Irudimenaren krisia bizitzen ari gara. Etorkizuneko hiriak nolakoak izanen diren proiektatzen dugunean, utopia berdeetara jotzen dugu, teknologiak menderatutako etorkizunetara edo eszenatoki katastrofikoetara: zinematik eta literaturatik jada ezagutzen ditugun irudietara. Baina zer bertze aukera irudika dezakegu? Zergatik pentsatzen dugu teknologian, eraikinetan edo azpiegituran hiri haietan biziko diren pertsonetan baino lehenago?
Imajina dezagun kale bat: itzalean dago, eta adineko pertsona batzuk daude bankuetan. Hitz egiten dute, barre egiten dute, eta konpainia egiten diote elkarri. Handik metro gutxira, haurrak daude klarionekin lurra margotzen, lasterka egiten, eta patinekin jolasten. Gurasoek ez dituzte zaintzen edozein unetan auto bat agertzea espero duenaren tentsioarekin. Eseri daitezke, hitz egin, eta beren seme-alabei jolasten utzi. Kaletik hainbat gazte talde igarotzen dira. Pertsona batzuk solastatzera gelditzen dira. Inork ez du presarik espazioa gurutzatzeko: ez da igarobide bat, gauzak gertatzen diren leku bat baizik. Zuhaitzak, itzala, aire garbia, eta zarata gutxiago dago. Gorputza berriz ere hiriaren parte da. Ez al luke horrek ere etorkizunaren irudia izan behar?
Horrekin bi ideia transmititu nahi ditut. Batetik, hori klima aldaketara egokitzea dela. Egokitzapena ez da soilik bero boladei edo uholdeei erantzuteko prozesu teknikoa; gure hiriak atseginago, bidezkoago, bizigarriago, eta osasungarriago bihurtzeko gai den gizarte prozesua da.
Bertzetik, irudimenaren krisi honi aurre egiteko, bertze era batera pentsatzea ahalbidetuko diguten tresnak behar ditugula. Arteak lagun diezaguke gure ortzi mugak zabaltzen, gure emozioekin konektatzen, eta hizkuntzaren bidez nekez lortuko genituzkeen ideiak arakatzen. Marrazki batek hitzez adieraztea zaila dena adieraz dezake; kolore batek aldartea erakuts dezake; argazki batek leku bat ulertzeko modu berriak azaleratu ditzake.
Gainera, ezagutza ekoizteko metodo sortzaileek eguneroko jakintzak, bertakoak, eta esperientzian oinarritutakoak txertatzeko aukera ematen dute. Botere demokratizatzailea dute: tresna partekatuak eskaintzen dituzte, arrazoitzeko, eta argudiatzeko ohiko moduak lehenesten ez dituztenak.
Beharbada, hori da behar duguna: imajinatzeko tresna berriak. Izan ere, bertze hiri batzuk imajinatzeko gai ez bagara, nekez eraiki ahal izanen ditugu.