iruditeria errealista, etiko, inklusibo eta arduratsuagoa eskaintzeko asmoz, eta emaitza denen eskura jarri dute, izen bereko webgunean. CC lizentziapean edonork erabil ditzakeen irudiak ez ezik, gida bat ere argitaratu dute, irudien erabilera egokirako gomendioekin. Hauek dira irizpide nagusiak: zintzotasuna, gizatasuna, beharra eta zehaztasuna. Ez dira txarrak beste edozein gaitarako ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.