gaizka izagirre
Telesailak

Ate zaharrak zabaltzen direnekoa

2026ko apirilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskarazko telesailen historian barrena begirada pausatuz gero, ikuslea erraz ohartuko da sortzaileek ez dutela sarritan jo genero jakinen lurralde sakonetara. 2006an, Balbemendi iritsi zen, oroimen kolektiboan oraindik dirdira egiten duen misteriozko proposamena, bere garaian berritasunaren usaina zeriona. Aurretik komedia, drama eta tonu arineko istorioak izan ziren nagusi; hala ere, azken urteotan Hondar Ahoak, Zeru Ahoak eta Desagertuta lanek ilunperantz ireki dute bidea, ikuslea thrillerraren lurraldean murgilduz. Aurten, Argi Gorriak telesailak ere kolore propioz tindatu du paisaia. Eta orain, Amancay Gaztañagaren eta Xanti Rodriguezen eskutik, Piztiak iritsiko da, laino artean bezala, euskal pantaila txikian naturaz gaindikoaren eta beldurraren ateak lehen aldiz zabalduz.

Piztiak sei ataletan hedatuko da, generoaren hariak fin-fin josiz. Pertsonaia ugari ageri diren arren, emakumeak izango dira narrazioaren bihotza, taupada nagusia. Karmen da ardatza (Iraia Elias): espirituetan sinisten ez duen emakume bat, nahiz eta bere sustraiak dituen baserria urte luzez sineskerien eta mamu istorioen lainopean bizi izan den. Asteburuetako alokairuen bidez etxea biziberritzen saiatzen denean, Ekiñek —iloba gazteak— ganbaran topatuko duen kutxa batek iraganaren ate zaharrak zabalduko ditu. Hortik aurrera, oroimenaren harriak mugitzen hasiko dira, eta Lumazulo baserrira joango diren bisitariek —bakoitza bere sekretu eta zauriekin— puzzle isil baten piezak ekarriko dituzte. Atalez atal, etxeak berak arnasa hartuko du, presentzia «ikusezin» baten itzalpean.

'Piztiak' telesailaren fotograma bat.
'Piztiak' telesailaren fotograma bat. PRIMERAN

Errealismo magikoaren laino leuna, ironiaren ziztada fina eta komedia beltzaren irribarre mingotsa uztartuko ditu telesailak. Hasieratik agerian geratuko da pertsonaien alde basatia, askea eta kontraesanez betea. Eta, azaletik igarota ere, kontakizunak bere baitan gai sakonak daramatza: emakumeen aurkako indarkeria, abortu ilegalak, tradizioen pisua, belaunaldiz belaunaldiko dolu arrakala... Atal laburrak izan arren, barrutik ernatzen diren sustraiak sakonak dira.

Hasierako atalean, nahiz eta zenbait unetan sinesgarritasunaren hari mehea gehiegi tenkatu, aktore hasiberriek duintasunez eusten diote erronkari; Lorea Alberdiren lana da, akaso, nabarmenena. Hala ere, Iñigo Aranbarri eta bereziki Iraia Elias agertzen direnean, irudiak bestelako argi batez bustiko dira; dena sakonagoa, egiazkoagoa bihurtuko da. Gauza bera gertatzen da Yune Nogueiras, Olatz Ganboa, Xabier Jabato, Urko Redondo, Erika Olaizola, Miren Gaztañaga, Zorion Egileor, Sambou Diaby eta Xanti Agirrezabala aktoreak agertzen direnean; presentzia bakoitzak bere pisua erantsiko dio istorioari.

'Piztiak' telesailaren fotograma bat. PRIMERAN
'Piztiak' telesailaren fotograma bat. PRIMERAN

Une esanguratsuak oparituko dizkio telesailak ikusleari; Karmenen eta Ekiñeren artean sukalde zaharrean gertatzen den lehen elkarrizketa da horietako bat. Bikaina da formalki —etxearen hormek fisikoki bananduta, baina gero narrazioak berriz elkartuta— eta egituraz nola eraikita dagoen. Yune Nogueiras protagonista duen atala ere oso berezia da.

Forma aipatuta, protagonisten elkarrizketa askotan plano finkoak ageri dira, gustu handiz konposatu eta argiztatutako uneekin batera. Hala ere, ikuslearen arreta bereganatuko dutenak mugimendu planoak izango dira. Une horietan, kamerak arnasa hartu eta ikuslea berekin batera eramango du. Istorioan eta atmosferan erabat murgiltzeko ezinbestekoak diren drone bidezko irudi ikusgarriak ageri dira zenbaitetan, baina badira uneak non kamera bera bihurtzen den hiztun, non bere mugimenduek kontatzen duten ezin esan daitekeena.

Laugarren atalean, adibidez, bazkari giroan hasiko den eszena batean, Sambou Diabyren pertsonaia mahaitik altxatzen den unean, kamerak atzetik jarraituko dio etenik gabeko sekuentzia bakarrean. Ikusleak, haren urratsekin batera, sukaldean gordetzen den egia deskubrituko du. Eta orduan, atzerantz egingo duen kameraren keinu geldo horretan, leihoaren bestaldetik agertuko da Olatz Ganboaren pertsonaia: isilean, geldi, baina begirada guztia bereganatzeko indarrarekin. Une horretan, irudiak berak hitz egingo du, eta bere soiltasunean, sakonki iltzatuko da.

'Piztiak' telesailaren fotograma bat. PRIMERAN
'Piztiak' telesailaren fotograma bat. PRIMERAN

Baina telesailak ez du bere nortasuna mugimenduaren lilura hutsean eraikiko. Bosgarren atalean, plano finko eta zenital batean, ia bost minutu irauten duen une batean, denbora gelditu egingo da. Iñigo Aranbarri eta Iraia Elias lurrean eta ohean etzanda ageri dira, arnasa partekatzen duten isiltasun batean. Ez dago presarik, ez dago zaratarik, eta horretan datza une horren handitasuna.

Baina bada dena isilpean zeharkatuko duen hari fin bat, ukiezina: atmosfera. Airean dabilen presentzia, ikuslearen azalaren azpian itsatsiko dena. Holy Fire Studio-ren hasierako tituluen animazio bikainak atari gisa zabalduko du bidea, ate bat balitz bezala, eta lehen irudietatik bertatik gonbidatuko du ikuslea barrura, tonu berezi horretan murgiltzera. Eta orduantxe, ia oharkabean, ikuslea beste arima bat hasiko da arnasten: musika.

Eñaut Gaztañagaren eta Alejo Orbegozoren soinu banda hipnotiko eta iraunkorrak irudiak lotuko ditu. Melodia horietan bada misteriozko telesail nordikoen oihartzunik, baina baita zerbait propioa ere, lur honetatik bertatik ernetakoa.

Generoari egindako hurbilketan, noizbehinka sumatzen da Paul Urkijoren unibertsoaren itzal arina, batez ere efektu fisikoen erabileran eta erabaki teknikoen ausardian. Badira efektu digital batzuk (VFX) agian guztiz leundu gabeak, ez oso finak, baina testuingurua eta aurrekontua kontuan hartuta, lortutakoa ia mirari baten parekoa da.

'Piztiak' telesailaren fotograma bat. PRIMERAN
'Piztiak' telesailaren fotograma bat. PRIMERAN

Oro har, nortasun handiko telesaila da, eta oso ongi funtzionatzen du. Egia da tarteka ahulxeagoak diren atalak daudela, azpitrama batzuk ez daudela behar bezain sendo ehunduta, eta zenbait pertsonaiaren bilakaerak edo ekintzek ez dutela erabateko itxierarik lortzen. Baina, amaierara iristean, obraren izaera bereziak guztia bereganatuko du, eta haren bertuteek akatsek baino ozenago hitz egingo dute.

Apustua ausarta zen, arriskutsua, baina Gaztañagak eta Rodriguezek irmo eutsi diote amildegiaren ertzean. Nazioarteko erreferentzietan ikusitako estilo eta tonu horiek Euskal Herrian ere egin daitezkeela erakutsi dute, eta hor dago, beharbada, lanaren baliorik handiena. Agian, gauzarik esanguratsuena hauxe da: laburregia da. Bere baitan arnasa luzeagoa eskatzen duen istorio baten zantzuak sumatzen dira, potentzial handia duen unibertso baten arrastoak. Sakontasun handiagoarekin eta baliabide gehiagorekin, maila goreneko telesaila izan zitekeen.

Akatsak gorabehera, begirada berezia, berria eta freskoa eskaintzen duen fikzio bat da.

'PIZTIAK'

  • Sortzaileak. Amancay Gaztañaga eta Xanti Rodriguez.
  • Herrialdea. Euskal Herria.
  • Urtea. 2026.
  • Aktoreak. Iraia Elias, Iñigo Aranbarri, Yune Nogueiras, Olatz Ganboa, Xabier Jabato, Urko Redondo, Erika Olaizola, Miren Gaztañaga, Zorion Egileor, Sambou Diaby eta Xanti Agirrezabala.
  • Non ikusi. Primeran.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 25-30 minutu.
  • Generoa. Beldurra, drama, naturaz gaindiko suspensea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA